7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Pantailak eta azala


Pantailei begira edo pantailetan, ez dakit seguru nola bizi ote garen. Inguratzen gaituzten une ederrak pantailatik gozatzen ditugu gero eta gehiago. Lekutan geratu dira une gogoangarriak begi hutsez gozatu eta memorian jasotzen genituen garaiak. Eta memoria ez da oroitzapenak jasotzeko armairu txarra, badu gertaerak dotoretzeko, lausotzeko, samurtzeko gaitasuna, segun zein koloretakoak diren.

Pantailak balio du distantziak murrizteko. Munduaren beste puntan dagoena zure etxean sartzen laguntzen du. Baina pantailak balio du distantzia jartzeko ere. Adibidez, nola izan daiteke dibertigarria jendea sekulako zartakoak hartzen ikustea? Pantailaren beste aldetik ikustea dibertigarria da askorentzat, pantailak ez baitu azalik, ez zauririk, ez minik. Kalean borroka bat piztu eta beti bada norbait telefonoa ateratzen duena, grabatzeko. Haur edo gazte bat erasotzen dutenean ere, zapaltzaileen kuadrillan bada unea telefonoarekin jasotzen duen norbait. Eta zer esanik ez bortxaketa kasuetan. Bortxatzearekin bakarrik ez da nahikoa, bortxaketa hori grabatu egin behar da.

Badalonan hamaika urteko neskatoa bortxatu dute adin txikiko sei mutilek. Neskatoak ez du kontatu lehen unetik, eta haren anaiak jakin du gertatutakoa. Nola? Institutuan bolo-bolo ibili delako bortxaketaren bideoa. Eskolako nerabe gehienek ikusi dute eta baita guraso batzuek ere. Ez dakigu asaldatu ote diren, dakiguna da ez dutela ezer esan.

Mutikoak gero eta goizago hasten dira pornoa kontsumitzen, pantailetatik. Errealitatea ere maiz horrela bizi dute, pantailetatik. Eta gerta daiteke ez oso ondo bereiztea zer den erreala, zer fikzioa. Azalik sumatzen ez den pantailetatik dena nahas-mahasean jasotzeak ezin du mesederik ekarri. Sei urteko neskatoek Shakiraren gerri-mugimenduak imitatzen dituzte eta adin bereko mutikoek futbolari sonatuen ilajeak eskatzen dituzte ile-apaindegietan. Grazia egin dezake, kaltegabea dela pentsa daiteke, baina uste baino punta zorrotzagoak ditu. Pantailekin eta pantailetan hazi eta hezteak arrisku ugari ditu eta horietako asko identifikatu gabe ditugu oraindik.

Azala loditzen ari zaigu, akaso pantailetatik ez delako azalaren igurtzia sumatzen. Gure neska-mutikoak azala azalaren kontra hezi behar ditugu, norbere azaleko zauriak ez ezik, ondokoarenak identifikatzen ikas dezaten. Norbere minak eta bestearenak sentitzen. Eta bada garaia sexu heziketa oso serio hartzekoa. Porno gutxiago eta errealitate gehiago, bere argi eta ilunekin. Ezin dugu gure neska-mutikoen sexu heziketa pornografiaren esku utzi, ardura kontua da. Gero, Badalonakoak bezalakoak gertatzean, denak asaldatuta eta kezkatuta. Hori ez da zintzoa.