Insomnioaz
S.apurgarria,
Egin duzu lo? Ez egin kasurik ez zarela aski nekatzen iradokitzen dizutenei. Alderantziz da, atseden hartzean egiten da ongi lo. Marie Darrieusecq-en “Pas Dormir” irakurri behar zenuke, Katixa Agirreren azken nobelako NIX moduluan sartu. Ez nekatu loa kentzen dizun arrazoi gordearen bila. Dena da samurragoa tarteka begiak itxiz gero. Ez zara begirik bildu ezinik dabilen bakarra, gainera. Bakardade gainpopulatua da insomnioarena.
Zuri ere gertatuko zitzaizun libre izan nahi eta bakarrik sentitzea, taldearen babesa topatu eta itolarria sumatzea. Egunotan, ezinbestez, lo falta estaltzen dizuten Elorrioko Gazte Topagune hartako oroitzapenak ere benetako bizipenak baino durduzagarriagoak dira, segur aski. Nahi duzuna nahi duzun bezala gogoratzen duzu zuk ere. Zure burua tragoa amaitu eta plastikozko basoa birrintzen ikusteak lotsatuko zintuzke, bestela. Beti da injustua iragana orainalditik epaitzea, baina ezin diozu etorkizunekoek nola kondenatuko zaituzten pentsatzeari utzi. Nostalgiak kontserbadorea are kontserbadoreagoa bihurtzen du, ez besterik. Nola kontatu, ordea, “bizimundu” hura zure semeei. Nola azaldu “hiltzea gaizki egon zen...” baino konplexuagoak direla bizitzaren zirkunstantziak. Nola ulertarazi, friboloa izan gabe, han zeundeten asko eslogan maiztuek erakarrita baino gehiago mugitzen zinetela bizirik sentitu eta zerbaiten parte izateagatik. Horregatik nahasten zaizu urdaila sakabanaketa amaitu dela irakurri eta gau haietan zurekin batera bizirik sentitu ziren batzuek gatibu jarraitzen dutela oroitzean. Gogoetan instalatu ostean eraitsi zituzten mugako etxolak; jendea sekula baino sakabanatuago dagoenean eman dute sakabanaketa bukatutzat. Ez da insomnioarena bakardade gainpopulatu bakarra.
Pentsatzen ote duzu zer erreskatatuko zenukeen gutasun hartatik? Onartuko zenuke zure gurasoengandik kritikatzen zenuena zarela, Berri Txarrak kontzertuan berriz ikusteagatik? Nostalgiak kontserbadore jokatzera bultzatzen bazaitu, lehendik kontserbadorea zinelako da, ez besterik. Bankuak baizik erreskatatzen ez diren sasoian, urteurren (ez hain) loriatsuak ospatzeko joerak sumindu behar zintuzke, ez zenuke zertan geroaren beldur izan. Baina ez, “Elorrixo zu ta ni”-re artetik Elorrixo da gutxien aldatu dena. Amets batzuena zinen orduan, insomnioarena zara orain. Lorik egin nahi ez izatetik ezin begirik biltzera pasa zara 22 urtean eta, hala ere, ez zarela aski nekatzen iradokitzen dizute oraindik.