23 ABR. 2023 Arkitektura eta pilota jokoa, mendeetako elkarreragina Herrietako plazetan pilota nagusi egin zenekoa Jakina da gurean herriaren erdigunea hiru elementuk osatu dutela hamarkada luzez: eliza, udaletxea eta pilotalekua. Noiz eta nola bihurtu zen espazio publikoaren ardatzetako bat azken hau? Leitzako irudia, 2016ko Euskal Herriko bote luzeko finalarena.Argazkia: Daniel Carballo Ostolaza Xole Aramendi Pilota-jokoak eta honek hartu dituen espazioek elkarri nola eragin dioten jakin nahian abiatu zuen bidea Daniel Carballo Ostolazak (Zumaia, 1971). 2012. urtea zen. Ezin zenbatu ikerkuntzari eskainitako denbora eta ahalegina, askotan aita, Javier Carballo –argazkilaria eta pilotari ohia–, lagun izanda. Orain ikusi du argia emaitzak, Euskadiko Arkitektura Institutuaren eskutik, Donostiako eraikinean erakusketa ikusgai jartzeko aukera eskaini baitio. Urriaren 1era arte izango ditu ateak zabalik Santa Teresa komentu zaharra zegoen lekuan, Parte Zaharrean. Planoak, bideoak, argazkiak, maketak, garaiko postalak... bildu ditu Carballok. Izan ere, gurean herri kultura markatu duen kirolik bada, bere iruditeria kolektibotik hasi eta bere herrietaraino, pilota da. Garai batean kiroldegi ziren plazetan –boloak, dema...– pilotak hartu zuen erabateko pisua eta protagonismoa. Hasieran pilota egokitu egin zen aurretik zegoen arkitekturara eta, ondoren, jokoak berak sortu zuen arkitektura. «Elementu arkitektoniko gehiago behar izan ditu jokoak, garatzen joan den heinean. Ondarea sortzen hasi zen propio pilota jokorako. Errebote pareta bere beharretara moldatu zuen hasieran pilotak eta ezkerpareta sortu gero», laburbildu du. Herritarrek jokoa beren egin zutenean gertatu zen hori. «Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoak dio herria, bere nazio identitatea onartzen duenean, ohituretan oinarritzen dela besteengandik bereizteko. Euskal Herriko ohitura asko beste herrialdeetan ere egon ziren baina, han ez bezala, hemen errotu egin dira. Geure egin eta eraldatu egin dira. Eta jarduera identitario propioa garatu da», argitu digu Carballok. Ez gara bakarrak, alabaina. «Frisian, Valentzian edo Toscanan ere gauza bera gertatu da», esan du. Pilotarako sortutako tokiek zein forma hartu duten; horri jarri dio fokua arkitektoak. Soroetatik gaur egungo frontoi estandarizatuetaraino. Carballoren esanetan, ezin daiteke euskal pilotaren bilakaera ulertu arkitekturarik gabe, eta alderantziz. Horixe, arkitekto doktoreak eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak lanean defendatu duen tesia. Arraiozen 2019ko Laxoa Txapelketaren argazkia. Argazkia: Daniel Carballo Ostolaza Uztarroz eta Iñiguez. Erakusketaren komisarioa ez zen hutsetik abiatu. Iñaki Galarraga irakasleak 1995 eta 1997 artean Alberto Uztarrozek eta Manuel Iñiguezek ondu zuten ikerlan baten berri eman zion. Lehenik, hura argitaratu eta erakusketa baten bidez bi ikerketen emaitzak ezagutarazi nahi izan zituen zumaiarrak. «Lana oso interesgarria da eta erakusketaren corpusa osatzen du. Pena, bigarren edizioa ere atera zitekeela denbora honetan guztian», esan du. Baina iritsi da unea. Argitalpenak argia ikusi du. Arkitektura –jarduera profesionala– eta pilota –umetatik etxean bizi izan duen kirola, amateur mailan aritu zen pilotari–, Carballoren bi pasio, eskuz esku. 2012an tesia hasi eta 2017an defendatu zuen. «Hainbat argitaletxetara bidali nuen proposamena. Pamielak argitaratu nahi zuen, baina hamar urte joan dira edukia egunera ekartzen. Bitartean, ‘Jokoa alde zaharretan’ lantegia abiarazi nuen, Uztarroz eta Manuel Iñiguez zuzendari nituela. Hirurok bakarrik aritu gara; ez du beste inoren interesik piztu», esan du. Nabarmentzekoa da Carballo sare sozialetan egiten ari den dokumentazio bilketa eta dibulgazio lana. Frontoiak, pilota plazak, errebote-paretak… Arkitektura honen tipologia oso ugaria da. Guztiak pilotalekuak. Eta horien elementu komun eta iraunkor bakarra, jokoa bera hartzeko eraikitzen den hutsunea. Hortik erakusketaren izenburua, “Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz”. Baigorrin 2017an errebote jokoaren Euskal Herriko finala jokatu zeneko argazkia. Sorotik harresira. Lehen pausoak hiritartu gabeko lursailetan edo plaza eta kaleetan eman zituen pilotak. Herri xeheak han gozatzen zuen aisialdiaz. Bote luzera jokatzen zuen, taldeak aurrez aurre eta hormarik gabe. Jokoak ospea hartu zuen eta hiri inguruneetan jokorako egokitzen joan ziren espazioak garatu ziren. «Europan hedatuta egon zen pilota jokoa. XVI. mendean, Gaztela, Nafarroa, Italia, Frantzia eta Ingalaterrako erreinuetan... 1555ean Venezian Pilota Jokorako Araudia argitaratu zen lehen aldiz», kontatu du arkitektoak. Erret jokoa edo jokoen erregea deitzen zitzaion. «Gaztelu denek zuten pilotan aritzeko fosoa edo gela, bertan trinketean jokatzeko. ‘Esferisterio’ deitzen zitzaion erromatarren garaian gimnasioari, eta pilotan aritzeko ere bazen. Henrike VIII.ak ere trinketa zeukan», adierazi du. «1600. urteko Madrilen planoan, Granadako Alhambran eta gure herrietan azaltzen dira pilotaren erreferentziak kale izendegian. Toponimiak ere garbi erakusten du. Bereziki harresietan, kalean jokoak eragiten zituen liskarren ondorioz –apustuak, eztabaidak, kristal hautsiak...– horietara lekualdatu baitzuten pilota», azaldu du arkitektoak. «Kartografia militarrean –bitxia da hau, leku estrategikoei bakarrik erreparatzen baitzien– 1700. urte inguruan Hondarribian, Donostian, Seguran... leku askotan dago harresietan edo plazetan pilotaren erreferentzia. Italian ere, harresiko fosoetan, bake garaian, jokoa ezarri zen. Garai hartan soldaduen prestaketaren parte zen pilota, ezpata eta zaldiarekin batera», kontatu du bitxikeria gisa. Errebotea. Pixkanaka sofistikatzen joan zen pilota. Gurean, beste kultura batzuetan ez bezala, pilota oso astuna zen eta eskularruak erabiltzen hasi ziren. Lehen erremintak garatzen joan ziren, pilota urrutirago botatzea ahalbidetuz. Horri material berria –kautxua...–gehitu zitzaion eta errebotea sortu zen. «Aurretik eraikia zegoen arkitektura-elementua –fatxada, pareta, kontrafuertea– jokorako erabiltzen hasi zen. Baliabide ekonomikoak zituzten herrietan errebote pareta eraiki zuten eta gure herriaren sinbolo bihurtuko zen. Pilota ezarri den herririk ez dago errebote paretarik ez duenik», nabarmendu du. Gure herrietan errebotearen arrasto ugari galdu dira. Zergatik? Plekako jokoak gain hartu ziolako, nagusitasuna gaurdaino iritsiz. Bere eskutik ezkerpareta ezinbesteko ikonoetako bat izatera pasatu zen. Bi taldeak zelaia partekatzera pasatu ziren –joko motza– eta pilota frontisera jaurtitzen zuten. «1700. urte inguruko erreferentzia agertzen da Ordiziako udal ordenantzan. Interesa 1800 erdialdera piztu zuen. Bereziki Chiquito de Eibar ezaguna desafioak irabazten hasi zen nonahi plekan, palaz, eskuz eta eskularruz», gogoratu du. Orduan hasi ziren plazak aldatzen; guztiek nahi zuten plekarako espazioa. Horretarako, paretak altxatu, edo ezkerpareta erabiltzen hasi ziren. Oñati, Markina, Durango, Donostia... horren adibideen garaiko irudiak ikus daitezke erakusketan. «Donostian, Atotxan, hau nire teoria da, harresiaren simulazioa egin zuten era ekonomiko batean. Durangon, berriz, 100 metroko sasi-harresia eraiki zuten», azaldu du. Joko zuzenean –luzean edo errebotean– eta plekan aritzeko espazioak ziren. Hiru modalitateetako jaialdiak antolatu ohi zituzten herrietako jaietan. San Bartolome jaiak Elgoibarren. 1922ko irudiak garbi erakusten du pilota partidek pizten zuten ikusmina. Argazkia: Indalecio Ojanjuren (Gipuzkoako Foru Aldundia) Akats historikoa. Izan da modalitate artean “galduta” ibili denik. «Dokumentu zaharretan pilota jokoa aipatzen denean luzeko jokoez ari dira, ez plekakoaz. Akats historikoa da», nabarmendu du arkitektoak. «Zorionez, modalitate zaharren espazioa mantendu egin da landa lurrean edo gutxi hiritartuak dauden herrietan. Zorionez diot, modu horretan guk interpretazio historikoa errazago egin dezakegulako –esan du–. Non ikus ditzakegu pilota plaza zaharrak? Baigorrin, Arizkunen, Iruritan, Zubietan, Alduden... aldaketa arkitektonikorik izan ez duten herri txikietan». Aita Jaimerena izan zen Iruritan guante laxoa berreskuratu zuena. «Etxeetan eskularruak zituzten gordeta eta ikasleei nola jokatzen zen erakutsi zien; tartean Tiburtzio Arraztoa zegoen. Honek, gaur egun Laxoa Elkarteko lehendakaria denak, lortu du azken 42 urteotan txapelketak jokatzea. Kuadrillak ateratzen ditu herri bakoitzak. Doneztebek bost talde ditu; Iruritak, bi; Oitzek, bat; eta Arraiozek, bat edo bi. Horiek bakarrik geratzen dira eta, zorionez, horiei esker dakigu modalitate hau nola jokatzen zen», jarraitu du. Gipuzkoan, Villabonan, Zubietan eta Oiartzunen bakarrik jokatzen da errebotean. Ipar Euskal Herrian askoz leku gehiagotan; Baigorrin, Hazparnen... «II. Mundu Gerran Iparraldekoek utzi egin zioten jokatzeari gerrara joan zirelako eta Hegoaldean mantendu egin zen. Eta hara joan ziren jokoa suspertzera. Orain, alderantziz, Iparraldean osasun hobea du; beti egon da galtzeko kinka larrian», aitortu du. Doneztebeko Bear Zana pilota plazako Kasinoko botaharria. Argazkia: Jagoba Manterola | FOKU Garrantzi gutxi. Ondarearekiko errespetu handiagoa erakutsi dute Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako gune batzuetan. «Aldiz, Gipuzkoan eta Bizkaian garrantzi gutxi eman diogu eta industrializazioak ekarri dituen aldaketa guztiak inongo arazorik gabe jasan ditugu. Ezkerpareta Gipuzkoan eta Bizkaian sortutako elementua da eta dena kutsatu du. Joko zaharra ia desagerrarazi egin du. Tolosa, Lazkao, Orio, Beasain, Asteasu... denek jokatzen zuten errebotean eta eskularruarekin. Plaza asko galdu dira. Argazki zaharretan ikusi ahal izango dugu galdutakoa», kontatu du Carballok. Adibide esanguratsuak eman ditu. «Otxandio multzo monumental izendatuta dauka Eusko Jaurlaritzak. Pentsa ze garrantzia daukan pilota jokoak... elizaren altxaera estaltzen du ezkerparetarekin! Ermuan ere plazara ematen duten etxeak ezkerparetak tapatu ditu. Amezketan ere berdintsu». Zutik dauden erreboteen adibide esanguratsuenen artean bost herri aukeratu ditu arkitektoak Donostian erakusgai jartzeko: Guardia (Araba), Otxandio (Bizkaia), Aizarna (Gipuzkoa), Sara (Lapurdi) eta Urrotz (Nafarroa), hurrenez hurren. Ez dakigu lanak jarraipenik izango duen. «Herri bakoitzak bere historia dauka, lan handia da bakoitzean sakontzea. Nahiko nuke beste norbaitek lekukoa hartzea», luzatu du gonbita zumaiarrak. Garbi dio Carballok. «Penintsula osoan ondare arkitektoniko gehien sortu duen jokoa da pilota, eta askotarikoa eta ezezaguna da». Erakusketaren azken zatia frontoi modernoari eskainia dago, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran asmatu zena. Kirola mundu osora zabaldu zen, negozio-ikuskizun bihurtuta. Argazkiak, marrazkiak, planoak eta bederatzi frontoi handiren sekzioak eta solairuak –Miamiko frontoi bat, mundu osoan edukiera handienetakoa zuena tartean– bildu dira panel baten bidez, eskala berean konparatuta. Ikus-entzunezkoak, antzinako jokorako tresnen bilduma (laxoarentzako eskularru luze eta laburra, errebote-xistera, pala, pilota ezberdinak...) eta modernoak (erremontea, xistera, raketa...); jatorrizko materialak, hala nola Doneztebeko Behar Zana Kasinoko botaharria –sakean botea egiteko erabilitako harria–; pilota-plaza ideal baten berregitea eskalan egina; hori eta gehiago aurkituko du bisitariak erakusketan. Eta eduki horren guztiaren osagarri, Euskadiko Arkitektura Institutuaren webguneak (www. eai.eus/es/inicio/) mundu mailan erregistratutako ia 4.800 frontoi eta pilotalekuen mapak ditu, euskal arkitektura-tipologia horrek bost kontinenteetan, Filipinetatik Reunion edo Brasileraino, izan duen eraginaren erakusgarri. Erakusketarekin batera hainbat jardueraz osatutako egitaraua –tartean, hitzaldiak eta tailerrak– prestatu du Euskadiko Arkitektura Institutuak. Honen berri ere webgunean izango dute interesatuek.