Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Euskal Herriak

Umetan kontatzen ziguten behin ilargia inguruko jostun onenarengana joan zela. Nazkatuta zegoela denen bistara biluzik egoteaz eta soineko dotore bat nahi zuela. Aukeratu zituzten oihal ederrenak, jostunak hartu zizkion neurriak ilargiari eta aste pare batean etortzeko agindu zion. Eta halaxe hurbildu zen ilargia jostunarengana, aste pare batean. Eta josteko makinaren ondoan mimoz esekita ikusi zuen soineko eder hori, neurrira eta propio beretzat egina. Zirraraz probatu zuen soinekoa eta, hara, handiegia. Larritu zen jostuna. Fina zen neurriak hartzen eta trebea josten. Inoiz ez zuen hutsik egin. Adinak ez duela barkatzen pentsatu zuen eta Santa Luziak ez ziola bista babesten dagoeneko. Barkatzeko, konponduko zuela soinekoa eta etortzeko egun batzuetan. Eta horrela bueltatu zen ilargia, eta probatu zuen soinekoa, eta orduko hartan, txikiegia. Eta azkenean jostuna eta ilargia konturatu ziren ezin zela soineko bakarra josi ilargiarentzat, inoiz ez zelako ilargi bera, beti zelako desberdina.

Euskal Herria halakoxea da. Jendez eta parrandaz lepo dauden kaleetan egon zaitezke, esertzeko bankurik libre ez dagoen herriko plazetan. Ordua ematen duten elizako kanpaiak iskanbilarekin eta musikarekin lehian, zein baino zein. Jendetza, parranda, herria.

Hamabost minutuko bidea autobusez, eta turismo olatuan arrastaka egon zaitezke. Askotariko hizkuntzak, plastikozko pintxoak, sevillarrak souvenir, ikurrinak galtzontzilloetan. Jendetza, askotariko hizkuntzak, salgai jarritako herria.

Autoan ordu eta erdiko bidea egitea nahikoa da ia hutsik dauden herriko plazak topatzeko. Betiko ipurdiak betiko bankuetan, arratsalde pasa, elizako kanpaiek agindutako tempoan. Lasaitasuna, solasaldia, herria.

Bi ordu eskaseko paseoan, taupada desberdineko herriak gure Euskal Herrian. Batzuetan etxeak metro karratuetan neurtzen dira. Metro koadro gutxi batzuk urrearen prezioan, urrezko poltsikoentzat esklusiboki. Beste batzuetan etxeak balkoi kopuruaren arabera neurtzen dira; harrizko pareta solemneak metro koadro mordoa babesteko eta zazpi balkoi herriko plaza isilean. Kanpotik begiratuta, badirudi denak pilatuta bizi nahi dugula, batzuk besteen gainean, herriko plazako bankuak beti lepo eta noiz libratuko diren zain. Eta haraxeago bada tokia, beste herrietako plazetako bankuetan. Haietan, berriz, kezkatuta daude arratsaldero herriko plazan esertzen direnen hezurrak zahartzen ari direlako eta ez delako han hezur gazteagorik agertzen.

Zaila da Euskal Herriarentzat soineko bakarra jostea. Biluzik ibili beharko du, ilargiak bezala, eta hariak herriak josteko erabili, bakoitzak bere puntadaz, herri biziak eta bizigarriak izan daitezen.