7K - zazpika astekaria

Emakumea, gizonaeta aurreko lotailugurutzatua


Belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren (ALG) lesio-tasa aldakorra da, generoaren, kirolaren eta prebentzio programen arabera, eta tasa hau handiagoa da emakumeen artean gizonezkoen artean baino. Hau ulertzeko, lesio honen arrisku-faktoreak ulertzea ezinbestekoa da; izan ere, lesio hau faktore askok sor baitezakete; horien artean, faktore anatomikoak, hormonalak, biomekanikoak eta ingurumenekoak daude.

Ingurumen faktoreei dagokienez, zoruen tenperaturak eta oinetakoen zolen diseinuak lesio honetan eragina izan dezakete, nahiz eta pertsona orori berdin eragiten diguten. Hormonei erreparatuz, hauek ehun konektiboan duten eraginaren ebidentzia mugatua da eta azterketa askoren emaitzak ez dira argiak. Bestalde, gizon eta emakumeen arteko desberdintasun anatomikoak dira beste faktore bat, lesio-arriskua handitzen lagun dezaketenak. Hala ere, faktore hauek ezin dira aldatu, eta, beraz, horien gainean ezin da prebentzio-neurririk aplikatu. Kasu honetan, ALGren zeharkako eremua handiagoa da gizonezkoetan eta, ondorioz, emakumeetan lotailu honen diametroa txikiagoa izanda, haustura arriskua handiagoa litzake. Gainera, emakumeetan Q angelua, 8 gradutik 17ra bitartekoa da; izan ere, emakumeen pelbisa zabalagoa da eta Q angelu altu batek belauneko lotailuetan estres mediala sor dezake. Azkenik, faktore biomekanikoei erreparatuz, koadrizepsak aktibazio handiagoa du belaunaren flexioan, iskiotibialak erlaxatu egiten diren bitartean. Era berean, nekea azaltzean edota norabide aldaketa edo lurreratzeetan, aldakako flexioa txikiagotu egiten da, aldakaren barne-errotazioa, belauneko “valgoa” eta tibiaren kanpo errotazioa handituz, eta, honela, belaunaren egonkortasuna txikiagoa da. Kasu honetan, emakumeetan muskuluaren kontrol ezak femurra tibiaren gainean lerratzeko aukera areagotzen du, eta horrek ALGan estres handiagoa sortzen du.

Hortaz, faktore biomekanikoak dira alda ditzakegun bakarrak. Horregatik, ezinbestekoa da giharrak sendotzea eta hauei ahalik eta funtzionaltasun egokiena ematea, halako lesioak murrizten saiatzeko.