7K - zazpika astekaria
HORMA IRUDIA, 70. HAMARKADAKO KULTURGINTZAREN ISPILU

Zumetaren Usurbilgo zeramikazko murala, 145 metro luzeko erronka

Bost hamarkada daramatza denon begiradapean. Baina Zumetaren Usurbilgo horma irudia euskaldunon iruditeriaren parte izanagatik ere, gutxi dakigu haren sortze prozesuaz. Usoa Zumetak eta Mikel Onandiak egindako ikerketak argia eman dio.

Jose Luis Zumeta, zeramika piezez inguratuta, pentsakor. Argazkiak: Antton Elizegi - San Telmo Museoa

Jose Luis Zumetak 1973ko apirilean ekin zion Usurbilgo Udalaren enkarguari. Urtebetez luzatu zen, makina bat buruhauste gainditu ondoren. 194.800 pezeta bideratu zituzten tresneriaren eta materialaren erosketara, eta artistak 25.000 pezeta jaso zituen hilero, «Michelin enpresan langile batek zuen soldata», berak eskatu zuen moduan.

Lehen pausoa buruan irudikatzen zuena margoan jasotzea izan zen. 60 x 100 zentimetroko olioa. Leopoldo Zugazari esker gorde da gaurdaino. Haren seme Miguel Zugazak eman zion margoaren berri Usoa Zumeta alabari duela pare bat urte. Erabateko ezustea izan zen. «Zumetak urte batzuk eman zituen Bilbon bizitzen. Leopoldo Zugazak, Bizkaiko aurrezki kutxaren arduradunak eta bere lagun handiak, ikusi zuen interesgarria izan zitekeela zirriborroa aurrezki kutxaren bilduman gordetzea. Zorionez, bilduman gorde da –gaur egun BBKrena da–, eta Usoaren proiektuari esker Usurbilera itzuli da orain», adierazi du Miguel Zugazak.

Jatorrizko lana Bilboko Arte Ederren Museoan izan dute azken hilabeteotan. Hango langileak arduratu dira zaharberritze lanez. «Pozez zoratzen gaude proiektu hain zoragarrian parte hartu ahal izan dugulako. Justizia egin dio lanaren garrantziari. Ez Usurbilerako bakarrik, urte haietan Estatu espainol osoan horma edo zeramika lanen alorrean egin den lanik garrantzitsuena baita», gaineratu du Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendariak.

Luis Zumeta, labea irekitzen. Zaragozatik ekarria zen, bigarren eskukoa. Hainbat eragozpen sortu bazituen ere, lortu zuten proiektua aurrera ateratzea.

Olioz egindako bozeto hura zeramikara eta tamaina handira eramatea zuen erronka Zumetak. Bazuen kezka. Zurruna geratuko zen beldur zen. Bere margogintzan hain dinamikoa, hain espresiboa eta azkarra den trazoa paretara nola eraman?

Ordurako euskal arte abstraktuaren erreferentzia nagusienetakoa zen usurbildarra. «Pintura landu bazuen ere, Gaur taldean parte hartu ondoren (1966), erliebe ezberdinak, zurezko, aluminiozko edo burdin polikromatuzko konposizio bihurriak lantzen hasia zen», gogoratu du Mikel Onandia artearen historialariak eta EHUko irakasleak. Urtebete eman du artelana aztertzen. Usoa Zumeta urtebete lehenago hasia zen lanean, eta elkarrekin egin dute bidearen azken zatia.

Herriko proiekturako Usurbilgo sortzailearen asmoa ez zen nolanahikoa: 145 metro luzerako horma irudia. Hainbat zailtasun zituen bidean. Batetik, dimentsioa. «Proiektu erraldoia da», azpimarratu du Onandiak. Bestetik, diziplina eta material berria izateak berarekin dakartzan eragozpenak. «Margoan oso modu intuitiboan egiten zuen, kolore batek hurrengora eramaten zuen. Berak ez zuen aurrez zeramika sekula landu. Karga esperimental handia du muralak. Urtebeteko lanaren ondorengo emaitza ez zekien zein izango zen. Zeramika bezalako teknika berria erabiltzeko eta zirriborroa eskala handira eramateko Zumetaren talentua erakusten du, jatorrizko ideiarekiko leialtasun eta freskotasun handiz», nabarmendu du.

Olioz margotutako jatorrizko lana, orain arte Bilboko BBK Fundazioak gorde duena.

Labea, Zaragozatik ekarria. Labea behar eta Zaragozara jo zuten hura erostera. Elektrikoa, bigarren eskukoa. Usurbilera ekarri eta lanari ekin zion Zumetak. «16 zati egin zituen, ez ziren inondik inora 145 metro sartzen labean», kontatu du Onandiak. «Lurrean jartzen zituen bata bestearen ondoan. Labetik atera ondoren, atzean erreferentzia jartzen zien, bakoitza non kokatu behar zuen jakiteko».

Buztina hasieran kalitate onekoa eskuratu zuen, baina gero ezuste txarra: karez nahastuta zetorren. «Horren ondorioz, labetik atera ondoren, eztanda egiten zuen. Igerileku modukoa egin behar izaten zuen, buztina uretan sartu eta kalitxea zeukana baztertu. Teknikoki oso prozedura konplexua izan zen».

Hori gutxi ez eta labeak ere ez zuen espero bezala erantzun. Lehenengo labealdian konturatu ziren txikia eta motela zela. Oso zaila zen tenperatura altua mantentzen. Erabakigarria izan zen Remigio Alkorta herritarraren parte hartzea. Luzuriagan langile izana, erretiroa hartua zuen eta bolondres aurkeztu zuen bere burua. Bere ardura zen tenperatura altuak lortzea. Lehenengo labekada Luzuriagan egin behar izan zuten; bigarrena, bai, Udalak utzitako lokal batean.

Alkortarekin batera, Zumetak izan zuen beste konplize bat: Antton Elizegi. Argazki zalea zen lasartear hura Zumetaren balentriaren lekuko zuzena izan zen, dokumentazio lan handia eginez. Sortze prozesu osoa irudietan jaso zuen. Donostiako San Telmo Museoaren jabetzakoak dira irudiak, eta haietako batzuek Leopoldo Zugazak argitaratutako “Gaiak” aldizkarian ikusi zuten argia 1975ean. Baina gehienek ezezagunak dira eta ikerketaren harira argitaratutako liburuxkan ikus daitezke.

Zeramikak, margoak ez bezala, erliebea emateko aukera eskaini zion. «Urrutitik bidimentsionala dirudi muralak, baina hurbiltzean konturatzen zara erliebe nabarmena daukala. Bastidoreetan sartzen zuen buztina eta errebajatu egiten zuen zeramikako pieza bakoitzean bere interesen arabera 3, 6, 9, 12 eta 15 zentimetroraino», argitu du arte historialariak. Tresneria egokirik ere ez eta haiek eraiki beharra izan zuen, bastidoreak, esaterako.

Sei hilabeteren buruan, piezak banan-banan margotu eta oxidoekin ondu ostean, berriz labera. «Hasieran margo tonuak oso ilunak ziren, baina labetik atera ostean bizitasuna lortzen zuten», dio Onandiak. Zeramika beiraztuaren aldeko apustua egin zuen artistak. «Kolorea materialean txertatuta geratzen da, ez da inoiz jauziko, soilik kolpe bat emanez gero», azaldu du. Horri esker egoera oso onean iritsi da gaurdaino. Irudi ederra eskaintzen du, are gehiago Zumeta Arte Estudioaren eta Udalaren eskutik egin berri zaizkion berritze lanei esker. Zumetaren sorkuntzak hain bereak dituen gorria, urdina eta horia puri-purian.

Prozesuaren azken bi asteetan paretara eraman zituen piezak. Orduantxe ikusi zuen Zumetak lehen aldiz sorkuntza bere osotasunean. Egutegiak 1974ko apirila markatzen zuen.

Zumetak banan-banan egin zituen zeramika piezak, eta bakoitzari atzean erreferentzia jarri zien, gero horma irudian non kokatu jakiteko.

Mikel Laboa plaza. Horma irudia amaitzearekin batera lan berria izan zuen Zumetak, inguruko plaza, Mikel Laboaren heriotzaren ondotik haren izena hartu zuena. Herritarrez eta bereziki umeez –txirristra jarri zuten– inguratuta egon zedin nahi izan zuen. «60ko hamarkadan frontoia estali gabea zen. Ondoren, estali zutenean, atzeko pareta biluzik geratu zen. Soroak eta bidetxo bat zeuden hura inguratzen. Haien gainean etxebizitzak eraiki zituztenean eta plaza egin, orduan sortu zitzaion Udalari pareta edertzeko beharra. Ez da soilik artelana paretan jartzea, parte hartzailea den espaziora eramaten da», nabarmendu du Onandiak.

Hainbeste urteren ostean, oraindik ezusteak ematen ditu horma irudiak. Bada urteak joan, urteak etorri, oharkabean pasa zaion irudi berriren baten peskizan aritzen den herritarrik. Eta oraindik aurkitzen duenik. «Figura aldetik ezkerraldean biomorfoagoa da, borobildutako forma sasiorganikoak dira, ezerekin identifikatzeko gai ez garenak. Aldiz, eskuinaldean egitura arkitektonikoagoa da, sakontasun nahi bat erakusten du; dena hondo horiaren gainean dago. Usurbildarrek hainbat gauza ikusi dituzte, horien artean txoria. Ikuslearen interpretazioa sartzen da, eta hori ere polita da, osatu egiten du Zumetaren lana», Onandiaren esanetan. Lotura ez da eten.

Herriarekin eta herriarentzat. Garaiko sortzaileen artean zabalduta zegoen arte publikoa sortzearen nahia. «Artistek bazuten kontzientzia herriari zor diotela beraien lana. Oso presente zegoen orduan. Zumetak pintura ez du etxe barrura mugatu nahi, kalera atera nahi du. Nola egin? Zeramikaren bidez. Beste modu batera pintura publikoa egitea zaila da». Hala azaldu du Ismael Manterola arte irakaslea eta kritikariak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko dekanoak.

Frontoiaren atzean garai bateko soroek etxebizitza berriei lekua egin zieten.

Gaur egun bitxikeria dirudien horma irudia garaiko kulturgintzaren ispilua da. 70eko hamarkadara garamatza. Euskal Eskola mugimenduko taldeak –Gaur, Emen, Orain eta Danok– kalera atera zireneko urteak. «60ko hamarkadan osatutako taldeak dira. Hasieran talde barruan egiten zituzten erakusketak. 70eko hamarkadan gizarteak onartu egiten ditu euren proposamen estetikoak. Eta erakunde publiko eta pribatu ugari daude posible egiten dutenak hori kalera irtetea. Udalek eta diputazioek, batetik; aurrezki kutxek eta zenbait fundaziok, bestetik. Herrian bertakoak zirenak eta euskal kulturaren aldeko jarrera zuten pertsonak sartu ziren agintean eta eragina izan zuen –horren garapena emango da behin Franco hil ondoren–. Adibide ezagunak dira Eduardo Chillidaren ‘Haizearen orrazia’, Arantzazuko Santutegiaren bukaera, eta hor kokatzen da murala ere. Lankide Aurrezki Kutxak ere, esaterako, Ikuska programa zeukan euskal artisten obra kanpoan ezagutarazteko. Badaude beste adibide batzuk, Orbegozo Fundazioa, esaterako. Erakundeek konplizitatea erakusten dute artisten proposamena onartuz, beraientzat zaila den arren ulertzeko, proposamen plastiko ausartak baitziren. Konfiantza hori oso inportantea da, beste toki askotan ez da ematen. Gaur egun ez da gauza bera gertatzen Euskal Herrian», adierazi du Manterolak.

Izan zen herritarrik, segur aski, murala ikusi eta «hau zer da?» galdetu zuenik. Baietz dio Manterolak. «Baina errespetu handia dago intelektualen aurrean; izan ere, artistak oso integratuta daude herrietako bizitzan. Zumetaren kasua horren adibide ona da. Hori da nire ustez galdu dena».

Aurreko urteetan Oteizaren pareko sortzaileek hormaren inguruan egindako ikerketen muina bildu nahi izan zuen eta garai hartan hainbat tokitan, neurri txikiagoan, eraikitzen ari ziren zeramikazko horma irudi handiekin uztartu nahi izan zuen, baita garai hartan bera lantzen ari zen pintura abstraktuarekin ere, Manterolaren esanetan.

Harago doa Onandia. «Abangoardia, informalismoa, arte erabat abstraktua, Parisen egiten zena eta oso aurreratua zena, frankismo betean hemen garapenik ez zuena, herri tradizioarekin uztartzea lortu zuten. Euskal identitateari mintzaira modernoa ematea. Kulturatik kanpo dagoenak ere ikusi batera identifikatzen du Zumeta, Chillida edo Oteiza bat, nortasun identitarioa ematen diotelako», esan du Onandiak.

Murala pausoz pauso aurrera zihoan. Espazio handia eskatzen zuen proiektuak, eta Udalak lokala utzi zion sortzaileari.

Pintzelak berriz eskuan. Usurbilgoa ez zen izan Zumetak 70eko hamarkadan egindako horma irudi bakarra. Granitoz eta marmolez landu zuen 1968an Irungo Udalaren enkarguz lehena, Artaleku kalean. Pasaiako Portuan eraiki zuen hirugarrena, 2008an betiko galdu zena. Azkena Donostiako Garibai kaleko Kutxaren egoitzakoa da. 1975ean eta 1976an egin zituen azken biak, zeramikaz, jaioterriko esperientzia baliatuz.

Izan ere, Usurbilgo artistaren intentzioa irekitako bideari jarraitzea zen. Baina asmoa bidean geratu zen. Zer gertatu zitzaion? «Enkargua izan zuen Lankide Aurrezki Kutxarena, bere egoitzaren fatxadan murala egiteko. Aurreikusi zuen tailerra beharko zuela horretarako, lur zatia erosi, desmontea egin, eta diru kopuru handia gastatua zuenean, bertan behera geratu zen azkenean proiektua. 80ko hamarkadan krisi betean ezin aurre egin denari, lursaila saldu eta azpiegitura gabe, margotzera bueltatu zen», kontatu du Usoa Zumetak.

Baina gauzak zer diren, familiaren esku geratu zen berriz lur zatia. Bertan, Txiki-Erdi auzoan, eraiki zuten gaur egun Zumeta Estudioa dena. «Urteen bueltan berriz erosi genuen. Lehendik egina zegoen zimendatze osoa baliatu genuen. Zuhaitzak-eta berak landatutakoak ziren. Azken urteotan bertan egon ginen biok lanean, eta berarentzat ametsa betetzea izan zen. Berak aukera izan zuen erosteko, ezezkoa eman zuen; nik horren berri izan nuen, eta esan nion ‘zuk erosten ez baduzu nik egingo dut’. Eta bion artean erosi genuen. Handik aurrera han aritu ginen, elkarrekin», gogoratu du.