7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Lekuen dolua


Nola egiten da lekuen dolua? Castillo Suarez idazleari entzun diot galdera eta harrapatu egin nau. Ni ere leku baten dolua egiten ari naiz. Gurea zen toki bat aurrerantzean besterena izango da.

Etxe berri batera joatean, denboratxo bat behar izaten dut nire egiteko, etxean sentitzeko. Aurretik egon direnen ahotsak eta usainak itzaltzeko behar den denbora izango da. Oinutsik zabiltzala, lurrak oin berriak gozo hartzeko behar duen denbora izango da.

Gurea zen tokira etorri direnek ere beharko dute beren denbora. Gure ahotsak eta usainak han zehar ibiliko direla sinetsi nahi dut. Toki hura guretzat oso garrantzitsua izan da eta gu ere tokiarentzat garrantzitsu izan garela sinesteko beharra daukat. Ez gaituela erantziko hain azkar. Edo bai.

Horregatik kontatu nahi diet, hemen idatzita utzi, emakume zabal batek haur asko kulunkatu dituen tokia dela orain beraiek bizi dutena. Aldaka zabaleko eta bular handiko emakumea. Kuleroak ere, tamainakoak. Horregatik egiten genuen barre etxe aurreko esekitokian zintzilikatzen zituenean. Ume bihurri banaren burua kuleroen zuloetan sartuta, barrez lehertzen, «amonaaaaaa» zirikatuz.

Kontatu nahi diet belar-metaren forma daukala toki horrek. Aitak semeari erakutsi ziola metak nola egin eta orain semeak hurrengoei erakusten diela, metak desagertze bidean badaude ere.

Zaporeak, askotarikoak dauzka; ur-ardoa azukrearekin, ‘nocilla’ sandwichak, mingaina saltsan. Arrautza-txanpuaren usaina ere badauka.

Udako gauetako bainuek zipriztindutako tokia da. Helduek afaldu egiten zuten eta haurrek irrikaz itxoin, ardoaren lainezaz igerilekura noiz salto egingo lehen helduak. Etxeko legeak garbi esaten zuen: gauez, heldu bat sartzen bada igerilekura, haurrak ere sartu daitezke. Hori da legea.

Trenbideak zeharkatutako tokia dela kontatu nahi diet. Idiaren adarra harrapatu zuen behin trenak. Itzaina justu libratu zen. Eta adar bakarreko idi hari begira kontatzen zigun nolako apurua pasatu zuen, «ia geratu zarete aitona gabe». Beste behin, takoidun zapata bat harrapatu zuen trenak eta emakume dotore hura ikusi genuen herrenka etxerantz, zapata bat jantzita eta bestea faltan. «Azkarrago iritsiko haiz etxera beste zapata kenduta!», egin zion oihu koinatak balkoitik.

Toki horren dolua egin beharko dut, nahiz eta soinean daramadan. Han erakutsi zidaten negar egitea ez dela ez txarra ez lotsatzekoa, patxada bertute handia dela eta ausartenak ez direla mahaian builaka hitz egiten dutenak. Han ikasi nuen jakinduriak aldaka zabalak eta bular handiak dituela, eta kuleroak ere, tamainakoak.