7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Etenaz


S.apurgarria,

Alkate izendatu al zaituzte? Badakit aski lan duzula zure burua gobernatzen, etengabeko hauteskunde-kanpainan bizi zaren sentipenak gogaitzen zaituela, baina etsipenak ere elikatzen du sinesmena. Ez litzateke, arrunkeriaren gorenean, pentsaezina gertatzen zaizun lehen aldia. Zure buruaren ordezkari izateko proiektu bat eskaini eta zilegitasun eske zabiltza zu ere. Zure gutxiengoek gehiengo osoa lortu ahal izateak izutzen zaitu, gauzatzen ez dakizkizun asmoak bideratzen saiatzeak ahitu. Aterako zara lasterka egitera, deituko diozu E.ri, berrirakurriko duzu Leire Bilbaoren “Etxeko urak”, prestatuko diezu askari berezia semeei baina, ohartzerako, auzoko jaiak joan eta hirikoak datozen gisan, iraileko balizkoekin kateatuko zaizu gogoa.

Entzun duzu, irailetik landa ez baina 2024tik aitzina, egunero eta urte osoan jarriko dutela berriz Hendaiatik Pariserako gaueko trena? Hilean behin hartzen zenuen aspaldi. Hegoaldeko lagunek Le Penen gorakadaz galdetzen zizuten garaia zen, Aznarren jite berekoa zela erantzuten zenien sasoia. Nork esango zizun, orduan, hezkuntzari buruzko eztabaidek arrakalatuko zutela zure ingurua orain. Nola irudikatuko zenuen, hamabost urte beranduago, emakumeak erailko zituztela oraindik, iraganekoak bezain berunezkoak izango zirela mugak eta Austerlitzeko andenean esnatzen zinetenen senideek zein lagunek preso jarraituko zutela. Denbora gelditzeko etortzen da batzuetan. Ez zenuen L. ezagutzen, Japoniak baino jakin-min handiagoa sortzen zizun Kubak, orain baino ziurtasun gehiago zenituen, ondo joan aurretik gauzak guztiz okertzen ziren konbentzimendua. Gogoan al duzu, begirik bildu ezinik, treneko literaren argipean irakurri zenuela Marjane Satrapiren “Persepolis”? Ez zenuen arrazoirik behar ezeren aurka egoteko.

Asteazkenean piztuko da uda, ostiralean sua, larunbatean izango da San Juan eta igandean Juan zan, baina zuk, dena “déjà-vu” amaigabe bat dela sentitu aurretik, bizitza borobila dela sinetsi nahiko duzu. Nondik datorkizu, bestela, noiznahi abiapuntura itzultzeko ilusio faltsua? Gaueko trenean sartu behar zenuke berriz, zu-etena eman. Ez zaitu alkate egingo, presidente ere ez, baina zure hauteskunde-mahaian egotera behartuko zaitu, agian. Ausardia aurrez galdutako batailetan bururaino tematzea da batzuetan. Nahi duzuna egitea, nahi duzuna egiteko arriskua hartzea beti.