Infernura itzulera
− Maider! Maider! −oihuka ari zaio, gorputza astinduz.
− Zer? Zer gertatzen da? −esnatu da bat-batean, izerdi patsetan.
− Amesgaizto bat izan duzu berriz ere, garrasika ari zinen, “EZ!” errepikatzen zenuen etengabe, −eta hori esanda, Josuk bere besoen artean bildu du, lasaitzeko asmoz, buruan musu ematen dion bitartean.
Hamar urte daramatza irudi haiek behin eta berriz ametsetan ikusten. Mesanotxean Zolpidem kaxa bat daukan arren, oso gutxitan hartzen du, drogekiko menpekotasunak bere mamuek baino beldur handiagoa eragiten baitiote, hori posible bada. Urteetako terapiari esker egunerokoa normaltasunez bizi duen arren, gauarekin batera esnatzen zaizkio mamu guztiak, gogoaren leku ezkutu batean iltzatuta geratu zaizkion irudi ilunak, Mikelekin zegoen garaian bizitako haiek guztiak.
Neguko egun euritsu bat, asteartea, zehatzak izateko. Urtebete zeraman Mikelekin bizitzen alokairuko pisu batean. Ekonomia Fakultatean elkar ezagutu zuten, eta hasieratik sentitu zuten elkarrekiko lilura. Lanean hasi orduko joan ziren elkarrekin bizitzera. Lanari zegokionez, bide desberdinak hartu zituzten, baina horrek ez zion axola. Mikel gobernuz kanpoko erakunde bateko koordinatzailea zen, eta Maiderrek banketxe batean lan egiten zuen, langileak animatzen zituen ordaindu ezin zituzten etxebizitzak erostera, euren aukeren gainetiko kredituak emanez eta sinaraziz.
Ideologikoki gertu zeuden arren, talkak maiz gertatzen ziren bien artean, Maiderren lana zela eta. Halere, elkar maite zuten, eta gazteen berezko zoriontasun irrazional hori islatzen zuten.
Mikel azken boladan urduriago zebilela iruditzen zitzaion, baina ondo al zegoen galdetuta, baietz esaten zion, dirulaguntzak tramitatzeko garaia zela eta oso lanpetuta zegoela, besterik ez. Maiderrek ez zuen kezkatzeko motiborik ikusi.
Astearte hartan, beti bezala, hamaikak aldera oheratu ziren. Hasieran besarkatuta, goxo-goxo, gero euren gorputzek alde banatara jo zuten, loa beti delako gozagarriagoa inoren trabarik gabe. Hirurak aldera, burrunba batek esnatu zituen. Pasilloan ahotsak entzun zituzten, hots asko, eta urratsak, urrats zaratatsuak. Jaikitzen hasi zirenerako, lauzpabost guardia zibil kaputxadun zeuden logelan. Zerbait jantzarazi eta, eskuburdinak eta kaputxa bat buruan jarrita, etxetik atera zituzten, gauaren erdian. Auto batean sartu zuten Maider, beste batean Mikel. Ez zuten elkarren berri izango komisaldegitik irten arte, bost egun geroago.
Ordubete inguru egon zen Maider autoaren barruan, ez daki ziur, horrelako egoeretan denboraren pertzepzioa erraz galtzen baita. Edonola ere, bidaia luze egin zitzaion, oso luze, aldamenekoa etengabe ari baitzitzaion mehatxuka, ez bazen bortxaketarekin, bere senitartekoei gerta zekiekeenarekin. Shockean zegoen, inoiz ezagutu gabeko izu batek harrapatuta, ia konortea galdu beharrean, okerrena etortzear zegoela imajinatu ezinda.
Leku umel eta ilun batean eduki zuten. Irten zenean jakin zuen bost egun izan zirela, horiek baitziren abokatuaren presentziarik gabe, terrorismoaz akusatuta, pertsona bat atxiki zezaketen inkomunikazio egunak. Egun haietan apenas egin zuen lorik, ez zioten utzi. Gehienez ordubeteko atsedena ematen zioten, gero berriz hasten ziren galdeketekin, jipoiekin, mehatxuekin, ukituekin. Ez luke ekintzen ordena zuzen adieraziko, burutik kendu nahi izan dituelako, duintasunez bizirik jarraituko badu, baina egin zioten guztia ondo asko oroitzen du, eta zehaztasun milimetrikoz kontatu dezake, iltzatuta geratu baitzaio gogoan.
Inoiz ez da oso elizkoia izan, eta infernua kontzeptuak grazia egiten zion garai batean, infernua hitzarekin zer adierazi nahi den ulertu zuen arte.
Infernuan zaude poltsa estu bat buruan duzula zure familia hiltzearekin mehatxatzen zaituztenean, eta antsietate atake batekin arnasarik hartu ezin duzunean. Infernuan zaude hiru zentimetroko diametroko burdin hotz bat alutik sartzen dizutenean, “Zorra, te gusta?”, esaten dizuten bitartean, tarteka titiburuak zigarroekin erretzen dizkizutela.
Infernuan zaude konortea galdu eta berreskuratzean lau gizon kaputxadunez inguratuta biluzik zaudela ohartzean: eta ukabilkadak ematen hasten zaizkizu sabelean, hitz egiteko esaten, bestela ez zarela-eta handik bizirik irtengo.
Infernu mota asko daude, berea hori izan zen eta da, gauero bere gogoa hartara bueltatzen baita, nolabaiteko erakargarritasunik eragingo balu bezala, kontzientziak ez ahazteko esan nahiko balio bezala.
Ezin izan zuen ezer kontatu, ez baitzekien ezer. Zerbait sinatuko zuen torturapean, baina haren aurkako frogarik ez, eta aske utzi zuten.
Orain Josurekin bizi da. Mikelek kartzelan jarraitzen du. Badira hiru urte harremana amaitu zutela, baina jarraitzen du bisitetara joaten. Inoiz ez dio hitz egin gauero infernura egiten dituen bidaiez. Ez lioke Mikeli beste infernurik ezarri nahi.
Idazleari buruz...
Eba Zilbeti Lazkano, Hernani, 1968. Irakasle, baina bereziki ikasle. Idazle eskolako bigarren ikasturtean. Korapiloak hizkien eta hitzen bitartez askatzeko ahaleginetan.