7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Mapez


S.apurgarria,

Uztaila ala Tourra hasi ote zen zuretzat atzo? Badakit bezperakoa izan nahi zenukeela beti, ezertan hasi orduko irudikatzen dituzula amaiera posibleak. Egiten duzunari garrantzi handiagoa eman behar zenioke eta, batez ere, apalagoa zeure buruari. Horrelakoa zinen Tourra gustatzen zitzaizunean: etapa-garaipenak amesten zenituen udan, Indurain abdikatzen ikusi zenuen Larrainen, Iban Mayo Alpe d’Huezeko zerua ukitzen. Bere ateraldiaz barre egiten zuen txistea zinen. Baina noiz utzi zenion irri egiteari? Tourra jarraitzeari laga zenionean? Maitasuna noiz amaitzen den jakiterik balego... Harremanak eten aurretik askotan, hautsi ostean sarri, hezur eta gezur artean beti. Dopin-eskandalu amaigabeek aldendu zintuztela argudiatzea errazkeria litzateke. Nahi duzun arte ez, nahi duzunean sinesten duzu nahi duzuna. Baliteke lagun-minek txirrinda eta zuk epika-grina batera eskegi izana. Ez dago ezer gertutik ezagutzea bezalakorik bertatik urruntzen hasteko. Zer gertatzen da, ordea, beteko ez direla dakizun ametsekin? Leihotik behera bota ditzakezu behin eta berriz edo, besterik gabe, logelaz mudatu. Logelaz aldatzean ametsak ere aldatzen direla irakurri zenion Castillo Suarezi. Zuk, alta, ahaztu dituzu orduko ametsak, ez dauzkazu oso argi egungoak. Gero eta bakanagoak dira zure babes-eremuak ere. Bai, badakit ezezkoan tematuko zarela, baina asaldatu egiten zara komertzialek etxeko atea jotzen dizutenean. Semea siestatik esnatu zezaketela iradokitzen zenuen lehen, ezer behar izatekotan badakizula nora jo orain, baina, funtsean, nornahi zure lubakiraino zuzenean sartu ahal izateak ematen dizu min. Tourrak gure hiriburuak nola, mapan jartzen zaitu tinbre-hotsak. Ez, ez ezazu galdetu nondik datorren zure herria mapetatik erauzten duten agintariek mapamundian dirdaitsu agertzeko duten obsesioa. Antzera zabiltza zu ere: mapetatik ihesi inoiz, planeta zure dirdiraz jabetzen ez delako kexu usu. Zure baitako poliziek ez dute elkar besarkatzen, ez dute jaiegunik emozio migrariak mugan atxilotzearren. Ruiz de Azuaren “Cinco Lobitos” ikusi behar zenuke, ahal duzuna egiten duzula onartu, ahal duzulako egiten duzula ohartu. Mapa guztiak dira fikziozkoak eta zure egoera animikoak ez du zertan Tourreko etapa menditsuenaren profila izan. Ez fidatu nibela exijitzen dizutenekin, bizitzea desnibela da beti.