Garazi Aranguren Alberdi
ARKITEKTURA

Lithica, negatiboan eraikitako espazioa

Lithica (Lithos = harria grezieraz) antzina harrobi izandako eta gaur egun espazio artistiko eta Menorcako landare espezie endemikoentzako lorategi botaniko bihurtu duten espazio bat da.

Egun «marés» harria ateratzeko hiru harrobi gelditzen dira Menorcan eta 16 Mallorcan.
Egun «marés» harria ateratzeko hiru harrobi gelditzen dira Menorcan eta 16 Mallorcan. (Discoverymenorca.com)

Pedreres de S’Hostal (S’Hostal-eko harrobia) Menorca irlako mendebaldean dago, Ciutadellatik gertu. Hango harria kareharri mota bat da, Balearretako ‘marés’ izenez ezagutzen dutena. Irlen isolamendu geografikoa dela eta, penintsulatik iritsitako materialen prezioak oso altuak izaten dira, eta, horregatik, tokiko materialak erabiltzea oinarrizkoa da.

Harrobiko lehenengo erauzketa lanak XIX. mendean hasi ziren. Hasieran eskulana zen, eta ‘trencadors’ deituriko hargin-artisauek harmailu-kolpeen bidez (pika moduko burdinazko erreminta) harria kolpekatuz eta horren soinua entzunez materialaren kalitatea ezagutzeko gai ziren. Kolpez kolpe, erauzte-betarik onena aurkitzen zuten, hustuketaren emaitza moduan lur barneko geruza-egituraren isla artifizial eta geometrizatua utziz. Prozesu horren emaitza ditugu horma mailakatuz inguratutako arroila labirintikoak, irregularrak eta organikoak, milaka koskaz eta puntutxoz josiak.

XX. mendeko 60ko hamarkadan bagonetak agertu ziren eta harrobiaren esplotazio intentsiboa hasi zen. Makina horiek errailen gainean desplazatzen ziren, eta alde banatan zituzten bi zerra-diskoak harrian hondoratuz mozten zuten materiala. Erauzte sistema berri hori jada ez zen aukeraketan oinarritzen, absolutua zen, eta ondorioz angelu zuzenez osatutako hutsune kubiko monumentalak agertzen hasi ziren. Pareta bertikal izugarri hauetan ikusgai daude erradialek harrian barneratzean utzitako marka zuzen nahiz zirkular esporadiko eta erritmikoak. Horrexegatik aurkitzen ditugu marrazkiz beteriko hormak agerian bisitaria txiki sentiarazten duen eskala inposatuz, makinaren eskala.

Handik urte gutxira, adreilua eta hormigoia agertzean harri-erauzketen premiak beherantz egin eta azkenean 1994an harrobia itxi zen. Momentu horretan, Menorcan tradizioari jarraituz, harrobiaren zati bat lurrez bete eta baratze gisa erabili zen. Izan ere, amildegi txiki hauek baldintza paregabeak eskaintzen dituzte, eguzkiztapen aparta baitute eta haizetik ondo babestuak gelditzen baitira. Baina produkzio honek ez zuen asko iraun, eta denboraldi baten ostean bertan behera utziak izan ziren baratzeak, natura basatiaren kolonizazio fasean sartuz.

Handik urtebetera, espazio honen potentziala ikusten zuen talde bat bildu eta Laetitia Sauleau arkitekto eta eskultoreak burututa Lithica sozietate kulturala sortu zen. Talde honek harrobia alokatu eta espazio ludiko eta kultural gisa berreskuratzeko lanak hasi zituen. Prozesu mantsoa eta zaindua izan zen, espazio bakoitzaren xedea erabakiz, bideak irekiz, guneak garbituz… Birgaitzearen irizpide adierazgarrienetako bat barrera artifizialak minimizatzea izan zen. Hortaz, abisu seinale soil batez alertatutako baranda gabeko amildegiak aurkituko ditugu, bisitarien gaitasun eta zuhurtzian konfiantza izanda eta espazioaren izaera bere horretan utziz. Harrobia naturaz bete zen garaiei keinu eginez ere landaredia autoktonoa ekoizteko eta erreskatatzeko lorategiak sortu ziren, aire libreko museo botaniko baten modura funtzionatzen dutenak.

Horrez gain, aipatzekoak diren ‘land-art’ estiloko hainbat interbentzio izan dira bertan: Josu Larrañagaren ‘De Memoria’, Barbara de Ruedaren ‘Canteras y Azules’, Nuria Roman-en ‘Coser la tierra’, eta agian esanguratsuena, Laetitia Lara, Nuria Roman eta Basile Ribasen ‘Labirinto minerala’. Azken proiektu hori harrobiko harri bloke landuez eginiko hormez osaturik dago, Minotauroaren labirintoa gogorarazten duten korridore nahasiak sortuz. Harri bloke horietako bakoitza babesean har daiteke, haren babesle bihurtu, harrobiari erauzitako materiala bertara itzultzeko helburua ekintza-kolektibo bihurtuz.

Egun ‘marés’ harria ateratzeko hiru harrobi gelditzen dira Menorcan eta 16 Mallorcan, Jørn Utzon-en ‘Can Lis’ bezalako proiektuak eman dizkigutenak.