Iñaki Soto
Entrevista
MARTXELO OTAMENDI
”EGUNKARIA” ETA “BERRIA”-KO ZUZENDARI OHIA

«Martin Ugalde, Elbira Zipitria, Mariano Ferrer... Erreferentzia horiei segi behar diegu»

Erredakzioan hartu gaitu, beste bi elkarrizketaren erdian, Bartzelonara joan bezperan. 30 urtez euskarazko egunkarien zuzendari jardun eta gero, Martxelo Otamendi eskertzen aroan sartu da. Eskerrak berari zor zaizkio, egindako lanagatik. Kargutik erretiratzeko prest dago, baina herriarekiko konpromisoari eutsiko diola argi du.

Martxelok metraileta baten pare hitz egiten du. Adibidez, Marinaledako alkatxofa soro batean jasan zuen euri zaparrada batez hitz egin zidan. Torturez ari ginen. Moztu egin diot. Zerbait argi geratzen bada horixe da: jubilatu, bai; erretiratu, ez; eta isildu, sekula ez. Agur-elkarrizketa bat tristea litzateke, eta fikzioa, Otamendik lana uzten baitu baina ez konpromisoa. Ez da alferrik galduko. Balantze-elkarrizketa bat ez legoke gaizki, baina burokratikoegia litzateke. Pertsonala bada, urteetan landu dugun samurtasunagatik, baina ez da horregatik elkarrizketa samurra. Politikoa da, kazetaritza eta bizitza ulertzeko dugun era horixe delako.

Zure bizitzaren ardatza beti izan da euskararen aldeko lana? Bai, familia euskaldun batetik nator. Gure aitak ez zigun pagarik ematen Eskolapioetatik erdaraz hitz eginda gentozelako etxera. 16-17 urte genituela euskaldunak ginen lagun batzuk Triangelu plazan hizketan ari ginela etorri zitzaigun lagun bat, zeukana anaia bat ETAn, beste aldean. Guretzat mutil hori bazen norbait, eta esan zigun: «Ez al daukazue lotsarik? Zuek denak euskaldunak zarete eta erdaraz ari zarete». Eta esan nion nire buruari: ‘Niri ez zait hau berriro gertatuko’. Hurrengo egunean, apuntatu nintzen Euskalduntzen 3an, Tolosako Gaur Eskolan. Hortik, tituluak atera, eta alfabetatze klaseak ematera joan nintzen Asteasura.

Gero, euskara banakoei irakastetik euskara sendotu eta masiboki zabaltzera igaro zinen. Desberdintasun nagusia ardura maila da? Oraintxe eman dut klase bat, euskaltegian, lan-buklea itxi nahi nuelako. Asko aldatu da. Garai hartan alfabetatzen ziren euskaldun asko zeuden, eta orain hegoamerikarrak daude, erretiratuak, bilobak dauzkatenak… Tresna berdina da, hizkuntza, baina ofizioa zeharo desberdina da. Euskaltegian ikusten dituzu ikasleak hazten, eta gero topatzen dituzu eta euskaraz egiten dizute, eta horrek poza ematen dizu.

Hemen (egunkarian), dena ardura da. Lan honen transzendentzia askoz eragin handiagokoa da. Eta aparte daude pertsonaleko gorabeherak, zeren zuk badakizu periodiko batean konplikatuena ez direla albisteak, direla pertsonaleko kontuak. Eta gero hartzen duzu proiekzio bat, jendeak ezagutzen zaitu. Baina, bueno, ondo.

Nik irakasten ondo pasa nuen, baina 26-27 urte inguru nituenean ofizioarekiko krisi bat eduki nuen. Ez dakit ikusten nuen nire burua bizitza guztian klaseak ematen, subjuntiboa, subordinatua… Krisi profesionala izan zen, ez zitzaidan okurritu Santiago bidea egitea.

Erronkak onartu eta gero eraiki omen dituzu bokazioak. Kazetaritzan ere horrela izan da? Erabat. Lagun batek deitu zidan telebistarako, beste batek kalabazak eman zizkielako, eta honela hasi nintzen ETBn. Ni euskaltegitik nentorren eta aurkitu nuen mundu oso bat eta gustura hartu nuen. Gero han nengoela deitu zidaten “Egunkaria”-n lan egiteko. Askotan esan dudan bezala, zuzendari bekario bat izan nintzen. Ez nintzen asko sartzen bestelako lanetan. Orduan hemen euskarazko kazetaritzan behi sakratuak zirenak zeuden. Ikasten joan nintzen, eta gero eta gehiago agintzen, eta gero eta plan gehiago egiten.

Nik datorren astean hartuko ditut bekadunak, azkenekoz, eta saiatuko naiz azaltzen gure lanbidea dela pasioz betetako lanbide bat, non jende desberdina topatzen duzun aldiro. Niri asko gustatu izan zait erredakzio bat antolatzea. Eta, gainera, kazetariak norabait bidaltzea; ‘benga, Joko Olinpikoetara’. Baina egia da ni zaletu egin nintzela hemen, “Egunkaria”-n urte batzuk pasa eta gero, sinistu nuenean zuzendari-bekario izatetik zuzendari normala izatera pasata nengoela.

Lehen nire bulego ondoan bazen extintore bat, gero kendu zutena, eta niretzat gure lana azaltzeko tresna ona zen. Izan ere, zuzendari lana bonbero lana da, etxekoa lehendabizi eta gero kanpokoa.

Izan ere, «euskal prentsaren zuzendari dekanoa» izan zara orain arte… Bai, nik ezagutu ditut zuen aurretik egondako guztiak. Ni sartu nintzen Jabier Salutregi “Egin”-en zegoenean -nire kariñoa eta musu bat bere jendeari lerro hauen bidetik-, eta ezagutu ditut beste egunkarietako zuzendariak, kasu batzuetan lau eta bost.

Galdetzen badiot nire buruari zergatik egon naizen hainbeste urtez, ni oso gustura egon naiz, pentsatzen dut jendea ere egon dela, eta Administrazio Kontseiluetan berretsi da beti. Hor klabea izan zen “Egunkaria” itxi zenean egon zen maniobra bat Jaurlaritzan egon ziren batzuen aldetik. Gure interlokutoreek bilera horietan -ni ez nengoen- defendatu zuten nik jarraitzea zuzendari, eta etxeko jendeak ere bai.

Noizbait “Arkonada sindromeaz” hitz egin didazu. Orokorrean, erreleborako arazoak daudela iruditzen zaizu? Arkonada ez zen gaixotzen eta ez zioten txartel gorririk ateratzen. Bere ordezkoak nekatu egiten ziren, bankilloa berotzen, eta honelako batean esaten zuten: ‘Hi! Nik futbolean jokatu nahi diat’, eta joan egiten ziren. Gure etxean beti esaten da, brometan baina esaten da hemen zuzendaria ez baina zuzendariordeak aldatzen direla.

Zenbait kasutan unibertsitatera joan dira. Alegia, ez dira ekipoz aldatu, kirolez aldatu dira. Bai, eta okerrago izan liteke: zenbait joan dira komunikazio-arduradun izatera. Hor traizioaren tamaina askoz ere handiagoa da [irribarre eginez]. Gillotina ez dagoelako martxan orain, baina balego… Orain, serio, erreleboa landu egin behar da.

Luze egin zaizu? Luze egin zait irteera. Nik garbi neukan ordezkoak etxekoa izan behar zuela. Nire porrotik handiena izango zen ordezkoa etxekoa ez izatea. 30 urtez gizonezko bat izan ondoren, emakumezko batek behar zuen izan. Topatu genuen bi baldintzak betetzen dituena, eta hoberena da, Amagoia.

Zer ekarpen egin dio “Egunkaria”-k lehendabizi eta gero “Berria”-k gure herriari? Saiatu gara egiten komunikabide bat euskarazkoa, sendoa, erreferentziala, ahal dela zabala. Egunkari bat euskaraz irakurtzeko prest zeudenei zuzendua, ez prestatuta baina prest ez zeudenei, horiekin ezin baita ezer egin. Prest dauden horiei eman egunkari bat gustatuko zaiena eta bueltatuko direnak hurrengo egunean hartzera.

Kalitatezkoa eta erabat normalizatua, konplejurik gabekoa. Egon dadila gure marka toki guztietan, bat gehiago baratzean. Euskaraz ari garelako ez egon akonplejatuta. Garai batean beti esaten nuen: Julia Robertsek gurekin afaltzeko, guk deitu behar diogu. Orduan, deitu Ministeriora, deitu Sailera, beti deitu. Eta gero satisfazioa eman gure irakurleei ikusten dutenean gure sinadura batzuk daudela Aaiunen, edo daudela Palestinan, edo Londresen, Joko Olinpikoetan… daudela edonon. Eta kazetariei ere eman satisfazio hori. Soldata aldetik ezin dugu jendea asko animatu. Baina lan baldintzetan, lan harremanetan, lan giroan, eta profesional batentzat, ilusio horiek behar dira.

Egunkari bat herri bat ikusteko talaia paregabea da. Zertan gaude duela 30 urte baino hobeto? Herri bat dela eta izan nahi duela eta horri egitura politiko bat eman behar zaiola dioen jendearen kopuruan hobeto gaude; jende gehiago dago. Gorabeheratsua da, baina badaukat sentsazio hori, nahiz eta geldialdi bat egon orain.

Hizkuntzaren aldetik, garapen kualitatiboa ikaragarria izan da. Kuantitatiboki, ordea, mantso goaz. Alegia, euskaldunen kopurua mantso ari da hazten. Baina kualitatiboki, gu gara munduan estaturik gabeko hizkuntzen artean, katalanaren ondoren, eskaintza handiena daukana. Hemen bada jende bat bildu zena, eta bere garaian ikastolak sortu ziren bezala, hori konbinatzen duzu erakunde publikoekin, mila gorabeherarekin. Gaur egun ez da egongo munduan gurea bezalako hizkuntza bat dituena Fisika, Kimika, Arkitektura, Medikuntza… fakultateak maila horietan. Komunikabideak dauzkagu euskaraz, zaudete bilingueak, ETBk dauka korrespontsala hemen eta gerra pizten denean han da…

Irudipena daukat jende batek hala moduzko ezagutza baduela, baina aukera gutxi daukala leku batzuetan euskaraz aritzeko eta gero pasa daitekeela esatera ‘nik banekien, baina ulertzen dut, baina jada ez dut hitz egiten’. Badaukagu arrisku hori. Hizkuntza bat berreskuratzea edo herrialde bat berreuskalduntzea lan gogorra delako eta kristoren diru pila behar delako.

Eta beste arrisku bat epe ertainerako da edukitzea elite euskaldun bat unibertsitatean, goi mailako postuetan, kontzientzia duena eta arkitektoak direnak eta medikuak eta ez dakit zer, baina dena working class bat oso osatua kanpotik etorri den jendearekin, erabat urrun gure zeretatik.

“Egunkaria” eta “Berria” euskalgintzaren bandera-ontzi izan dira. Nola ikusten duzu mugimendua? Amableegia. Berandu erreakzionatzen dugu edo ez dugu erreakzionatzen. Badakit ari direla, baina amableegiak garela uste dut. Ez da posible edukitzea hiru sententzia adarra jo digutenak, iraingarriak direnak. Laudiokoan, epaileak esaten du, interneten irakurri duenaren arabera, euskara dela munduko 5. hizkuntza zailena, eta beste webgune batzuen arabera, munduko zailena. Eta, horren ondorioz, ulertu behar dela langile honek denbora gehiago behar izatea. Gero etorri da Irungo beste bat esaten udaltzain izateko deialdian nahikoa dela polizia bikotetik batek euskara jakitea. Edo Nafarroako Gobernuak euskara baino gehiago baloratzea ingelesa edo alemana. Horren aurrean, euskalgintza amableegi sumatzen dut.

Nik ez dut esango auto horiek guztiak koordinatuta daudenik, baina Estatuak testak egiten ditu. “Egin”-en itxiera izan zen test bat. Katalunian Estatua etengabe ari da egiten testak. Erantzunaren arabera prestatzen da hurrengo urratsa. Ba hemen gauza bera. Ze hemen etorriko zaigu Kataluniako %25a, %25a egin behar dela eskolan gazteleraz, eta harrapatuko gaitu gimnasiora joan gabe, ariketarik egin gabe.

“Egin” aipatu duzu. Zer alde dago, zure ustez, “Egin”-en eta “Egunkaria”-ren itxierek eragin zituzten traumen artean? Batek daukana, trauma pertsonalen aldetik, kartzela da. Guk ebitatu genuen, nahiz eta Iñaki Uria urte eta erdi egon zen, Xabier Oleaga 8 hilabete… “Egin”-ek zeukan aurre-kondena bat. “Egin”-en itxierari alfonbra gorria jarri zioten hemengo erakundeek. Ze Eziagon sartu zen aurreneko gorputz poliziala Ertzaintza izan zen. EGIk egin zuen kanpaina bat «‘Egin’ apunta, ETA mata». Garzonek esaten du bere memorietan Juan Maria Atutxak deitu ziola zorionak emateko, nahiz eta gero berak ukatu egiten duen.

Guk ez genuen ‘prebia’ hori izan Euskal Herrian. “Egin”-ekin operazio bat egon zen. Hemen sortu zen giro bat, gero etorri zena erraztu zuena. Tarteka komeni da hori gogoratzea eta esatea. Haserretuko zait haserretu behar duena, baina berdin zait. Hori horrela da.

Gero ekarri zuen tragedia, aparte adierazpen askatasuna eta beste eskubideak, ekarri zituelako kartzela zigor gogorrak jende askorentzat. Tragedia humanoa. Horrek gero izan ditzakeen bestelako ondorioekin. Nik ez dakit Jabier Salutregiren tumorea den estres postraumatiko baten ondorioa, edo ez, Joan Mari Torrealdaik bere garaian salatu zuen moduan. Guk, aurreneko kolpean dauzkagu 10 atxilotu, 6 torturatu, 3 minbizi, 2 hildako. Ni naiz bakarra bizirik dagoena hiru horietatik.

Gero, zorionez, gure herriaren kemenaren ondorioz, sortzen da komunikabide berri bat, eta gero zuen kasuan dagoena da karga bat. Proiektu berriari eransten zaio karga zahar bat, egoten dena lokartua denbora guztian eta komeni zaienean egiten dena aktibatu.

Aldiz, gure torturak abisu bat izan ziren. Ez guretzat bakarrik, jende askorentzat. “Egunkaria”-ren itxieran jendeak ondo ulertu zuen mezua. Nire ustez, adierazpen askatasuna ez zen elementu zentrala “Egunkaria”-ren itxieran. Beren ustez, “Egin”-eko itxiera ez zitzaien gaizki atera, «itxi dugu, egurra eman diegu, kartzelan sartu ditugu, eta erantzuna ez da izan atzera egiteko modukoa». Garai hartan, tertulietan, bazegoen giro bat. Adibidez, esaten zen publikoki Ibarretxe lehendakariak ez zituela ETAko kideak atxilotu nahi eta Ertzaintzaren kontrola kendu behar zitzaiola. Esaten zen Euskal Herriko entitate finantziero bat zela ETAren kutxa. Eta esaten zen Euskal Herriko hezkuntza sistema zela ETAren haurtzaindegia.

Salaketa horiekin giro bat prestatzen ari ziren, nahiz eta horretaz konturatzen zaren ondoren. Itxiera ulertu behar duzu etsai klabeetan. “Egin” bazen etsai bat Estatuarentzat. Nagusiki erdaraz argitaratzen zen -ari naiz Estatuaren logikatik- eta Euskal Herritik kanpo saltzen zen dexente. Orduan, erreferentzia bat izan zitekeen jende askorentzat Espainian, eta beste ikuspegi bat eman zezakeen Euskal Herrian eta munduan gertatzen zenari buruz. “Egunkaria”-k ez zuen hori betetzen. Euskal Herrian bakarrik saltzen zen, Euskal Herriko zati batean nagusiki, eta kanpoan ez zeukan apenas ezer. Orduan, zergatik ixten dute “Egunkaria”? Ez dute etsai amorratuaren logika aplikatzen. “Egin” etsaia eta gainera etsai aktiboa delako ixten dute, aglutinatzen duelako mundu bat, pentsamendu bat, erreibindikazio bat, ikuskera bat. Gure kasuan bete genuen funtzioa izan zen «bukatu da autodeterminazioa» -orduan Ibarretxe bazebilen bere planarekin-. Bazegoen horren aldeko giro bat, eta Estatuak susto bat eman behar zuen, gainera inork espero ez zuen baten kontra. Ze nik garai hartan eskatu banizuen analista politikoei ‘egin ezazue zerrenda bat Estatuarentzat kezka-sortzaile diren hogei euskal erakunde-plataformarekin’ -okurritzen zaizkit sindikatuak, erakunde finantzieroak, Jaurlaritza, eta abar-, gu zerrenda horretan oso atzean geundeke.

Orduan, “Egunkaria” ez zen haientzat arriskugarria zen egunkari bat. Gu erabili gintuzten susto bat emateko. Eta ni seguru nago jendea joan zela gure mobilizazioetara egunkariaren alde eta adierazpen askatasunaren alde eta euskararen alde, jakina, baina baita ere defendatzera bere sindikatua, bere alderdi politikoa, bere entitate finantzieroa, bere hezkuntza sistema… Ze ni konbentzituta nago beste entitateko operazioak zetozela seguru. Baina jendeak esan zuen, «edo gelditzen dugu hau edo hona badator zeozer gehiago, ze ‘Egunkari’-ko hauek inoxente batzuk dira; hemen badator operazio bat, hobe dugu hau ahal den azkarren gelditzea».

Noizbait esan duzu torturek ez zizutela ondorio larririk utzi. Nola gogoratzen duzu pasarte hori? Nik hau errespetuarekin esan behar dut, ze bestela ematen du ni Superman naizela, eta ez naiz, inondik inora. Izaerak daude. Ni, “Egunkaria” itxi eta gero batetik bestera asko ibili nintzen. Ez nintzen oroitzen epaiketa nuenik ere eta epaiketa horretan 14-16 urteko kartzela eskaera nuenik. Tarteka esaten zidan abokatuak, ‘hi, Martxelo, defentsa preparatzen hasi beharko diagu, edo zer uste duk, bi bertso botata libratuko haizela?’. Egia esan, ni ez nintzen kartzelan egon eta aurreneko momentutik hasi nintzen istorioa kontatzen. Lagun batek aspaldi esan zidan, ‘zure terapia izan zen mugitzea batetik bestera, komunikabide guztiak hartu… Zure dibana da edukitzea Universitat Autonoma de Barcelonan 200 gazte begira». Baina ez da entrenamendua, ez da pertsonalitate berezi bat, ez da indar bat.

Tortura ukatu duen sistema mediatikoan bizi izan gara, non zuek eta gu salbuespen bakarrak ginen. Kontakizuna nola osatuko da? Zorionez, torturatuen taldeak ari dira sortzen eta kontakizunari ari dira eransten bere partea. Zorionez, ze ikusi dugu ETAren biktimen kasuan nola instrumentalizatu duten beren sufrimendua, nola erabili duten agenda politikoa markatzeko. Gure kasuan ez genuke beharko hori, baina bai gutxienez errelato bat, konstantzia zientifiko bat. Hor daude bere garaian TATek egindako lana, Eva Forestek egindakoa eta orain hori borobildu da Paco Etxeberriaren taldea egiten ari den lanarekin.

Denok bagenekien gertatzen ari zena. Guri ez digute esango sozialistek ez zekitela, ez Madrilen eta ez Gasteizen gertatzen ari zena. Hasteko, salatzen genuelako.

Baita gurekin mahaian egon diren tertuliano horiek ere… Hori da. Bazekiten. Komunikabide handiek nahi izan balute, tortura 15 minututan amaituko zen.

Halere, sumatzen dut abiada handian doala iraganari ez begiratzeko joera, eta esango nuke egiturazko parte guztietatik datorrela hori. Batzuek ez dutela aitortu nahi zer egin zuten, beste batzuek iragan konplikatua dutelako -denok dugu iragan konplikatua-. Guri geratuko zaigun satisfazioa da guk kontatu genuela. Zuk behin esan zenuen «guk dena kontatzen genuen; beste batzuek gauza batzuk kontatzen zituzten bakarrik». Beste horiek, kazetaritza demokratikoaren lezioak ematen dituzten horiek, ez zuten dena kontatu.

Bai zure agurrean bai gaur atera dira hildako batzuk. Belaunaldi bat itzaltzen ari den sentsazioa konpartitzen duzu? Batzuk normal eta beste zenbait gazteegi. Guri geratzen zaigun gauza bakarra da lekukoa hartu eta lanean segitzea. Txillardegi, Martin Ugalde, Elbiria Zipitria, kazetaritzan Mariano Ferrer… Erreferentzia horiei segi, hori da guk egin behar duguna. Haiek ekarri gaituzte honaino, guk eraman behar dugu herria haien bidetik segituta, oraingo modu modernoan, modu zabalean; seduzitu, jende gehiago ekartzeko gure gauza hauetara. Badaukagu kapazitatea jendea seduzitzeko. Badauzkagu belaunaldi berri batzuk, baina kanpotik etorritako euskaldun horiek ere erakarri behar ditugu. Buruarekin, gauzak egiten jarraitu, ez zaigu besterik geratzen.

Kazetaritzarentzat, zer alde dago gatazka armatu baten erdian eta gatazka baten ostean bizitzearen artean? Lehendabizi, lasaitasuna dago. Gure kazetariak lehen etortzen ziren atentatu bat lantzetik edo tortura testigantza bat entzutetik. Garai batean trintxeretan geunden. Adibidez, Tabakaleran egin genuen festara lehen batzuk ez ziren etorriko.

90eko hamarkadaren erdialdean, zuzendari bat saiatu zen editorial konjunto bat egiten. Pasa zen lehendabiziko bertsioan, bakarrik ETAren biolentzia azaltzen zen. Egin zuenarekin hitz egin nuen eta esan nion, «Estatuaren biolentzia ez du aipatzen eta gu ez gaude broma hauetarako». Duela gutxi, zirkunstantzia berbera: Pablo Gonzalezen aldeko idazki bat, eta astebetean adostu genuen. Hori aurreko garaian ezinezkoa izango litzateke, Pablo Gonzalezengatik balitz ere.

Nik ezagutu dut garai bat zuzendari guztiak egoten ginena. Ezagutu dut garai bat zuzendariak egoten ez ginela, batzuk bizkartzainekin, besteak kartzelan. Aurrekoan egon ginen gu denok ardandegi batean, hitz egin genuen, bazkaldu genuen eta aurrera. Zorionez, hori da egoera. Pendiente daukagu oraindik presoak kalera ateratzea, ez delako bake prozesurik izan, eta segitu behar dugu aurreneko lerroan hori lortzeko.

Beste gauza batzuez ere hitz egin dezakegu orain. Edo, desberdin. Pentsa, adibidez, zure homosexualitateaz hitz egitea zer desberdina den torturen harira, gertatu zen bezala, edo orain. Ba bai. Nire inguru guztiak jakin du beti ni homosexuala naizela eta oso egokia iruditu zitzaidan “Egunkaria”-rena gertatu zenean, kargatzeko eta adierazteko zenbaterainoko astoak diren, hori publiko egitea. Ekidin nezakeen, ni bakarrik nintzelako lekuko, baina normaltasun osoz esan nuen, nik nire bizitza homosexuala eraman dudan normaltasun berdinarekin.

Izan ditut beste proposamenak, ‘ez dakit zenbat famoso aterako gara ez dakit nongo portadan’, eta ni ez naiz horren oso zalea izan. Ulertzen dut gauza horiek laguntzen diotela jende askori, ezagutu dudalako jende asko homosexuala izanda oso gaizki pasa duena bere etxean. Badaukat sentsazioa hor ez nuela egin egin behar nuen hori, berez lagungarria delako. Orain gertatzen ari den bezala, bestelako identitateekin, nola guraso batzuek sortu duten elkarte bat normaltasun osoz, eta garai batean ezkutatzen genuen hori. Zorionez, denok ikasi dugu.

Edonola ere, iruditzen zitzaidan egun horretan salatu behar nuela derrigorrez egin zidatena. Etxean topatu zuten gauza batengatik jakin zuten. Operatibokoak esan zuen, ‘Ah, te gustan los culos’. Tortura homofoboen biktima izan nintzen. Esan zidaten, ‘biluztu zaitez eta jar zaitez postura jakin honetan, zure lagunek esan digutelako postura hori dela zure faboritoa’. Eta, detaileetan sartu gabe, ez zen honela. Baina han zaudenean sinesten duzu animalia horiek kapazak direla zure lagunengana joateko. Gero konturatzen zara ez dakitela horrenbeste, baina kapazak dira eta sinesten diezu.

Agurrean, familiaz oroitzean, hunkitu egin zinen. Hainbeste sufriarazi diezu? Bai, une txar horietan elkartasuna daukazu, baina gero egunerokoan zure familia dago. Zor nien aitortza hori, gaizki pasa zutelako. Gero, gainera, minbiziarena etorri zen. Ez bata ez bestea ez ziren nire errua, baina… Gure familia gainera oso familia da. Orain, adibidez, Londresera goaz guztiok, ni Cicerone.

Gaztaroan han ibili zinen, “Egin”-etik ateratzen zenituen sosekin, ezta? Bai, eta seudonimoarekin, gainera. Nik lagun bat neukan Amsterdamen, Singapurrekoa, Londresen ezagutu nuena, arkitektura ikasten ari zena, familia aberats batekoa. Esan nion zertan ari nintzen eta berak ez zidan sinetsi. Eta nik esan nion: ‘Zure izenarekin sinatuko dut: Frankie Tai’. Bidali nuen, Salbador Garmendiari ondo iruditu zitzaion, eta urteak ibili nintzen Frankie Tai bezala sinatzen. Dena, mutil hura seduzitu behar nuelako [irribarre pikaroa egin du]. “Egin”-i esker seduzitu nuela esan daiteke.

Hori ere eskertu behar dizuet “Egin” eta “Gara”-ko lagunei, beti zuen beharra izan dugunean hor egon zaretelako, baldintzarik gabe babesa ematen.

Zein izan da zure unerik zoriontsuena urte hauetan? Bat da barnekoa, sinetsi nuenean zuzendaria izan nintekeela. Sinetsi nuenean ‘talde honekin ni zuzendari izan naiteke eta elkarrekin gauza asko egingo ditugu’. Eta bigarrena, ETAren bukaera hura, ez zena izan bake konferentzia erabakitzaile eta adostu baten barruan, baina suposatu zuena gauza oso inportante bat gure herrian. Modu batera edo bestera, denok nahi genuen hori gertatzea.

Jubilatuko zara, baina erretiratuko zara? Ez. Nire arrebak esaten du ‘ze peligroa Martxelo jubilatuta, lanean dagoela ere liantea da-eta!’. Kezka bat daukat; herri honetan jende asko dago laboralki erretiratu dena eta aktibotik ere erretiratu dena, nahiz eta oso ibilbide luze eta aktiboa izan duten. Jende asko militante izan dena gauza asko egiten. Oso garbi ikusten da pentsiodunen mugimenduan, horiek ez dute atzo goizean ikasi manifestazioak egiten. Katalunian, mugimenduaren parte aktiboaren zati oso inportante bat izan dira jubilatuak. Egin dituzte pankartak, denetik. Ni han ibili naiz eta hamarretik zazpi ziren erretiratuak. Eta pentsatzen nuen, hemen dago armada oso bat, soldata duena, badakiena mugitzen militanteak izan direlako edo oso aktiboak izan direlako bizitza guztian eta hemen jende asko dago militantea izan dena urte askotan. Orduan, ni ez naiz ibiliko kontu nazionaletan; ni bizi naizen zonalde horretan hasi behar gara mugitzen. Hurrengo sententzia heltzen denean harrapatu behar gaitu aktibismoaren gimnasioan. Milaka pertsona egon dira 70eko hamarkadatik hona militatzen sindikatuetan, alderdietan, euskaran… eta segi behar dugu pedalei ematen, bestela eroriko gara.

 

Una visión propia del periodismo vasco

Martxelo Otamendi ha sido una marca propia dentro del mundo del periodismo. Primero en “Egunkaria” y después en “Berria”, ha mirado desde una óptica particular este complejo -y a su vez apasionante- oficio. Otamendi se jubila, pero no se retira, y esta pequeña recopilación fotográfica tiene el cometido de realizar un repaso visual a su trayectoria, fuertemente marcada por el cierre de “Egunkaria”. Detención, torturas, juicio y una absolución que llegó tras un tortuoso camino que le llevó, aún más, a afianzar su compromiso con los derechos sociales y políticos. En ese tránsito nació “Berria” y, ahora, tras una ardua labor a favor de la comunidad euskaldun, el proyecto continúa con Amagoia Mujika Tolaretxipi como nueva directora.

FOKU
En junio de 2003 vio la luz el nuevo diario “Berria”, pero el proceso judicial continuaba. | Imagen: FOKU

Otamendi entrando en la Audiencia Nacional. Tras un largo proceso, los encausados fueron absueltos.

Otamendi dentro del coche policial que le llevó detenido a Madrid. Era el 20 de febrero de 2003.

El cierre de “Egunkaria” ha sido uno de los episodios más duros en la trayectoria de Otamendi. En la imagen, ojeando Berria.

Tras varios días detenido, Otamendi quedó en libertad y su primer recibimiento tuvo lugar en Andoain.

El recientemente fallecido exdirector de “Egin” Jabier Salutregi mostrando su solidaridad.

Otamendi describe las torturas que sufrió durante su cautiverio.

Ahora es Amagoia Mujika quien toma el relevo como directora de Berria.