7K - zazpika astekaria

Zertarako dira zure etxeko gelak?

Etxebizitzen egiturak eta hierarkiak zenbat aldatu dira azken urteetan? Momentuan modan dauden akaberak erabiltzen badituzte ere, etxe arrunten betiko idiosinkrasiari eusten diote. Zenbat eta logela gehiago, hobeto. Baina, ez al genuke ditugun gela horien erabilera eta logika aldatu behar?

Artikulu hau laguntzen duten irudiek Peris Toral Arquitectes taldeak Cornellan egindako proiektua erakusten dute. Etxebizitza sozialok espazioak konektatuta dituzte eta bizitzeko aukera desberdinak eskaintzen dituzte.

Azkenaldian adin tarte konplikatuan sartzen hasi naizela konturatu naiz. Hogeita hamarrak igarotzeko garaian, inguruko lagun eta ezagun asko heldu bihurtzen dira bat-batean. Etxea erosi, haurrak ekarri… Egia da, zorionez, gizarteak inposatzen dizkigun jomuga-eskemak asko ireki direla azken urteotan, eta aurrerapausoak eman direla familia eredu eta bizimodu ezberdinak bistaratzeko. Oraindik lan izugarria geratzen da egiteko, eta motxilan daramagun ohitura sistemaren zama ez da txikia. Agerikoa dena da azken hamarkadetan gizarteak orokorrean izugarrizko aldaketak izan dituela, eta gure aitona-amonek zeramaten bizimodutik urrun bizi garela gaur egun.

Eraldaketa horien guztien aurrean ia aldagaitz mantendu dena etxebizitza izan da. Familia ereduak aldatu badira ere, eta horrekin batera bizimoduak, logikoena litzateke aldaketa horien kristalizazioa etxebizitzen antolamenduan islatzea. Higiezin agentzia baten erakusleihotik pasatuz gero, edo eraikitzear dauden promozio berrien iragarkiak edonon ikusten baditugu, “Cuéntame”-ko etxebizitzen patroi berdintsua aurkituko dugu oraindik, gehienetan. Aurpegia aldatu zaie, noski (momentuan modan dauden akaberak erabiliz), baina distribuzio aldetik paradigma berdintsu batekin jarraitzen dugu orokorrean.

Orain dela gutxi eztabaida izan nuen etxea erosi berri duen lagun min batekin. Arkitektooi askotan eskatzen digute iritzia, eta bitxia suertatzen zaidana da elkarrizketa horietan azaleratu egiten direla gertuko jendearen etxebizitzaren inguruko idiosinkrasia eta oinordetutako usteak. Kuriosoa da oso, etxebizitza bati buruz hitz egitean, gaur egun ere, azaleraz aparte, ia lehenengo gauza logela kopurua azpimarratzea izatea. Ez gela edo espazio kopurua, logela kopurua baizik. Ñabardura txikia dirudi, baina izugarrizko garrantzia izan dezake. Estereotipoz beterik jarraitzen du etxeak.

Lagunaren adibidearekin jarraitzeko, nahiz eta bikotekiderik ez eduki eta berarentzat erosi duen etxea, ohe bat izango duten gela espezializatu kopuruak zuen garrantzia. Bigarren lo-gela zertarako behar zuen galdetu nionean, erantzuna “gonbidatuentzat edo” izango zela komentatu zidan. Planteatu nion, bakarrik biziko zenez eta umeak izateko asmorik ez zuenez, bere etxebizitzaren ia laurden bat gonbidatuen zain hutsik ea nolatan utziko zuen. Beharbada interesgarriagoa izango litzatekeela, bere kasuan, espazio hori nolabait eguneko espazioarekin komunikatu (handiegia ez zen egongela-jangela-sukalde espazioarekin) eta bere egunerokotasunean biziko zuenaren parte bihurtzea, soluzio moldagarri batean pentsatuz (ireki edo itxiz momentuan separatu zezakeena). Azkenean erdibideko konponbide batekin geratu zen, egongelatik logelara bigarren ate bat jarriz, baina tabikea gehiago zulatzeak logela bat “galtzea” suposatuko zuenez, hala geratu zen.

Barneratuta ditugun usteek duten ezaugarrietako bat hauek egia absolutu gisa hartzen ditugula da. Gauzak horrela izan direla beti, eta hala behar dutela izan. Baina etxebizitzak ez dira beti espazio espezializatuen multzo bat izan. Distribuzioak ez du nahitaez korridore bat eta X logela behar. Arkitektura tradizionaletan aurki ditzakegu ere honen adibide oso garbiak. Gaur egungo gizarte likido honetan, moldagarritasuna eskaintzen duten planteamenduek interes handia sortu beharko ligukete.

Mugimendu modernoak ekarri zuen etxe funtzionala. Tamaina ezberdineko gela “espezializatuek” moldatzen zuten etxea, “organismo” edo makina bat bezala ulertzen zutelarik. Honekin, modu konkretu bakar batean funtziona dezakeen etxe bat antolatzen zen, espazioek hierarkia bat zutelarik. Tamaina bertsuko gelak dituen etxea gutxietsi zuen modelo modernoak.

Peris Toral Arquitectes taldeak Cornellan egindako proiektua erakusten dute. Etxebizitza sozialok espazioak konektatuta dituzte eta bizitzeko aukera desberdinak eskaintzen dituzte.

Eta hori da, hain zuzen, gaur egun etxe on batek zer izan behar lukeen hobekien adierazten duen formulazioetako bat. Horrelako etxe batek ez ditu gelak bereizten a priori ezarri diegun erabileraren arabera. Haien bertute nagusia da gure esku uzten duela gela horietan zer egin nahi dugun. Hierarkia zehatzik gabe, gela berdinak dituzten etxeak etxe hierarkizatuen aurrean (logelak, egongelak edo dena delako erabilera-gelak dituena, eta espazio bakoitzean zer egin eta zer ez egin baldintzatzen diguna) errebeldia moduko bat suposatzen du. Tamaina berdintsuak dituzten gelez osatutako etxe batek bertan bizi direnen esku jartzen du espazio bakoitzari zentzua emateko aukera.

Baina pareko tamaina izatea ez da nahikoa; gelen arteko erlazioan dago beti gakoa. Horrelako etxebizitzek ez dute ia korridorerik, ez dira ia zerbitzuko espazioak existitzen. Gelen artean, kokapen ezohiko batean (ia zentralki gehienetan) agertzen dira ateak izan daitezkeenak. Ateak edo, irekita utziz gero, bi gela espazio bakarrean elkartzen dituzten atalaseak.

Honen guztiaren adibide zoragarria da Peris+Toral Arquitectes estudioaren etxebizitza publikoen proiektu hau. Beste ezaugarri ugari ditu, etxebizitzaren inguruko eta eraikuntzaren inguruko hausnarketa interesgarriak eskain ditzaketenak. Hurrengo adin-krisia dudanean bisitatzeko utziko ditut.