Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevista
Joane Somarriba
TXIRRINDULARI OHIA

«Ez naiz erreferente sentitzen; maite dudana egin dut eta zoriontsu izan naiz»

2005ean hartu zuen erretiroa Joane Somarribak. Bi Giro, hiru Tour, Munduko txapelketa bat eta hamaika domina irabazita, euskal txirrindulari loriatsuenetakoa izan zen. Azken urteetan itzalean egon da, etxekoen babesean, baina orain pauso bat eman eta Laboral Kutxa taldeko aholkularia izango da. «Txirrindularitza maite dugunok gehiago inplikatu behar dugu».

(Aritz Loiola FOKU)

Joane Somarriba (Gernika-Lumo, 1972) ez da inoiz bizikletatik jaitsi, baina onartzen du azken urteetan «aldenduta» egon dela txirrindularitzaren esferatik, Crohn gaixotasunagatik eta horrek dakarren guztiagatik barrenak «urrats bat atzera» egitera bultzatu duelako. Orain, baina, «une oso onean» aurkitzen dela-eta, Laboral Kutxan aholkulari lanetan hasiko da. Ilusioz gainezka jaso du 7K Gatikako etxean, bere seme zaharrena, Markel -16 urte; Oinatz eta Regina dira anai-arreba gazteagoak-, eta Zuri txakurra, jakin-minak jota, hara eta hona dabiltzala. «Etxean bostok geldiezinak gara, nerbio hutsa; eskerrak txakurra lasaia den», esan du barrezka gernikarrak.

«Ama bezala» asko disfrutatu duela aitortu du eta orain etapa berri bat hasteko gogotsu omen dago. Bi Giro eta hiru Tourren irabazlea da, bai eta munduko txapelduna ere. Emakumezkoetan euskal txirrindulari loriatsuena izateak belaunaldi batentzat erreferente bilakatzera eraman du. Berak ez du sekula «erreferente» titulua onartu, baina beste emakumeekin batera bidea urratu duela, bai. Garaipenez harago dagoen esfortzua eta sakrifizioa jarri ditu mahai gainean, bai eta 1997an erretiroa hartzear egon zela ere, Giroan laugarren postuan geratu ostean inork ez zuelako baloratu. Eskerrak Italiatik dei mugarri bat iritsi zitzaion… Bizitzaz, txirrindularitzaz eta inplikazioaz mintzatu da. Oro har, baikorra dela ondoriozta daiteke.

Bizitzako zein momentutan zaude? Momentu oso onean nago. Orain dela urte pila bat ez naizela hain ondo egon. Aurreko batean beste kazetari bat etorri zen, eta elkarrizketa bat erakutsi zidan. Kuriosoa zen, ze adierazpenetan oso ezkor agertzen nintzen eta nik ez dut halakorik oroitzen, hain gauza negatiboak esatea. Gero lotura egin nuen eta, noski, umea jaio berri zegoen eta haurdunaldi osteko depresioa izan zitekeen. Ez naiz ezkorra. Beti saiatzen naiz arazoei buelta ematen. Osasun aldetik ere arazoak izan ditut eta beti baikortasunez jokatu dut.

Eta zer dela-eta zaude zure unerik onenean? Umeak hazita daudelako? Bai, umeak hazi dira eta ilusio ezberdinak ditut. Etapa honetan eurekin egon naiz denbora asko; asko disfrutatu dut ama bezala. Txirrindularitza nire bizitza da, eta hau ilusio berri bat da. Sekulako proiektua dauka Laboral Kutxak, emakumezkoen txirrindularitza hazkunde betean dago eta ilusioz, ume txiki baten moduan, nago.

Laboral Kutxak egin zizun proposamena edo zu hurbildu zinen beraiengana? Ez, beraiek jarri ziren nirekin harremanetan. Urrunduta egon naiz urte hauetan. Chron gaixotasuna daukat eta gaixotasunak ere eramaten zaitu etxean gehiago egotera, zure burua itzalean jartzera. Ez nituen konpromisoak hartzen. Orain une berri batean nago eta disfrutatzen ari naiz.

Aholkularia izango zara. Bai, helburua izango da ahal dudan guztian laguntzea. Nire eskarmentua beraiei eskaintzea. Hainbeste urte egon naiz txirrindularitzan... Gauzak hobetu dira, noski, baina azkenean txirrindularitzan denok dakigu lan asko egin behar dela, sakrifizio eta diziplina handia behar da, eta kasu horretan ez da aldatu hainbeste. Kirol gogorra da eta eskarmentuak askorako balio du.

GARAko elkarrizketa batean Aitor Galdos kirol zuzendariak aitortzen zuen Laboral Kutxa sortu dela onenekin lehiatzeko eta Euskal Herrian talde profesional baten mugarriak eraikitzeko. Zenbateraino da beharrezkoa euskal talde profesional bat izatea? Zaleek asko disfrutatu zuten Euskaltel Euskadiren une gozoenetan eta oraindik ere jarraitzen dugu disfrutatzen. Nesken taldea edukitzea beharrezkoa da; hemen txirrindularitza asko maite dugu eta horrelako talde bat edukitzea eta Laboral egiten ari den apustua itzela da. Hau ezinezkoa zen lehen.

Zuk kanpora joan behar izan zenuen profesional izateko. Bai, eta nire helburu nagusia zen etxean profesional izatea. Kanpoan egon nintzenean, Italian, nire mentalitatea asko aldatu zen. Profesional bilakatu nintzen eta, han nengoela, etxean talde profesional bat izatearekin egiten nuen amets. Eta orain talde hau ikusteak harro sentiarazten nau.

Zein aldaketa nabarmen gertatu da zure garaitik hona? Egoera asko aldatu da. Ikusgarriagoak dira, gizonezkoen lasterketarik garrantzitsuenek emakumezkoen edizioa daukate, soldatak asko aldatu dira, segurtasun bat dago soldatak bermatzeko... Ze ni Italian egon nintzenean, zin egiten zizuten kobratuko zenuela, baina ez zenuen dirurik ikusten. Lehen dena ziren promesak, sekulako materiala lortu eta denboraldi erdian diru gabe geratu, lasterketa batzuk ezin korritu... Inprobisazio handiagoa zegoen. Orain, Zaaf Cycling taldea UCIk kanporatu egin du, hasieran aurrekontu bat diseinatu zuelako baina ikusi delako ez daukala dirurik. Azpiegituretan ere asko hobetu da.

Ikusi al zenuen Pirinioetako Tourrean gertatutakoa? Bai. Frantzian horrelako gauzak gertatzen dira. Han lehiatutako lasterketetan beti geneukan buruan tropeletik aldentzen bazinen beti eskumatik joan behar zinela. Ez da oraingo gauza. Antolakuntza lanetan aritzen direnak boluntarioak dira. Ondo egin dute bertan behera uztea. Pena izan da zer esan duten, «gaizki hezitakoak» deitu diete txirrindulariei kexatu egin direlako. Sekulako arriskua dago. Gertatu daitezke gauzak, ze Itzulian ere gertatu zen. Denok izan ditzakegu akatsak, baina hori ez da izan akatsa, desastre bat izan da.

Hiru Tour irabazitakoa zara. Iaz lau haizeetara zabaldu zen emakumezkoen lehendabiziko Tourra zela. Hori entzun zenuenean zer pentsatu zenuen? Taldekide askok idatzi zidaten txantxetan, esanez Tourrak kendu zizkidatela (barrezka). Duela gutxi aldizkari batean eman nuen iritzia honetaz. Duela urte bat izan zen. Nire burura etorri zen lehendabiziko irudia izan zen 14 urterekin Aubisquera joan nintzenekoa. Aitarekin, Mungiako zale batzuekin batu ginen Tourra ikustera joateko. Hara iritsi nintzen, bizikletan igo ginen tontorrera, eta inork ez zuen esan ezer, eta bat-batean Maria Canins eta Jeannie Longo pasatu ziren. Liluratuta geratu nintzen. Hortik aurrera, nire buruan helburu bezala zegoen Tourrera joatea. Orduan, hasieran irakurri nuenean iazko lehendabiziko Tourra moduan saltzen zebiltzala itsusia iruditu zitzaidan, baina gero ulertu nuen enpresa bat dela eta hainbeste urte Tourra eduki gabe egon ostean -2009tik-, bada, nolabait saldu egin behar zela. Inpaktu bat sortu nahi zuten, garrantzi handiagoa emateko kirol ekitaldiari berari.

Eta nolakoa zen lehengo Tourreko antolakuntza? Albergeetan egiten genuen lo, eskoletan... Lekualdaketa itzelekin, orduak eta orduak autobusean, masajerik hartu barik; lo lekura iritsi, afariaz galdetu eta ezer ez… Nire lehendabiziko Tourrak ez ziren izan talde batekin; Espainiako Federazioarekin joaten ginen. Espainiako Federazioak berak aukeratzen zuen, Giroa edo Tourra; biak ezin ziren egin dirua behar zen-eta. Tourra aukeratzen zutenean, masajista eta mekanikoaren artean aukeratu behar izaten genuen... Zelan aukeratuko dugu bat edo beste, biak beharrezkoak baldin baditugu? (barrezka) Oso ezberdina zen.

Merezi izan zuen? Bai. Eta askotan pentsatzen dut ze burugogorra nintzen. Etapa gogor batean, Alpeetan esaterako, bukatu irabazlearengandik 30 minutura eta beti alde onena ateratzen saiatzen nintzen; tarteak murrizteko lan gehiago egin behar nuela, gehiago esfortzatu behar nintzela; erronka txikiak bilatzen nituen. Ez nintzen helmugaratzen eta hona gehiago ez nintzela etorriko esaten. Sekula ez. Etxera iristen nintzen eta ahizpekin hitz egiten beti esaten nien hurrengo urtean ere itzuli egingo nintzela. Burugogorkeria hori beti eduki dut.

Zer nahiago duzu, Giroa edo Tourra? Irabazi nituen Giroak Italiako talde batekin izan ziren -Alfa Lum- eta oroitzapenak itzelak dira. Etxekoak ginen. Entrenatzaile, zuzendari, mekanikoak bertakoak ziren, San Marinokoak. Herrian ogia egiten zuena etortzen zen egunero ogiarekin guregana, bertako jubilatuek gure bizikletak garbitzen zituzten... Oso inplikatuta zegoen herria gurekin. Pasio handia zegoen. Lasterketa guztietara joaten zen herriko jendea, entrenatzailearen amak afaria prestatzen zigun lasterketa batetik itzultzen ginenean... Urte hain politak izan ziren, bada imajinatu Giroa irabazita.

Gainera, zure lehendabiziko garaipen handia izan zen. Bai. Taldearen poztasuna, taldekide guztiena, beraien laguntza... Oso bereziak izan ziren. Itzuli handi batean eguneroko lana dago, estresarekin, eguneroko kontrola, eguneroko buruhausteak... Bai eta eguneroko harremana ere taldekideekin. Gure arteko harremana eta une horiek hain dira bereziak, txar guztiak ahaztuta geratzen direla.

Txirrindularitzaren alde apustu egin behar izan zenuen 1997an. Bai, une batez uztear egon nintzen. Laugarren egin nuen Giroan, Espainiako selekzioarekin, 1996an. Hortik bueltan gurasoei esan nien utzi egingo nuela, ez zegoela zer eginik hemen. Giro batean laugarren egitea hain zaila da... Eta etxera iritsi eta inork ez zekien laugarren egin nuela; nola enteratuko ziren? Eta niretzat hain garrantzitsua izan zen laugarren egitea, iritsi etxera eta inork ez jakitea... Hor baloratu nuen ez zegoela zer eginik, ez zegoen soldatarik, gurasoak ezin dira beti nire atzetik ibili gauzak ordaintzeko. Etxean jatetxea genuen eta lan asko egin behar zen.

Eskerrak ez zenuen utzi, ze urte hartan bertan Ainhoa Artolazabalek utzi zuen... Hori da. Gogoratzen naiz nire helburua Atlantako Olinpiar Jokoetara joatea zela. Bartzelonakora ez nintzen joan hernia diskalean eduki nuen lesioaren erruz. Urte eta erdi egon nintzen urrunduta. Gogortu egin ninduen horrek. Bat-batean bizikletan ezin ibili eta onuragarria izan zen konturatzeko bizitzak aurrera jarraitzen duela, ez dela gertatzen ezer.

Giroan laugarren egin nuenean, Atlantako Olinpiar Jokoekin ibilbidea amaitzen zela esan nuen. Baina dei bat jaso nuen beka batean sartu ginela eta hori baliatu nuen jarraitzeko. Hori izan ez balitz, agian beste aitzakiaren bat aurkituko nukeen txirrindularitzan jarraitzeko (barrezka)... Gero jarraian Italiako deia jaso nuen, egin nuen Giroarengatik, eta hor aldaketa bat eduki nuen. Azkenean, bai aldatu ziren gauzak Giroan laugarren geratzeagatik; han, Italian, bai, ohartu ziren nire maila nolakoa zen. Han hasi nintzen lortzen emaitza onenak. Urteetako lanaren ostean lehen Giroa 27 urterekin irabazi nuen.

Eta 2000. urtean Giroa eta Tourra irabazi zenituen. Jakin nuen 2001ean Tourra Bilbon hasten zela eta nire burua han ikusten nuen. Giroa irabazi ostean Navacerradara joan nintzen entrenatzera. Zaindu nintzen pila bat. Giroa irabazi ostean, konfiantza neukan itzuli handietan onenen artean egon ahal nintzela, eta garrantzitsua izan zen. Tourrera iritsi nintzenean momentu oso onean iritsi nintzen. Edita Pucinskaite zegoen irabazteko hautagaien artean. Nik Giroa prestatu nuen irabazteko, baina Tourrerako hautagai nagusia bera zen. Iritsi ginen Tourrera eta une batean ikusi zen ni bera baino sasoi hobeagoan nengoela, baina egun batean esan zidan berak irabazi behar zuela Tourra eta nik esan nion Tourra ezin nuela oparitu. Tourmaleten horregatik geratu nintzen berari itxaroten, inork agindu gabe, batzuek hala uste bazuten ere. Biok bakarrik geratu ginen lehendabiziko maldetan eta berak etapa irabaz zezan itxaron egin nuen eta ni horiz jantzi nintzen, aurrenekoz. Aurreko etapa batean hiru iritsi ginen eta berak utzi zidan niri irabazten, ze inoiz ez nuen etaparik irabazi Tourrean. Zor bat nuela sentitzen nuen. Egun bateko tentsioa izan zen bere aldetik eta nik argi utzi nuen Tourra ez nuela oparituko...

Lasterketa batean une oro daude pentsamendu edo buruhauste horiek? Bai, buruak ez du deskantsatzen. Kontrol handia eduki behar duzu, beti dago tentsioa. Haizea, erorketak, ihesaldiak... Hori gogorra zen niretzat, nahiko txarto kudeatzen nuen presio hori. Beharbada orain psikologo bat hartuko genukeen talderako. Uste dut hori oso garrantzitsua dela. Nire exijentzia oso handia zen, baina nik nire burua estutzen nuelako.

Gehiegi, agian? Bai. Atzera begiratzen dudanean pentsatzen dut agian gehiegi estutzen nuela burua, eta hori ez da ona. Baina autoexijentzia hori eduki dut txikitatik. 8-9 urterekin hasi nintzen txirrinduan eta oso exijentea nintzen. Inguruak ere garaipenera bultzatzen ninduen; nire aitak itsasoan egiten zuen lan eta etxera iristen zen bakoitzean erraz irabaziko nuela esaten zidan... Ni oso isila nintzen, dena barruan gordetzen nuen eta exijentzia hori beti izan dut, eta ez da ona.

Txirrindularitza talde-kirola izan arren, irabazlea soilik gogoratu ohi da. Horrek ere izan dezake zerikusia. Bai. 2003. urtean hirugarren egin nuen Tourrean; inork ez nau zoriondu horregatik. Edo Munduko Txapelketan bigarren eta hirugarren izan nintzenean. Ahanzturan jausten da. Inork ez du gogoratzen Lisboako Munduko txapelketan irabaztear egon nintzela baina erorikoa izan nuela. Edo Hamiltonen erlojupekoa irabazi ostean, errepidea irabaztear egon nintzela eta bizikletako kablea apurtu nuela... Dena da irabazi, irabazi eta irabazi. Eta inoiz ez da nahikoa. Gogorra zen presio hori.

Badaukazu pena apur bat, agian, halako presioagatik behar bezala disfrutatu ez zenuelako? Asko disfrutatu nuen. Etxera iristea eta jendearen maitasuna, miresmena jasotzea sekulakoa izan zen. Bai eta Tourreko irteera Bilbon izan zenean ere. Itzela izan zen. Asko disfrutatzen nituen momentu horiek. Presioa zen gehienbat irabazi ostean, nahiz eta zaila izan berriz irabazi behar zenuenaren derrigortasun hori.

Irabazle batek irabazten jarraitu nahi du? Beti. Eta berriro irabaztea are gogorragoa da. Presio hori lepoan edukitzea ondo eramaten nuen, baina agian kalte ere egiten zidan. Oso diziplinatua izan naiz beti, Tibeteko mojak bezala. Entrenatu, zaindu... Baina bizitza guztia eraman dut modu horretan eta hori bai dela gogorra. Disfrutatu dut, bai, baina sakrifikatu ere asko.

Garaipenak aipatu ditugu. Zer falta izan zaizu txirrindulari gisa? Atenaseko Olinpiar Jokoak. Ez naiz geratu penarekin, baina hara iritsi nintzen munduko txapeldun moduan eta oso ondo nengoen. Bidaiatzeko unea iritsi zenean, hegazkinean eztarriko mina eta sukarrarekin txarto jarri nintzen. Hor jada dena amaitu zen. Entrenatzen neuzkan datuak oso onak ziren, asko sakrifikatu nintzen, oso ondo egin nituen gauzak, denbora asko egon nintzen entrenatzen oso gogor. Nire ametsa han ondo egitea zen. Kirola hain da gogorra... ondoez apur batekin, akabo asmo guztiak. Gainera, isilean eraman nuen, ez nion inori kontatu, soilik Ramoni [Gonzalez Arrieta, bere senarra]. Gogorra izan zen.

Diploma horrek ez zintuen ase? Ez, inola ere ez. Baina tira, banekien kirola horrelakoa zela, adina neukan jada hori jakiteko, oso zaila dela beti irabaztea eta gorputza edukitzea beti %100ean. Beti geratu behar zara momentu onekin.

Kontziente zara erreferente izan zarela? Ez, nire burua ez dut topatzen erreferente bezala.

Bai agian bide bat ireki zenuela? Bai, hori bai. Gure garaiko emakume txirrindulari guztiok ireki dugu bidea, baina erreferentea... Nik egin dut maite dudana, dela bizikletaren gainean daukadan guztia ematea, eta zentzu horretan oso zoriontsua izan naiz. Kontziente zara oso zaila dela munduko onenen artean egotea. Atzean lan asko egon da, urteetako lan handia. Hainbeste sakrifizio dago atzean, ez dela hautematen. Lehiaketa ez dut faltan botatzen; txirrindulari izatearen atzean dagoena oso gogorra da.

Nola sentitzen zara bizikleta gainean? Orain joatean naiz bizikletan eta gozatua da, disfrutatzen nago, paisaia begiratzen... Oso zoriontsua naiz bizikleta baten gainean.

Pentsatzen dut lehen ere zoriontsu egingo zintuela bizikletak. Oso. Baina azkenean entrenatu, entrenatu eta entrenatu egin behar duzu helburu bat daukazulako hor.

Afizio izatetik ofizio izatera pasatu zen. Hori da. Baina, hala eta guztiz ere, asko disfrutatu dut. Zorte handia izan dut Ramontxurekin, profesionalekin entrenatu naizela beti eta hori oso garrantzitsua izan da maila ona hartzeko. Italian egon nintzenean, han ohartu nintzen entrenamendua oso garrantzitsua zela. Hara iritsi nintzenean entrenamendu plana pasa zidaten eta lehen egunean 160 kilometroko lan saioa... Galdetu nuen 160 kilometroak ea zenbat egunetan egin behar genituen eta esan zidatenean hori egun bakarreko lan saioa zela… Plangintza zehatz bat zegoen. Gogorra izan zen hara heltzea, etxetik kanpo eta exijentzia horrekin, buruak aldaketa itzela eman zuen; asko gogortu nintzen eta asko ikasi nuen.

Obsesio puntua zeneukan? Ez da obsesioa. Zortea izan dut, ze ez da erraza dena orekan mantentzea, bai janariarekin, diziplina aldetik. Alde batera edo bestera joan ahal zara, eta zortea izan dut oreka hori mantentzeko. Obsesioa ez, baina lar zaindu naiz, diziplina itzela izan dut eta horrek urrundu egiten zaitu asko beste gauza batzuetatik. Nire bizia zen bizikleta, bizikleta eta bizikleta eta hor amaitzen zen dena.

Zure babeslekua zen bizikleta? Bai, hori da. Beste gauza batzuk, ordea, elkarrizketak edo ekitaldietara joatea... buruko mina zen (barrez). Nik nahiago nuen 200 kilometro egin sari bat hartzera joan baino. Hor oreka ere eduki behar da, ez da dena entrenatzea, beste aldea ere zaindu behar da. Orain ohartzen zara horretaz, 50 urterekin (barrezka).

Erretiroa hartzeko garaian, aipatu zenuen zure erabakia izan zela eta hor zegoela gakoa. Garaiz ohartu zinen uzteko unea zela? Edo zer dela-eta hartu zenuen erabakia? Nire buruak klik bat egin zuen, ama izan nahi nuen, momentu batetik bestera. Sasoi onean nengoen, 33 urterekin utzi nuen, Munduko Txapelketan bigarren izanda. Sasoi aldetik eta beka aldetik ondo nengoen, baina niretzat garrantzitsuagoa zen ama izatea. Argi neukan utzi behar nuela eta utzi nuen poztasun handiarekin.

Nola ikusten duzu euskal harrobia? Lizentziak baxutxo daude, bai nesken kasuan, bai eta mutiletan ere. Gu gazteak izan ginenean 3.000 lizentzia pasa zeuden Bizkaian. Gogoratzen naiz kadeteetan lasterketak lehen urtekoak eta bigarrengoak banatuta egiten zirela; orain denak batera, gutxi direlako. Itxaropena daukat Tourreko irteera bultzada izatea. Txirrindu-eskoletan ere lan asko egin behar da. Gehiago inplikatu behar gara txirrindulariak izan garenok. Ni lasterketa batera noa eta betiko pertsonak daude antolakuntzan; ez dago erreleborik.