Sustrai Colina
IRITZIA

Desertuaz

S.apurgarria,

Ez dizut sanferminetako bestondoa beratzen non utzi duzun galdetuko. Badakit erantzuteko desiratzen zaudela. Ez dizut hezurrak zuk bakarrik ezagutzen dituzun erreka-zuloetan freskatzen dauzkazula kontatzeko plazerik emango. Nekatu naiz zuk bestelako oporrak egingo zenituzkeen arren haurrekin kanpina apustu ziurra dela entzuten. Hamar egunez zure ezkaratzean lur hartu duten kale-saltzaileei begietara begiratu bazenie, sikiera. Esadazu berriz, zure gizatasuna ez, bizi zaren hiria dela desertua, Frantzian Lurraren Altxamendua terroristatzat jo arren asfaltoaren zapalkuntza libre dabilela zurean, L.k ez zuela egun hauetan erditu nahi... Zer ez duzun egiten zure baitako errautsak ez behatzearren. Erabakiak zuk hartzen dituzula sinetsita, mudantzen izu, betiko partida luzapenera eramatear zaude zu ere. Ez duzu daukazuna galdu nahi, ez zara bihar gaur baino okerrago bizi zaitezkeela asumitzeko gai. Sua errautsetatik berpizten dela irakurri zenuenean, beldurra urarekin itzaltzearekin egin zenuen amets. Uxue Apaolazaren ipuinetan bizi zarela ahanzten duzu batzuetan. Ez, ordea, Espainiako hauteskundeak direla. Politikak ez dizu behialako lilurarik eragiten, baina ez dakizu besterik. Irratiko albistegia orduro entzuten zen etxean sortu zinen eta, zoritxarrez, orduko galderak ezagunak zaizkizu oraindik. Nola egin faxismoari aurre? Norenak dira hitzak? Noiz arte irtenbide zaharrak arazo berrientzat? Ezinezkoa da maskara batzuk azala erauzi gabe eranztea. Ezinezkoa etorkizunik gabe aurrera egitea. Alta, zu baino askoz prestatuago ikusten dituzun gazteek, inoiz edo behin zaharra sentiarazten zaituztenek, ez dutela gerorik diote. Irrigarri sumatzen zara berezkoak zaizkienak arrazionalki justu ulertu eta, hala ere, korapiloak zeintzuk diren argi izanez gero, askatuko dituzula uste duzulako oraindik. Carla Simonen “Alcarras” filmeko amaierako eszenan zaude, agian. Hondeamakinak apurka ostu dizkizuten etxe inguruko lurretako fruta-arbolak eraisten ari diren bitartean, ez daukazu etxean babestea beste aukerarik. Desertuari iheska ari zinela sinetsi eta desertua daramazu zugan. Zure errugabetasuna defendatzen zabiltza, horregatik errudun joko bazaituzte ere. Ez kontatu ze gerizpetan egingo duzun bazkalondoko kuluxka. Poliziak Parisen ere hiltzen du. Oasia urrats bat harago dago beti.