7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Aitona-amonak


Uda noiz iritsiko pasatzen dugu urtea, eta uda hasi orduko iristen dira gurasoen buruko minak. Zer egin umeekin bi hilabete eta erdian? Eta betiko larrialdi botoia sakatzen dugu: aitona-amonak.

Egunotan aitona-amonekin beteta daude parkeak. Batzuk gazteago, besteak zaharrago, denak ilobak zaintzen. Bizitzaz gozatu behar luketenean, soldatarik gabeko lanean. Seme-alabak hazi ostean, ilobak hazten. Amona batek lehengoan aitortu zidan lehengoan kokoteraino dagoela. Bi ilobak zaindu behar dituela eta ez dakiela zer egin beraiekin. Goiz osoa aspertuta daudela esaten igarotzen dutela eta bera ez dagoela sasoi onean 5 eta 7 urteko terremoto bi hondartzara eramateko. Gusturago legokeela lagunekin briskara olgetan, baina semearen alabekin egotea egokitu zaiola.

Estatu espainolean, familien %71k jotzen dute aitona-amonengana haurrak zaintzeko. Estatu frantsesean, familien %55ek. Azken ikerketen arabera, baina, gero eta ohikoagoa da “aitona-amona esklaboen sindromea”. Zaintza hori burutzera derrigortuta sentitzen dira asko, eta zer pentsatu ematen dit horrek.

Bost urte eman genituen guk aitona-amonen komodinik gabe. Eta bai, gogorra izan zen. Eta bai, plan asko bertan behera utzi behar izan genituen. Baina posible da moldatzea. Euskal Herrira itzulita, berriro daukagu aitona-amonen komodina eta bidaltzen dugu semea beraiengana. Baina beti galdetzen diet ea ahal duten, ea ondo datorkien eta ea planen bat zapuzten diegun. Izan ere, uste dut gehiegi jotzen dugula aitona-amonengana. Lana daukagulako laguntza eskatzea gauza bat da. Parrandan joateko laguntza eskatzea, beste bat. Aitona-amonak ez daude haurrak zaintzeko, haurrei kapritxoak emateko baizik. Geuk erabaki dugu guraso izatea. Gure gurasoek ez dute aitona-amona izateko hauturik egin. Beraz, ez ditzagun soldatarik gabeko zaintzaile modura izan.

Animo asko uda lanpetua igarotzen ari diren aitona-amona guztiei. Iraila hurbilago dago. Laster itzuliko dira umeak klasera, eta orduan iritsiko dira zuen paseoak, pilates klaseak eta Imsersoko bidaiak. Bitartean, eutsi. Eta noizbait ilobak zaintzea txarto badatorkizue, lasai esan. Zaindu ditzatela euren gurasoek, horretarako daude eta!