Sustrai Colina
Entrevista
GARAZI ARRULA RUIZ
Idazlea eta editorea

«Ezin ditut pribatua eta soziala bereizi»

Zeren arabera aukeratzen dituzu liburuak? Zerk pizten dizu liburu bat irakurtzeari ekiteko bulkada? Zer da zuretzat liburu on bat, esperotakoa kontatzen dizuna ala harritzen zaituena? Erantzunak ezberdinak al lirateke “liburu” jartzen duen lekuan “elkarrizketa” agertuko balitz? Ez al dute kazetaritzak eta ipuingintzak elkarren antz gero eta handiagoa?

(Jagoba Manterola FOKU)

Badira kontatzen dutenaz gain, kontatzen zaituzten ipuinak. Halakoak dira Garazi Arrula Ruizek (Tafalla, 1987) “Lurraz beste” (Txalaparta, 2023) liburuan bildu dituenak. Orain sei urte argitaratu zuen “Gu orduko hauek” (Txalaparta, 2017) bilduma. Itzultzailea ikasketaz, Txalaparta argitaletxeko editorea ofizioz, besteak beste, Amelie Nothomben “Hodien metafisika” (Igela, 2017) ala Sylvia Plathen “Beirazko kanpaia” (Txalaparta, 2022) ekarri ditu euskarara. Argi esaten du esan beharrekoa. Ez du arazorik ez dakiela onartzeko. Liburuetarako gordetzen ditu ipuinak.

Irene Pujadas idazle katalanak dio eleberriek irakurleak bidean laguntzen dituztela eta ipuinek, aldiz, bakar-bakarrik uzten, ideia edo irudi bat lehertu ostean. Egia da nobelek, bai denboran bai irakurketa prozesuan, akonpainatu ohi gaituztela. Baliteke istorioan luze murgiltzea gustatzen zaigulako izatea oraindik eleberria genero nagusia. Ipuinek, aldiz, funtzionatzen badute, onak badira, agian ez digute eskutik helduko, baina oihartzun bat uzten digute gerora, luzaroan gera daitekeen arrasto edo irudi bat. Nahi nuke nire ipuinek ere hala egitea. Ez nuke esango nire kontakizun guztietan leherketa bat dagoenik, ageri-agerikorik ez behintzat. Beharbada, kilimak dira, ziztadak. Ez noa efektu bila, ipuinak ez ditut horrela planteatzen, baina idazketaren helburua zerbait eragitea da.

Non du sorburua «Lurraz beste»-k? Tenporalki, 2020ko hasieran, pandemia aurretik, beraz. Hor hasi nintzen idazten, baina hazia lehenagotik zegoen nigan. Urteetan eramaten ditut ideiak, esaldiak, irudiak edo dena delakoak gogoan, elikatzen joaten naiz eta, halako batean, habia egin dutela sentitzean, idazteari ekiten diot. Ipuinen erdiak neuzkanean, berrirakurtzen jarri eta ohartu nintzen hari bat zegoela, galdera batzuen bueltan nenbilela. Lurrak dar-dar egiten duenean zer gertatzen da gure erroekin? Nola askatzen ditugu? Nondik eta nola berriz landatzen? Errotzeez eta deserrotzeez ari nintzela jabeturik, bide berari segitu nion gainerako ipuinetan. Ez dakit haria topatu nuelako izan zen edo, besterik gabe, barrutik kezka horiekin nenbilelako.

Memoria txarrekoa izaki, ez ahanzteko ere idazten duzula irakurri dizut. Horregatik ere bai. Ez da arrazoi bakarra, baina idaztea ez ahanzteko modu bat da niretzat. Idazten ditudanak garaiari eta lekuari oso lotuta daude, momentuko kezkak eta egoerak azaleratzen ditut eta, errealitateak fikzio konpartituak direnez, nire alea jartzen saiatzen naiz, gerora memoria historikoa izango den horretan ekarpena egin eta nire kokapenaren arrastoa uzteko. Orain eta hemen, zeintzuk dira nire kezkak, zeintzuk nire galderak? Zer beste galderekin erantzuten diet galdera horiei? Erantzun kategorikoak baino gehiago interesatzen zait bilaketa hori.

Zeintzuk dira, dena erortzear denean, irudikatzen dituzun heldulekuak? Hori dago muinean: zer helduleku geratzen zaizkigu fedeak galdu direnean? Ez dut uste gure garaiko kontu bat denik. Egun, asko aipatzen dira garai likidoak, baina gizakiak beti behar izan ditu heldulekuak eta beti izan ditu sinesmenak. Mitoak, erlijioak, askapen mugimendua edo borroka armatua, komunitatea, familia... Beti behar izan ditugu heldulekuak. Natalia Ginzburgen aipu bat dakar liburuak hasieran: “Ez dago bakerik gizakiaren umearentzat. Azeriek eta otsoek beren gordelekua dute, baina gizakiaren umeak ez du non bermatu burua. Gure belaunaldia gizakien belaunaldi bat da. Ez da azerien edo otsoen belaunaldi bat. Gutako bakoitzak gogo onez bermatuko luke burua nonbait, gustura edukiko luke gordeleku txiki lehor eta epel bat. Baina ez dago bakerik gizakien umeentzat (...) Garai bateko ziurtasun oro erauzi egin ziguten, eta fedea ez da sekula izan gainean lokartzeko moduko zerbait”. Natalia Ginzburgena beste garai eta bizimodu bat izan arren, kezka bera zen: zeri heldu. Beharbada, lehen materialagoa edo ikusgarriagoa zena lausoagoa eta difusoagoa da orain.

 

Liburuko pertsonaiak trantsitoan ez ote dauden, bai fisikoki, bai psikologikoki… Idazten ari nintzela ez nintzen kontziente, baina bai. Desplazamendu asko daude, izan solairu aldaketak zein auto bidaiak. Iruditzen zait, askotan, desplazamendu fisikoak badakarrela nolabaiteko desplazamendu emozional bat. Gauzei beste toki batetik begiratzera behartzen gaitu, bestelako paisaia eta loturaz inguratzen... Oinez ere ez gabiltza berdin urduri ala lasai ederrean goazenean. Fisikoki atzematen da nola gauden barrutik.

Pertsonaiak oso ezaugarrituta daude. Ikusi behar ditut. Idazten jartzerako, protagonisten ezaugarriak zerrendatzen ditut: zer hezkuntza mota jaso duten, publikora ala pribatura joan diren, erlijioak zenbateko pisua izan duen beren haurtzaroan, botoa nori ematen dioten, zer musika entzuten duten, zeintzuk diren haien zaletasunak... Zertzelada horiek beharrezkoak zaizkit pertsonaiak ezagutu, ikusi eta zer-nola esango luketen asmatzeko. Ondoren, idazterakoan, zertzelada horien hamarren bat ere ez da agertuko ipuinean, baina niretzat pertsonaiak sinesgarriak izan ezean, ezin ditut irakurlearentzat ukigarri egin. Horregatik, pertsonaia batzuek nirekin jarraitzen dute ipuina amaitu eta gerora ere. Esaterako, Andreak Nora ezagutu zueneko ipuineko Andrea eta Uxue aurreko liburutik hartuak dira. Pertsonaia horiek nigan gelditu ziren, laguntasun harreman horrek gehiagorako ematen zuela susmatzen nuen. Baina gehienetan istorioek eramaten naute pertsonaietara.

Prekaritatea, gatazka armatuaren ondorioak, etxebizitzaren problematika, harreman afektiboak kudeatzeko manerak... Badago soziala pribatu eta pribatua sozial egiteko asmo bat? Izaki sozialak gara. Ezingo nuke bestela egin, ezin ditut pribatua eta soziala bereizi. Niretzat guztiz lotuta daude gure egunerokoaren gauza txikienean ere. Olaia Inziartek xoragarriki kantatzen duen gisan, “ni ez nintzateke honetan sartuko bazterrak nahasteko ez balitz”. Ez dut terapia bezala idazten. Nire kezketatik ernatzen denaz ari naiz, jakina, baina kezka oso sozialak dira, oso konpartituak. Ez dira kezka pertsonal hutsak, belaunaldi, komunitate edo dena delako batean airean dabiltzan gaiak dira. Kezkagai horiei heltzea bera, bazterrak nahasteko, beste buelta bat emateko eta eskuak lokazteko manera bat da. Goazen honetaz pentsatzera, eztabaidatzera eta zer azkura edo kilima sortzen digun sentitzera.

Pertsonaiei gertatzen zaizkienak bestelakorik iradoki dezaketen arren, samurtasuna darie ipuinei. Poztu naiz hori esan didatenean. Krakatekoak, aldaketak, krisiak dira zentzu etimologikoan, ez dute zertan konnotazio negatiborik izan. Horregatik doa samurretik ipuinek uzten duten aho zaporea. Zapaltzen dugun zoruak krak egiten duenean, hil ala bizikoa dirudi guztiak, baina, egiaz, ez da hainbesterako izaten. Gerora, zinez zerbait handia gertatu eta “zertan nenbilen ni?” galdetzen diogu gure buruari. Dena lurrera ekartzean, galdera ez da “zenbateko tokia du honek nire bizitzan”, baizik eta bizitzan. Nik ere konpartitzen dut beldurra, eta egungo autoritarismorako joera kezka handiz bizi dut. Baina horiek hala izanik ere, samurtasuna salbatu nahi nuke eta, batez ere, komunitate sena, elkarrekin aurrera egitea, nahiz eta ez jakin nola.

Zure pertsonaiak Iruñean dabiltza, Nafarroako erdialdean, Bilbora joaten dira… Lekuek ere egiten gaituzte, modu oso nabarmenean. Ez da gauza bera lehorrekoa edo kostaldekoa izatea. Gero, irakurle bezala, asko eskertzen dut, deskribapen zertzelada batzuekin bada ere, lekuak ikusarazteko ahalegina. Ni gauza bera egiten saiatzen naiz Tafalla eta bere inguruarekin. Iruditzen zait ezagutzen duenari ekarpen bat egiten diola eta ezagutzen ez duenari ez zaiola deus faltako. Gainera, uste dut, erreferentzia literario eta zinematografikoengatik, oso erraz irudikatzen ditugula New York edo Tennessee ibaia, baina, agian, ez garela Txantrearen edo Tafallaren irudi bat egiteko gai. Hor, herri gisa, arazo bat daukagu.

Zertarako erabiltzen duzu espazioa, zehazki? Ez dut irakurleak istorioa kokatzen dudan ingurua ezagut dezan erabiltzen, tokiak pertsonaiei buruz esan dezakeena islatzeko baizik. Etxe bat deskribatzen badut eta etxe horretako besaulkiak larruzkoak badira, zerbait esaten ari naiz etxe horri buruz, bertan bizi den pertsonaia horri buruz. Paisaiak, hirien arkitekturak, ohitura eta bizitzeko modu batzuen ispilu dira, janzten gaituzte, gure harremanak horren araberakoak dira. Ez gaitu berdin egiten herriak edo hiriak, auzoko plaza eskura izateak edo ez... Espazioek ematen zaiena baino garrantzi handiagoa dutela uste dut.

Horregatik ageri dira pertsonaiak itxura batean arruntak diren lekuetan? Zergatik dira espazio batzuk besteak baino literarioagoak? Zer dela eta da Londres Iruñea baino literarioagoa? Zerk egiten du espazio bat literarioa? Nire ustez, erabiltzen ditudan espazioetan gertatzen da bizitza, nirea bai behintzat, eta esango nuke gehienona ere ez dabilela leku horietatik aparte. Nire bizitzako gauza inportanteenak leku oso arruntetan gertatu dira. Ondorioz, niretzat, leku horiek izan behar dute literarioak. Gero, nahita kokatu dut ipuin bat ginekologoaren kontsultan eta ez dentistarenean, gaia ekarri nahi nuelako. Ez dut ulertzen ginekologia nola ez den gehiagotan aipatzen, gizateriaren zati hain handi bati eragiten badigu.

 

Liburuko zortzi ipuinak elkarrengandik oso ezberdinak dira kontamoldez. Ipuin bakoitza egokiena zitzaion soinekoz janzten saiatu zara? Ez dut ugaritasuna bilatu, istorio bakoitza kontatzeko forma egokienaren bila jo dut. Helburua ez zen baliabide narratiboen bilduma bat egitea. Hori ez. Istorioaren ala kontatu nahi nuenaren mesedetan aritu naiz formaren bila. Azken ipuina izan da salbuespena. Hor bai, kontakizuna eszenaka eta kamera batetik jasota balego bezala, pentsamendurik zein sentimendurik gabe, garatzea nuen xede.

Alde handia egoten da idazten hasi aitzin buruan duzun ipuinetik paperean argitaratzen denera? Idaztera jartzen naizenean, aski material badudala iruditzen zaidalako da, baina ez dakit ipuinak nora eramanen nauen, zein izanen den amaiera. Batzuetan pisu handiagoa hartzen du hastapenean pentsatzen ez nuenak, besteetan fokua aldatzen da. Adibidez, badakit harreman afektibo sexual baten azkenari buruz idatzi nahi dudala, kanpin batean kokatzen dut baina, bidean, aurreikusi gabeko harreman batek uste baino indar handiagoa hartzen du eta bestelako bukaera bat eraikitzera bultzatzen nau. Idazketari ekitean oso kargatuta noala iruditu ohi zait, handik gutxira egiaz ez dela hala sentitzen dut, baina beti izaten dut zerbait. Oso gutxitan utzi dut ipuin bat erdizka. Normalean, idazten jartzen banaiz, bukatzeko beste badudala sentitzen dudalako da, nahiz eta daukadanak non bukatuko duen ez jakin.

Idaztea den lan indibiduala kolektibizatzen saiatu zara. Nola egiten da hori? Zer asmo dago gibelean? Batetik, oso argi neukan Txalaparta argitaletxetik kanpoko editore bat behar nuela. Bestetik, lehen ipuin liburuarekin modu intuitiboan egin nuena, kontzienteago egin dut oraingoan: nire ustez, irakurle finak direnekin taldetxo bat osatu dut. Gaiarengatik ala gustuengatik, bakoitzari bina ipuin igorri nizkion eta ipuin bakoitzak bi irakurle izan ditu. Batzuk iritzi oso orokorrarekin, besteek hitzen zehaztasuneraino jaitsita, baina denek erantzun didate eta oso eskertuta nago. Gero, ez diet beti kasu egin, nik erabaki dut zer gorde eta zer ez, baina balio izan dit kontrastea egin eta, batez ere, elkarrizketan jartzeko. Bestela ere irakurketak eta liburu gomendioak partekatzen ditugu, baina uste dut elkar gehiago ezagutzeko eta harremanak sendotzeko balio izan digula. Askoz aberatsagoa iruditzen zait elkarrizketan jartzea ni nire kasa aritzea baino. Ipuinak ez dira hutsetik sortuak, espazioak okupatzen ditugu eta espazioek okupatzen gaituzte, eta, batez ere, harremanean hazten eta eraikitzen gara. Horregatik, ipuin hauek nireak dira, baina ez nireak bakarrik. Horren aitortza ere bada egiteko molde hau.

Liburua aurkezterakoan, deseroso sentitzen zarela aitortu izan duzu. Behin liburua argitaratuta, nik gutxi daukat esateko. Iruditzen zait a posteriori asmatu behar izaten ditudala argumentuak. Ez da nire lanarekiko atxikimendu falta. Nik ez dut esan nahi nola irakurri behar den liburua, nire eraginak zeintzuk diren... Irakurleak irakurri behar du, irakurleak esan. Irakurle taldeetan bai, oso gustura aritzen naiz, parez parekoa delako harremana. Bertaratzen denak liburua irakurria du, iritzi bat dauka, jakin-mina eta errazagoa zait nire burua hor kokatzea. Baina elkarrizketetan ez dakizu nork irakurriko duen, ez duzu solaskiderik…

Idazleei gehiegi eskatzen zaizuela ere esan izan duzu. Ez idazleei bakarrik. Gertatzen dena da idazlea, letraduna edo asko irakurria dela suposatzen denez, edozertarako komodina bihurtzen dela. Inork ezin du denari buruz jakin eta inork ez du denerako balio. Nik ez, behintzat. Arazoa da, lanbidearen prekarizazioagatik, idazleak kasik behartuta daudela tertulietan ala iritzi-emaile lanetan hastera. Prekarizazioak bestela hartuko ez zenituzkeenak hartzera bultzatzen zaitu, eta horrek zernahiri buruz dakizunaren irudia handitu baizik ez du egiten.

Idatzi dituzun bi liburuen artean 6 urte igaro dira, baina tartean egin dituzu itzulpen andana bat, autoitzulpenari buruzko doktore tesia, 80 bat libururen editoretza... Zer aportatzen dizu lan edo diziplina bakoitzak? Editoretzak jatekoa ematen dit. Lana da, lan polita, baina lana. Asko ikasi dut eta asko ikasten ari naiz oraindik. Bai editoretzak eta bai itzulpengintzak irakurtzen irakatsi didate. Gerora datoz nahasteak eta elkar zapaltzeak. Adibidez, elkarrizketetan, banketxean edo irakaskuntzan lan egiten duen idazleari ez zaio bere eskolako ala banketxeko lanaz galdetzen, baina niri editoretzaz eta itzulpengintzaz aritzea tokatzen zait. Egia da, itxura batera, aski loturik dauden jardunak direla, baina nik bereizita dauzkat. Idazketa lan oso pausatua eta jarraitua da, itzulpengintzari kolpeka bezala heltzen diot…

Zer da zuretzat itzulpen on bat? Oso garaiaren araberakoak dira itzulpen on bati eskatzen zaizkionak. Gaur egungo eskakizun nagusia itzulpen bat ez balitz bezala irakurri ahal izatea dela uste dut. Ez dakit, ordea, hala behar lukeen, oin-ohar bat aski delako itzultzailea agertzeko. Hizkuntza gutxitutik ari garen susmoa dut. Adibidez, Faulkner gazteleraz irakurri eta ez zaigu itzulpen bat denik iruditzen baina, euskaraz ari bagara, beste betaurreko batzuk janzten ditugu zernahi neurtzeko. Argi dagoena da garaian garaiko irizpideak daudela. Esaterako, Orixek “Tormesko itsumutila” garaiko gizartearen balioen arabera itzuli zuen, horretarako pasarteak kendu eta bukaera aldatu behar izan bazion ere. Hori gutxi ez eta argitara ele bitan eman zuenez, bertsio originala ere aldatu zuen itzulpenarekin bat etortzeko. Hori gaur egun pentsaezina litzateke baina, orduan, Orixek ez du egiten duena ezkutatzen eta irakurle eta garaiko balioei zor zaiela azpimarratzen du.

Zergatik ez da itzultzailea sortzaile edo idazletzat hartzen? Pertzepzioa pixkanaka aldatzen ari bada ere, oraindik mailaketa bat dago. Ferietan nabaritzen dugu. Akordatzen naiz orain pare bat urte nola etorri zitzaidan liburuzain bat gomendio eske. Itzulpen pare bat proposatu nizkion eta, ezetz, sorkuntza nahi zuela tematu zitzaidan. Esanguratsua da. Argi erakusten du jende askorentzat oraindik ez daudela maila berean ez itzultzailearen jarduna ez emaitza.

 

Euskal idazle askok autoitzulpenera jotzen du. Zergatik? Autoitzultzeko bezainbat motibo egon daitezke ez autoitzultzeko. Zer dagoen autoitzulpenaren modaren atzean? Izan daiteke idazlearen egoa, itzultzaileekiko konfiantza falta, bere ahotsa beste hizkuntza batean eman nahia, ariketa literario batean trebatzeko gogoa, diru premia... Edo izan daiteke merkatuak eskatzea autorea bera izatea obraren itzultzailea, bigarren original bat bezala saldu, liburuak sinatu eta salmentak puzteko. Espainiako merkatua oso egozentrikoa da eta sistema hegemonikoak hori eskatzen du.

Beti handiaren menpeko. Batetik, ez dezagun ahantzi euskal obren gaztelaniazko autoitzulpenak Euskal Herrian bertan ere argitaratzen eta saltzen direla. Bestetik, ez da kasualitatea menpeko hizkuntzatik nagusi den hizkuntzara soilik autoitzultzea, 2011tik hona euskal literatura askoz gehiago itzultzea kasualitatea ez den bezala. ETAren su-etenetik hemengoarekiko interesa handitu da, ordura arte ez zegoen irekidura bat dago gurean egiten dena kontsumitzeko. Katalanek, aldiz, Procés-etik hona haienarekiko interesaren apaltze bat nabari dute Espainian.

Zuk nabaritzen duzu nolako editorea zaren? Ikasten ari dena eta dituen baliabideekin gauzak ahal bezain ongi egiten saiatzen dena. Gorka Arresek, Susako editore ohiak, editorea orkestra zuzendaria dela zioen, mila detaile kudeatu eta zaindu behar izaten dituelako pieza eder entzun dadin. Nik, hortik abiatuta, txaranga zuzendariak garela diot. Lanbide oso prosaikoa da gurea: dirulaguntzak eskatu behar izaten ditugu, ferietara joan, prentsarekin hitz egin, liburu dendekin harremanetan jarri, gainontzeko argitaletxeekin saretu, inprentarekin gorabeherak moldatu... Nahiz eta lanaren zati handi bat hori izan, irakurtzeko denbora falta dudala sentitzen dut, gehiago irakurri behar nukeen sentipenarekin bizi naiz. Orain lau urte eta erdi Txalapartan sartu nintzenean, Jose Mari Espartzak editore lana horrela laburbildu zidan: harremanak, harremanak, harremanak eta harremanak. Egia da, hori ere bada.

Leire Lopezek, Susa argitaletxeko editoreak, kontraesan iraunkor batean bizi dela dio, hilabete amaieran berak soldata duelako eta argitaratzen dituen idazleek ezin dutelako literaturatik bizi. Leirek eta biok askotan hitz egin dugu horri buruz. Horrela da. Idazle batentzat ez da posible literaturatik bizitzea eta editoreontzat, aldiz, bai. Horren aurrean zer egin dezakegu? Nik ez daukat formula magikorik eta ez dakit buelta nola eman diezaiokegun. Baina, hori horrela denez, saiatzen gara prozesuari garrantzia ematen, pauso bakoitza mimatzen eta beste modu batera konpentsatzen, gaur-gaurkoz, diruz ezin ordaindu daitekeen lan hori.

Zer eragin dute editoreek argitaratzen diren literatur ereduetan eta kanonetan? Uste baino handiagoa. Gogoan izan eta arduraz jokatu beharreko kontua da. Dena den, dena ez da editoreon araberakoa izaten, argitaletxeek ere pisu handia dute argia ikusten duten liburuetan. Txalaparta ez naiz ni bakarrik, ez dut beti nahi dudana argitaratzen, eta eskerrak. Argitaletxe bakoitzak dauka historia bat, tradizio bat, lerro editorial bat eta, hala ere, editorearen figura, eskua, joera, fobiak eta filiak atzematen dira. Hain zuzen, horregatik iruditzen zait arduraz jokatu behar dugula. Argitaratzen dugunak arrasto edo marka bat uzten du. Ondorioz, ezin dugu ahantzi literatur sistema baten barnean ari garela eta gure filtroak literatur ereduak sortzen dituela.

Argitaletxeak euren editorearengan pertsonalizatu ditugu luzaz. Ez al da joera hori iraultzen ari? Ez da gurean soilik gertatu den zerbait. Beste argitalpen sistema batzuetan ere editoreek jarri diete aurpegia argitaletxeei. Argitaletxe asko oso pertsonalistak izan dira. Egun, zorionez, irudia koralagoa eta aberatsagoa dela uste dut. Azken urteetan gauzak beste modu batera egiten saiatzen ari gara eta gure artean ere errespetuzko harreman osasuntsua dugulakoan nago. Elkar ezagutzea, elkar zaintzea eta elkar laguntzeko prestasuna behar ditugu editoreon lana zein sektorea bera jasangarriago eta bizigarriago egiteko.