13 AGO. 2023 LUMA BERRIEN AZTARNAK Gurpildun ibiltaria (Kristina Fernandez) Ainitze Arretxe Agirre Igaro dira bi urte erabakia hartu nuenetik. Langabezian geratzeak gogorki kolpatu zuen nire errutina. Lo askorik egin gabe pasatu nituen hiruzpalau gau, buruari buelta eta buelta. “Ea, Bixente, zer indargune dituk? Zertan haiz trebea? Zer eskain zezakek halako gizonkote baldar baina argi eta mingain bizkorrekoak?”. Aspaldiko lagun batek salgai zuen furgoneta. Sega-potoa eskuetan hartu eta deitu egin nion. - Aizak, Fernan, furgoneta salgai omen duk, ezta? - jo nuen zuzen korapilora. - Hala duk, bai. Interesa al duk? - Langabezian geratu nauk... Ez dik itxurarik epe motz-ertainean ezer aterako denik. - Ez esan...! Sentitzen diat, kamarada. - Ideia bat zabilkiat bueltaka. Niri gertatutako istorioak umorez kontatuko ditiat, edo niri gertatu zaizkidala esanda, asmatutakoak. Horretarako beharko nikek furgoneta. Herriz herri, auzoz auzo, bakarrizketak kontatzen ibiliko nauk. - Bixen, seguru al hago? Baduk nire babesa, baina ez duk samurra izango… - Bizitza aldaketa behar diat. Batetik bestera ibiltzea atsegin diat, leku berriak ikusi eta jendea ezagutzea. Hori guztia lanarekin uztartu bazezakeat, zer hobeto? - Tira, tira. Hala ikusten baduk… - Emango diat guztiaren berri. Afari bat, garai zaharretan bezala? - Ondo zagok. Eta ondorengo kanutoa...! - Ez ezak izan zalantzarik. Egun eta ordu hartatik nire bizitza zeharo aldatu zen. NA-2869-P matrikuladun traste zaharraren gaineko ibiltari nomada egin nintzen, eta bizi estilo hark erakarrita, Euskal Herriaz haratagoko txoko asko ezagutu nituen. ¡Olé qué arte! ¡Que sigas, miarma! Elkarrekiko keinu konplizeak izan genituen. Garagardo bat, beste bat, tartean flamenko apur bat… Halaxe luzatu zitzaizkidan hainbat gau. Alkoholarekin nituen borrokak batetik, eta bakardadeak eta egoerak ez hobetzeko zuen itxura egoskor eta tematiak bestetik, euforia eta susperralditik depresio edo apalaldira ninderamaten sigi-saga bipolarrean. Etorkizunik ez zuen bizimoduan kateatuta eta noizbait arrakastaz beteriko bidea urratuko nuen desesperantzak hartuta, A-7000 errepidean 210.000 kilometroko muga gaindituta zuela, gurpildun ibiltariak betiko utzi ninduen. Prekaritateak suntsitu ninduen. Ez neukan sosik tramankulua behar bezala zaintzeko, are gutxiago zaharberritzeko, eta inguru hurbilean ez zegoen konpontze lantegirik. Gau hartan, azkenaldian egun onenetan egiten nuen bezala, afariaren eta bi sosaren trukean nire ikuskizuna eskaini behar nukeen. Oraingoan, hiru izarreko hotelean. Gainera, hara bidali ninduen ezagunak garbi esan zidan “Toy hartito de mandarte a zitio y que me llamen diciendo que has ido borracho, o que no has ido”. “¡Esta es la última!”. Edonola ere, parke natural baten erdian nengoen sega-potoan estaldurarik gabe. Urtearen sasoi horretan, eta ilunabarra gertu, inor pasako zen itxaropenik ez nuen. Nire helmugara iristeko gehienera lau edo bost kilometro geratzen zitzaizkidan, ordubetean egiteko modukoa, ustez. Horrela ba, motxila txiki batean nire ondasun urriak, agiri ofizialak eta ur botilatxoa hartu, gitarra soinean gurutzatuta jarri eta abiatu nintzen. Hasieran gogotsu; hamar minutu pasa zirenerako, ordea, aspertuta eta nekatua. Bero egiten zuen, eta izerdia sentitzen nuen kopetan, lepoan eta bizkarrean behera. Hotelera iristen nintzenean ikuskizuna eman aurretik nire burua nola txukunduko nuen imajinatzen nuen bitartean, eta gero eta garaiagoa zirudien malda batean gora nindoala, bidegurutze batera iritsi nintzen. “Orain, nora?”, pentsatu nuen, gurpildun ibiltarian utzi nuen mapa gogoratu nahian. Azkenean malda gutxien zuen bidea hartzea erabaki nuen, eta beste ordubete pasatxo ibili nintzen. Ohartzerako, berriz ere nire gurpildun ibiltariaren ondoan nengoen. “Ez gaituk, antza, elkar uztekoak...“. Izerdiaren, gehiegizko kiloen eta ohitura faltaren ondorioz izter barrenak urratuta nituen, oinak ere minez eta kantinplorako ura ahituta. Eskumutur eta besondoak eltxoen ziztadaz beteta nituen. Hala ere, gutxienez eseri, atseden hartu, eta gordeta nuen azken vodka botilari trago eder bat eman ahal izango nion. Zeruari atea irekitzen ari nintzaion infernu atarian, aho oso zorrotzeko tresna hurbil ikusi nuenean… Idazleari buruz... Ainitze Arretxe Agirre (Segura, 1993). Lehen Hezkuntzan graduatua. Egun, heziketa bereziko irakaslea naiz. Betidanik, nire ideia eta emozioak idazteko zaletasuna izan dut. Aurten eman dut pausoa Bergarako idazle eskolan trebatzeko. Benetan sinesten dut sormena guztiok barnean dugun berezko gaitasuna dela. Gorputzari entzun eta ateak irekitzeko ausardia baino ez da behar errealitate bilakatzeko.