JURGI FERNANDEZ - salto training
KIROLA

Eta irailean zer?

Abuztuari amaiera ematen ari gara eta gure egunerokotasuna bueltatzear da. Horrekin batera, makina bat galdera egingo dizkiogu geure buruari, oporraldietako hausnarketak direla-eta (“opor osteko sindromea” deritzoguna). Horien artean jarduera fisikoak garrantzi handi hartzen du gure gizartean, ohitura osasuntsu berriak bilatzeko eta gure bizitzan aldaketa bat eragiteko helburuarekin. Aldi berean, gaur egun emaitzak bat-batean lortu nahi ditugu, ongizatea ahalik eta lasterren topatu, honek dakarren prozesua bizi gabe.

Hori dela eta, udaren ostean aldaketa fisiko bat zein ongizate orokorra bilatzen duten pertsonek erabaki bat hartu aurretik euren buruari zenbait galdera egin beharko lizkiokete. Zer lortu nahi dugun argi dugu, bakoitzaren helburua, baina zertarako? Aldaketa horrek eskatzen duen esfortzua egiteko gai ikusten al dut neure burua? Momentu puntual bateko aldaketa baten bila nabil edo etorkizunari begira nire osasuna hobetuko duen aldaketa baten bila? Nire egunerokotasuneko tarte bat nire osasunera bideratzeko prest banago, zein tarte da hori eta zein jarduera da nire helburura gehien egokitzen dena? Galdera hauek erantzuteko gai bagara, gure helburutik gertuago egongo gara eta gure beharretara egokitutako jarduera bat aukeratzen lagunduko digu.

Era berean, geure burua kirol modalitate batera bideratzen badugu, egokitzapen-fase bat egin beharko genuke; entrenamenduen erritmoa moldatu, entrenamenduak jasateko tolerantzia astetik astera handituz eta helburua epe luzera finkatuz. Ohiko akatsa izaten da oporraldi aurreko entrenamendu-erritmoa ahalik eta lasterren berreskuratzen saiatzea, eta horrek lesionatzeko arriskua areagotzen du eta helburu eskuraezinak jartzeak geure burua zapuzten du.

Ondorioz, iraila ate-joka dugula, momentu ona da inflexio puntu bat egiteko eta ongizatea bilatzeko estrategia ezberdinak planteatzeko. Hala ere, aldaketa hauen garrantziaz kontziente izateaz gain, gure egunerokotasunaren parte bihurtu behar ditugu eta aurrera eramateko gai ikusi behar dugu geure burua. Horrek bermatuko du aldaketa prozesu honen arrakasta.