Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Tximeleta efektua

Ziurgabetasunean murgildutako etorkizunak oihuka eskatzen digu arkitekturaren mugak apurtzea, desagertzearen aurka diseinatzeko; bai bioaniztasuna galtzea ekiditeko, bai eta gizakion iraungitze data luzatzeko ere.

Eraikinaren kanpoaldeko fotomuntaketa.
Eraikinaren kanpoaldeko fotomuntaketa. (Terreform ONE)

Horretarako, aproposa litzateke natura prozesuak ulertu eta haiekin batera jardutea diseinua eta teknologia lanabes gisa baliatuz. Orain arte aurkako joera nagusi izan den arren, hots, eraikuntzek beste espezieekiko muga suposatu duten arren, aurrerantzean eraikinak nahiz espazio publikoa horiekin ahaidetasun berriak sortzeko azpiegitura paregabeak izan daitezke.

Ongi dakite hori Terreform ONE (Open Network Technology) osatzen duten kideek. Artea, arkitektura eta hiri-diseinua aztergai dituen irabazi-asmorik gabeko taldeak laborategi funtzionamendua dauka eta diziplina ugaritako espezialistak biltzen ditu. Diseinu sozioekologikoa eta berrikuntza ardatz hartuta, estrategiak garatzen dituzte espezie ororentzat espazio inklusiboak sortzeko. Horren eredu deigarria da New Yorkeko Nolitan, North of Little Italy auzoan, landu duten proiektu aitzindaria: Monarka tximeletaren santutegia (Lepidoptera terrarium). Ekimena eskuzabala da ekologiarekin, tximeleten kontserbazioa bultzatzen baitu fatxadetan, estalkian eta terrazan horientzat berebizikoak diren bizitokiak erreproduzituz. Helburua eraikina Danaus plexippus espeziearentzat hazkuntza-lekua izatea da.

AEBetako ekialdeko kostaldea monarka tximeletaren migrazio ibilbidearen parte da. Hala ere, azken 30 urteetan, New York gisako hirietan, nabarmen murriztu da (%90 inguru) intsektu hegalari horien biztanleria iraunkorra. Beraz, santutegi izenez bataiaturiko proiektuak berebiziko garrantzia izango du eskala handiko lepidopteroen terrarium gisa, eta funtsezko bi estrategiaren bitartez tximeleten presentzia indartuko du. Alde batetik, basa-tximeletentzat hazkuntza habitatak sortuko dira estalkian eta terrazan egingo diren kotoi landaketa irekien bitartez. Bestetik, pinpilinpauxen populazioaren gorakada sustatuko dute patioaren eta fatxadaren azal bikoitzean erdi itxita egongo diren intsektu-koloniek. Zomorro orok sartu eta irten ahalko du ekosistema horretan.

Kolore biziko pinpilinpauxak, ordea, ez dira izango eraikineko erabiltzaile bakarrak; programa bulegoz eta merkataritza-lokalez osatuko da proiektua errentagarria izan dadin. Guztira 2.500 metro karratu ingurura iristen den eraikinaren azalak kokagune pribilegiatua daukala esan daiteke, Petrosino deituriko triangelu formako plazara begiratuko baitu, Soho eta Bowery auzoen artean egoteaz gain. Era berean, mugimendua eta aldaketa jasango duen gainazalak kolorez jantziko du inguratzen duen espazio kolektiboa.

Egitura diagonal baten bidez eusten den fatxada bi azalekoa da. Kanpoaldekoa, eta, beraz, kalera ematen duena beirazkoa da, eta barrualdekoa, berriz, EFTE -polimero termoplastiko gardena- materialarekin eginiko itxitura da. Bi horien artean dagoen 90 zentimetro inguruko tartean, kontrolatutako klima espazioa sortzen da; tximeletentzako babesleku izango den terrarium edota lorategi bertikala, edozein urtaro izanik ere. Habitat berri horretako EFTE materialaren hidrogel-burbuilek hezetasun-maila optimoa mantentzen laguntzen dute, eta alga zakuek airea eta hondakin-urak arazten dituzte, bizidunentzat atsegingarriak izateaz gain. Eraikinaren atmosfera eta bioma egokia izateko barne-banaketak mizelioarekin -onddoen talo edo gorputz begetatiboarekin- egiten dira, eta sabaian landaredia gehigarria landatzen da.

Esperimentuaren jarraipena egiteko eta ikerketan sakontzeko tximeleta formako droneek mikroklimaren irakurketak eta mapak egingo dituzte une oro eraikinaren gainetik hegan eginez, asmoa izanik tximeleten osasuna kontrolatzea denbora errealean lortutako datuen bidez. Proiektua aitzindaria da teknologia berdeen erabileran, eta erakusten digu posible dela hiri-inguruneko ekosistema osatzen duten izaki guztiak aintzat hartzen dituen arkitektura egitea. Eraikina ez da inguratzaile hutsa, pertsona, landare eta pinpilinpauxentzako elkarbizitza bioma berri bat baizik.

Monarken populazioaren gainbeherari buelta emateko saiakera honek porrot egitea posible den arren, behintzat, jakinekoa da ekimenak ‘tximeleta efektua’ hasiko duela. Gainontzeko piezak mugiaraziko dituen gakoa izango da, eta, epe ertainera, eragin handia izango du ekosisteman, gertaera batek bestea ekarriko baitu hiria naturaz kutsatzeraino. Oreka bat sortuko da landareen, gizakien eta intsektuen arteko bizikidetzan, eta, horiez gain, beste hainbeste bizidun ere izango dira erlazio horien onuradun klima aldaketak ezarriko dizkigun erronken aurrean.