AMAIA URIBE
IRITZIA

Futbola eta matxismoa

Auzo-lotsa, amorrua eta mina. Sentimendu ezberdinak eragin dizkit Luis Rubialesek. Matxismoaren erakusle gordina da. Patriarkatuaren harramazkada. Matxirulo batek egin dezakeen erridikulurik handiena izan da musua eta musuaren ostekoa. Berak eta bere ingurukoek ez dute erasorik ikusi. Erasotzailea txalotu dute eta biktima gutxietsi nahi izan dute. Eta mundu osoari erakutsi diote futbolak kirol matxista izaten jarraitzen duela.

Jenni Hermosok, nazka eman dion musuaz gain, 250.000 euro jasoko ditu mundiala irabazteagatik. Jenni Hermoso gizona izan balitz, baina, ez luke musu nazkagarririk jasoko eta 400.000 euro kobratuko lituzke mundialeko kopa irabazteagatik. Soldata arrakala itzela dago futbol munduan. Alex Morgan estatubatuarra da mundu mailan gehien kobratzen duen emakumezko futbolaria, eta urtean 800.000 euroko soldata dauka. Aurreko zutabean kontatu nizuen, Neymar Juniorrek 100 milioi kobratuko dituela aurten.

Estatu Batuetatik itzuli nintzenean, poztu egin ninduen neskatilak futbol kamisetak jantzita ikusteak. Gure garaian hori ez zen ohikoa, eta semearen klaseko neskak Athletic, Arsenal eta PSGko kamisetak jantzita ikusteak garaiak aldatzen ari direla erakutsi zidan. Duela ez urte asko, neskei ez zieten futbolean jolasten uzten. Nire lagun bati, adibidez, amak esaten zion futbola ez zela neskentzat eta musika eskolara joatea hobe zuela. Beste lagun bati, marimatxo deitzen zioten mutilekin futbolean jokatzen ibiltzen zelako. Eta 2002. urtera arte, Athleticen ez zen nesken talderik egon.

Zorionez, gero eta emakume gehiago ikusten dira baloiarekin tokeak egiten, baloia kontrolatzen edo zelai erditik gol gogoangarriak sartzen. Egunotan Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri-Politikarako Goi Ordezkariak esan du pozgarria dela emakumeak futbolean jokatzen “ikasten” ari garela ikustea. Baina ez, Borrel jauna: aspaldi ikasi genuen jokatzen, eta gizonek bezain ondo edo hobeto jokatzen dugu gainera!

Espero dut hau guztia inflexio-puntu bat izatea. Joan gaitezen emakumeen futbol partidak ikustera. Eska dezagun emakumezkoen ligako partidak “prime-time”-ean ematea. Eta batez ere, ez ditzagun onartu onartezinak, nazkagarriak eta iraganekoak diren jarrerak. Jenni Hermosok gizartea altxarazi du. Gutxitan egiten dugun bezala, nahikoa dela oihukatu dugu. Momentuz, gol bat sartu diogu matxismoari; baina partida luzea da.