«Nik ezingo nukeen hobeto esan, laztana»
Laneko amorrazioz atera nintzen etxetik goiz hartan, oso aiurri gaiztoko danbatekoa emanda ateari. Banekien ez nuela txakur txikirik ere aterako egun hartan. Betiko kontua. Taxian lanaldia hasi orduko, profil berri hura miatzen hasi nintzen, “Profil-mota hau lehen ere ikusi izan duk”, pentsatu nuen niretzat. Nahi zuen guztia omen zuen: senar perfektua, alaba zoragarria, ogibide bihurtzen asmatu zuen zaletasuna eta idazteko gaitasuna, bizitza berrasmatzeko. Baina tankera hartu nion senarrarekin zoro gisa jolasean egiteko garaia aspaldi joana zuela. Biharamunean deika ari nintzaion.
Bordelen gera gintezen tematu zen. Kafetegiko atetik sartzen ikusi orduko jakin nuen hura behar zuela izan, eta hark ere azkar bereizi ninduen. Begi handiak zituen, irribarre zintzoa, hortz zuriak eta ezpain lodiak. Aurpegiko aurkezpen-gutun horrek gauza on pilo bat iradoki arren, berezia naiz emakumeekin, atentzioa pizten didate edo ez. Kopa bat eskatu ondoren, lehen hitzak esan genizkion elkarri eta mahai batean eseri ginen.
Haizeak ekarrita bezala, saxofoi baten soinu sentsualak bildu gintuen emeki-emeki. Ordurako konturatuta nengoen soinekoak gerria ondo markatzen ziola, baina tamainan; ez faltan eta ez soberan. Mahai-laguna argitaletxe ezagun bateko enpresa-andrea omen zen; horrek nagikeria handia piztu zidan, emakume aberatsaren eta gizonezko pobrearen istorioetan ez baitut sinisten. Ez dute funtzionatzen. Inoiz ez. Hala ere, ondo konektatu genuen.
Begira neukan bitartean, zerbait esango ote nion zain, bat-batean hurbildu eta hats epela bota zidan belarrira. Hura izan zen seinalea, besterik ez genuen behar izan. Nire andrezale-izaera indartu zen. Ez zegoen kale egiterik, harrapatuta nengoen. Gau hartan hasita nengoen bere ahotsaz, hitzez, esperientziaz eta adimenaz liluratzen, izaki xume bihurtzeraino.
Hotelera bidean, arrazoizkoa baino gehiago hurbildu nintzaion. Erle-erreginaren eta xaboi garestiaren usaina zerion. Hoteleko gelaren intimitatera ez ginen nahi orduko iritsi, han gorputzak gogor estutu eta ez genuen gehiago hitzik gurutzatu.
Nire plazeraren intentsitatea haren emaitzari begira egotearen harridurarekin nahastu zen. Emakume haren asealdia neurtuko zuen amaren semerik ez da jaio. Gehiago eta gehiago eman niezaion eskatzen zidan. Aterpe samur hura uste nuena baino txikiagoa sentitu nuen. Baina ez zen txikia, aitzitik, ez zuen amaierarik, unibertsoaren handitasunak bezala, haren gorputzaren uzkurdura sismikoek txikitzen zuten, epizentro guztiak hantxe zeudelarik.
Ondoren, zigarro bat piztu zuen. Nik ez dut inoiz erre, baina berehala jakin nuen ezingo nuela inoiz sentitu une hartan hura sentitzen ari zena. Une hartan ez ninduen ikusi ere egiten, bakarrik balego bezala infinituraino abstraitu zen. Nire buruari galdetu nion ea emakumeek ez ote duten izango gozatzeko gaitasun handiagoa. Egun hauetan horri bueltaka nabil.
Bueno, haria galdu gabe, Bordeleko eguzkiaren lehen izpiak gelan sartu eta berehala, betiko hasperena etorri zitzaidan. Banekien zer gertatuko zen hura esnatzen zenean: azken urteetan gertatu zitzaion gauzarik onena izan zela esango zidan, berriro elkar ikusi behar genuela, askoz zoriontsuagoa izango zela nirekin, baina hainbat arrazoirengatik, ezin zuela bere oraingo bizimodua utzi. Betikoa. Isilik jaiki, eta aitzakiaz beteriko ohar bat idazten hasi nintzaion handik hanka egiteko. “Dutxan zerbait originalagoa bururatuko zaik oharra bukatzeko” nire buruari esanda, dutxatzera joan nintzen.
Bainugelatik irten nintzenean, ez zegoen haren arrastorik, ordea. Joana zen. Nire harridura eztarritik pasatu ezinik, mahai gainean aurretik utzita nuen oharra ikustera joan nintzen, hitz batzuk zeuden nireen gainean idatzita. -Nik ezingo nukeen hobeto esan, laztana!-. Mugikorra hartu eta hitzorduen webgunean begiratu nuen, kendua zuen profila ordurako. Jainkosak blokeatu egin ninduen. Ezin izan nion barre egiteari utzi; barre zakarra izan zen hura, uste baino inozoagoa nintzela baieztatzen zuen barrea. Bat-batean, oso begikoa nuen beste profil batekin egin nuen topo; “Hau beste baterako utzi beharko duk” pentsatuta eta danbateko ozena emanda gelako ateari, etxerantz abiatu nintzen amorrarazita.
Oin bat hoteletik kanpo neukala, emakume baten ahotsa heldu zitzaidan harrera aldetik: -M. Badiola! M. Badiola! Pouvez-vous venir ici, s’il vous plaît?-. Hurbiltzean, modu bitxian begiratu zidan, aldartea asmatzeko gauza balitz bezala. Begirada hobeto pausatu nuen harengan, neska puska, bizi-bizia, hogeita hamar urtera iritsi gabe, parekorik gabeko gorputza, ile guztiak nahasiak zituelarik imajinatu nuen, atseginez garrasika hura ere... “Joan hadi etxera, haluzinatzen hasi haiz eta” esan nion nire buruari, neskari ahal izan nuen irribarrerik hoberena eskainiz. -Il faut payer la chambre, monsieur-. Umil, kreditu-txartela eman nion, eta hark, hoteleko txartela bueltan. Atzealdean, bere telefono zenbakia zuen idatzita, -Apelle-moi- esan zidan, hortz zuri perfektuak erakusten zizkidan bitartean.