7K - zazpika astekaria
ESKUBALOIA BIHOTZEAN DARAMATE

Kantxatik bulegora: Aginagalde anaiek beren zigilua ezarri nahi dute Bidasoa Irunen

2018az geroztik Bidasoa Irungo presidentea da Gurutz Aginagalde, eta iaztik bere anaia Julen kirol zuzendaria da. Bidasoaren interesen alde dihardute biek, eta etorkizunerako lehen zutarriak jartzen ari dira: harrobia eta klubaren profesionalizazioa.

Gurutz Aginagalde Bidasoa Irungo presidentea ezkerrean, eta Julen Aginagalde kirol zuzendaria eskuinean, Irungo Artalekuko pabiloian. Jon Urbe I FOKU

Ez da oso ohikoa klub batean norbait presidentea izatea eta haren anaia kirol zuzendaria izatea. Horrelako kasuak oso bakanak dira. Bada, Bidasoa Irunen hori jazo da, eta Aginagalde anaiak dira protagonistak. Gurutz Aginagalde (Irun, 1977) 2018tik da Bidasoa Irungo presidentea, eta bere anaia txikia, Julen Aginagalde (Irun, 1982), iaztik da kirol zuzendaria. Biek daramate Bidasoa bihotzean, eta jokalari jardunean utzi zuten arrastoa nahikoa ez, eta bulegoetan ere beren zigilua ezarri nahi dute.

Familian ez dute horretaz hitz egiten, bi anaiek aitortu dutenez. «Urte asko izan dira eskubaloian sartuta, eta nire aldetik, behintzat, aukera bat izan zen eskubaloiak eman zidan guztia itzultzeko. Julenen kasua ezberdina da. Bera Bidasoan lan egiten hastea da bere jakituria eta esperientzia guztia aprobetxatzea. Guretzat luxu bat da bera bezalako norbait klubean edukitzea», hasi da esaten anaia zaharrena, txikienari laudorioak botaz.

Ez da gutxiagorako, Julenek 25 urteko ibilbide arrakastatsua egin baitu eskubaloian, jokalari batek irabaz dezakeen guztia irabazita; besteak beste, Asobal Liga, Kopa, Kluben Munduko Txapelketa, Txapeldunen Liga eta Europako Txapelketa.

Izaeraz antza duten galdetuta, Julenek barrez esan du argazkietan ikusiko dela hori, eta gaineratu, «agian» Gurutz «irekiagoa» izan daitekeela: «Ni hasiera batean nahiko lasaia naiz, eta konfiantza behar dut jendearekin egoteko».

Gurutzek, anaiak esandakoari jarraituz, adierazi du berak «jendetasuna» izan dezakeela, eta mugituagoa dela. «Askotan gauza asko dauzkat aldi berean buruan, buelta asko ematen dizkiet gauzei, eta zentzu horretan, Julen ni baino lasaiagoa eta pentsakorragoa da. Uste dut elkarren oso osagarriak izan gaitezkeela», nabarmendu du presidenteak.

Haserretzekoak ote diren galdetuta, Julenek esan du oraindik ez dutela astirik izan. Eta, Gurutzek, gaineratu du oraindik ez direla hasi ere egin, eta ez dutela kasik elkar ikusten, elkarren ondoan bizi arren. Izan ere, anaia txikienak klubean egiten du lan. Zaharrenak, ordea, ez du klubean lan egiten, baizik eta kanpoan. Beraz, nahiz eta mugikorrarekin kontaktu handia izan, ez dute elkartzeko denbora handirik.

Goian, ezkerrean, Gurutz Aginagalde gazte zela Bidasoako atepean, eta eskuinean, 2005ean, Europarako txartela lortu zuten partidan. Erdiko bi argazkietan, Kauldi Odriozola, 2002ko argazki batean, eta urte batzuk lehenago Guadalajararen aurka jokatutako Europako Ligako neurketa batean. Beheko bi argazkietan, Jon Azkue, bere kirol ibilbideko bi garaitan; oriotarra taldeko kapitainetako bat izan zen. Jon Urbe, Juan Carlos Ruiz, Jagoba Manterola, Andoni Canellada, Gari Garaialde | FOKU

«KLUB ETA TALDE PROFESIONAL BAT»

Gurutzek presidente kargua hartu zuenean argi zuen Bidasoa nolakoa izatea nahi zuen: «Klub eta talde profesional bat». Horretarako, sartu eta berehala, bulegoa dimentsionatu zuen. «Klubean egin genituen lehen aldaketak izan ziren egunerokoan jendea lanean sartzea; lortu genuen diru sarreren gehiengoa kluba eta taldea profesionalizatzera bideratu genuen», adierazi du Gurutzek.

Izan ere, Bidasoa Irungo presidenteak azaldu duenez, iaz eskubaloia kirol profesional izendatua izan zen, eta aurten jada profesionala izango da. Beraz, horregatik, kluba dimentsionatu nahi zuten, «kluba enpresa baten moduan kudeatzeko asmoz».

Hurrengo pausoa, Gurutzen esanetan, kirol arloan beste pauso bat ematea zen, eta orduan, zuzendaritzako kideen «onespenarekin», Julenen hautagaitza atera zen: baiezkoa eman zuen, eta zuzendaritzarentzat «pozgarria» izan zen.

Iaz jokalari eta kirol zuzendari lanak tartekatu zituen Julenek. Uztartze hori nola joan den galdetuta, jokalari ohiak aitortu du «pixka bat gogorra» izan dela: «Argi dago jokalari eta kirol zuzendari izatea ez dela gauzarik errazena. Erabaki asko hartu behar dira, eta, aldi berean, aldagelan zaude. Orain, eskubaloia utzi dudala, kontent nago».

Gurutzi galdetuta anaiak lan asko kendu al dion, baietz erantzun du eta nabaritzen dela: «Orain zuzendaritza gehiago dago kudeaketa eta logistikoki gauzak prestatzeko, eta haiek dira beste lana egiten dutenak».

ARDURA «HANDIA»

Gurutz eta Julen bost denboraldiz aritu ziren batera Bidasoan jokalari, 1999tik 2005era. Geroztik, aldatu al da harremana? Gurutz hasi da: «Bera sartu zenean...»; «ume bat nintzen!» esan dio Julenek anaia zaharrenari. «Bai, 15-16 urterekin sartu zinen aurrenekoz aldagelara, eta orduan Julen Gurutzen anaia zen. Gero, Julenek hartutako garrantziarekin, ni Julenen anaia izatera pasatu nintzen».

Alde horretatik, «oso harro» dago Gurutz anaia gazteaz, eta segidan esan du egun ardura «dezente handiagoak» dituztela, eta horrek ere haien «egunerokoa eta izaera aldatzen» dituela. Hala ere, Irungo presidenteak nabarmendu du «oinarrian pertsona berdinak» direla.

Arduraz hitz eginda, biek ala biek adierazi dute «sozialki» Bidasoa «jende asko» mugitzen duen taldea dela, eta, duten postua kontuan hartuta, «ardura handia» dutela. «Aurrekontu handia duen taldea da, eta Bidasoak, ez bakarrik Irunen eta bailaran, baizik eta Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan duen garrantzia nabaritzen da. Talde historikoa eta erreferentea izan da urte askoan, eta jende askok hurbilekoa sentitzen du», adierazi du Gurutzek. Eta, hain justu, Bidasoa pertsona bakoitzak bere sentitzen duenez, «presio puntu hori» gehitzen dio, presidentearen ustetan.

Goian, Julen Aginagalde, 2003an, Liga Asobal Pilotes Posadaren aurka. Beheran, Aitor Etxaburu, Bidasoako jokalari izan zenekoa. Juan Carlos Ruiz, Andoni Canellada | FOKU

Bide beretik, Julenek nabarmendu du jendearen «nahia» bada «taldea ikustea, eskubaloia ikustea, eta gero eta talde hoberena izatea», oreka bat bilatu behar dela, «taldeak etorkizunerako nahi duenaren eta egunerokoaren artean».

Horrez gain, kirol zuzendariak adierazi du «argi» dagoela beti hartuko dituztela jendeari gustatzen ez zaizkion erabakiak baina, gauza ororen gainetik, Julenek azpimarratu du erabaki horiek hartzen dituztela «denbora guztian taldearentzako onenean eta etorkizunean pentsatzen».

Halako postuetan kritikak jasotzea ohikoa izaten da, eta, Aginagalde anaiak, goi mailako kirolariak izateagatik, kritika ororen jopuntuan egon izan dira. Jendearen begitan egotearen inguruan, Julenek nabarmendu du «askotan», zentzu horretan, «deskonektatu» egiten duela: «Egiten dudan lanean sinisten dut, eta, hortik aurrera, jendeak erabaki beharko du ondo egiten ditudan gauzak edo ez».

Aldi berean, Gurutzek gehitu du zuzendaritzako kide guztiak boluntarioak direla, eta saiatzen direla Bidasoa «ahalik eta gorenen eramaten, sendotzen eta laguntzen». Batez ere, «lasaitasuna» aipatu du presidenteak, jakinda beti borondate «onarekin» egiten dituztela gauzak, Bidasoaren «onura» bilatuz.

EUROPATIK KANPO, BULEGOETAN ERE

Aginagalde anaiek Bidasoa bihotzean daramatela ukaezina da. Baina zer-nolako etorkizuna nahi dute taldearentzat? «Kirol arloan, zuzendaritza berria sartu zenetik argi zuten harrobia garrantzitsua zela, eta horretan ari gara: urtez urte harrobiarekin lanean. Saiatzen gara lehendabiziko taldean harrobiko gero eta jokalari gehiago egoten. Baina ahaztu gabe helburua Europan egotea eta lehiatzea dela. Oreka hori lortzeko badugu ahalmena eta horretan ari gara», adierazi du Julenek.

Presidenteak harago jo du, eta harrobia lantzen jarraitzeaz eta kluba profesionalizatzeaz gain, beste helburu hau nabarmendu du: Irunen beste pabiloi bat eraikitzea. Horretarako, Gurutzek adierazi du sozialki lan ona egin behar dutela: «Pabiloiak ematen dituen aukerak aprobetxatzeko ondo prestatuta iritsi behar dugu pabiloia ahalik gehien betetzeko».

Bidasoa «sentimendu» bat dela adierazi du Gurutzek, eta klubak lurraldearekiko duen nortasuna nabarmendu: «Denen begietan dagoen talde oso hurbila gara. Jendeak askotan bere sentitzen du Bidasoa. Lurraldearekiko dugun nortasuna oso garrantzitsua da: harrobiarekin lan eginda, bertako jendearekin... Sartu ginenetik gauzak ondo egiten saiatu gara, eta seriotasun hori nabaritzen da».

Datorren denboraldiari begira, Bidasoa Irunek bereak eta bi egin ditu Europan jokatzeko, kirol merituengatik lortu ez zutena bulegoan saiatuz. «Bagenekien zaila zela, baina egin beharreko guztia aldez aurretik egin genuen. Azkeneko momentuan, hasiera batean esan zuten erabakitik beste bat atera dute; ez dugu besterik egiterik izan», esan du Julenek.

«Mingarriena» plazak egonda kanpoan geratzea izan dela adierazi du Gurutzek. Hasiera batean 48 plaza zeuden, eta azkenean 37 atera dituzte. «Dozena bat talde kanpoan geratu gara eskaera eginda. Horrek min egiten du: plazak bazeudelako, eta aukerak murriztu dituztelako beraiek hartutako erabaki arraro bategatik. Hori ulertzen zailagoa da», gaineratu du presidenteak.

BIDASOAREN «ENBAXADORE»

Aginagalde anaiak ondo ezagutzen ditu Aitor Etxaburuk (Eibar, 1966). Eibartarra Bidasoako urrezko garai loriatsuan jokalari izan zen, eta, besteak beste, bi Asobal Liga, beste hainbeste Asobal kopa, eta Europako kopa bat irabazi zituen. 2001ean erretiroa hartu zuen Etxaburuk, eta, hain justu, pare bat urte lehenago, Gurutzek lehen taldera egin zuen jauzi. Erretiroa hartu eta segidan, eibartarra Bidasoako entrenatzailea izan zen, 2001tik 2003ra, eta Aginagalde anaiak zuzendu zituen prestatzaile gisa.

Ondoren, Bidasoako harrobian lan egin izan du, 2007an, berriro ere, lehen taldeko entrenatzaile izateko. Iruñeko Anaitasuna taldean eta Bera Beran ere prestatzaile jardun zuen. Egun, Txileko selekzioko hautatzailea da.

Aginagalde anaiak gazteak zirenean «eskubaloizale amorratuak» zirela esan du Etxaburuk, eta kirolari batek ohikoak dituen balioak zituztela: «Konstantzia, dedikazioa, esfortzua eta gozatzeko ahalmena». Eibartarra entrenatzaile zela, 2002an Artalekun Bartzelona garaitu zuten. Etxaburu partida hartaz gogoratzen da, Bartzelonari irabaztea lortu zutela baino gehiago, Julenek Asobalen jokatu zuen lehen partidetakoa izan zelako. «Oroitzen naiz Julenek oso ondo jokatu zuela partida hartan. Gazte mailan alboko postuan jokatzen zuen, eta orduan hasi zen pibote jokatzen. Eta neurketa hartan pibote aritu zen».

Julen eskubaloian pibote erreferentea izan dela nabarmendu du Etxaburuk, ez bakarrik Irunen, baita nazioartean ere, eta Gurutz «estalita» egon dena izan dela. «Gurutz pixkanaka-pixkanaka joan zen hazten jokalari gisa, eta atezain oso onak egon ziren bere garaian, eta lehiakortasun handia zuen. Horregatik, uste dut Gurutz estalita egon dela, bere postuan zuen lehiakortasunagatik, eta Julenek izan dituen emaitzengatik ere bai».

Aitor Etxaburu, entrenatzaile gisa klubaren txapa jaso zuenenean, 2018an. Jagoba Manterola I Foku

Horrez gain, Etxaburuk adierazi du Aginagalde anaiek ez dutela beren kirol ibilbidearen zati handiena Irunen egin, baina «kuriosoa» dela nola eraman duten Bidasoa Espainia mailan, Europan eta munduan: «Beti lotu dituzte Irunekin eta Bidasoarekin. Eurak izan dira beti lehenak hitz egiten, euren burua aurkezten... Irunen egon gabe, nazioartean Bidasoa klubeko bi enbaxadore izan dira».

Etxaburu Bidasoako urrezko aroko jokalarietako bat izan zen, eta orduko eta oraingo Bidasoaren arteko desberdintasunak zein diren azaldu du. Lehen, Europako liga onenean jokatzen zutela adierazi du, eta izar handiek soldata oso handiak zituztela, ez Alemanian bezainbeste, baina bai altuak. Gerora, eskubaloian «arazo asko» egon direla azpimarratu du, eta ez bakarrik Irunen. «Ekonomia eta finantza arloan urte konplexuak izan ziren. Bigarren mailan egondako trantsizio horretan, behera eta gora ibili ginela, egoera egonkortzea eta erregularizatzea lortu zen. Aginagalde anaiek lortu dute klubari egonkortasun handiagoa ematea, orain ez da pentsatzen Bidasoa jaits daitekeenik, baizik eta Europan joka dezakeela. Emaitzek berez hitz egiten dute. Kudeaketa oso ona izan da».

Aldi berean, eskubaloiak izan zuen aldaketa horretan, alegia, ekonomikoki galera handia izan zuela, Etxaburuk adierazi du talde guztietan trantsizioa «era egokian» egin zela, «gazteei lehentasuna emanda»: «Klub batek beti izan behar du oinarri bat eta ezin du inoiz ahaztu. Izan ere, klubetara iristen diren baliabide asko publikoak dira, eta bakarrik horregatik, harrobiari garrantzi eta errekonozimendu handiagoa eman beharko liokete».

Bidasoan 2018an zuzendaritza berria sartu zen, Gurutz presidente zutela. Horren harira, Etxaburuk esan du kluba «apustu handixeagoa» egiten saiatu dela, «tokiko klubekin bat egiteko, gertuago egoteko, gertuko jokalarien parte hartzea handiagoa izateko, Hondarribi-Bidasoa akordioa lortzeko...». Ekintza horiek, Etxabururen esanetan, erakusten dute Bidasoa norabide horretan pausoak ematen ari dela.

BI PERTSONA «ERAKARGARRI»

Jon Azkue (Orio, 1994) eta Kauldi Odriozola (Zumaia, 1997) Bidasoako jokalari ohiak dira, eta orain, Frantziako Ligan jokatzen ari dira: lehena Limoges taldean, eta bigarrena, Naoneden. Oriotarrak aurten ekin dio Irundik kanpoko bideari, eta zumaiarrak orain dela urte bat. Biek ala biek aski ondo ezagutzen dituzte Aginagalde anaiak, gehienbat Julen, taldekide izan baitzuten. Azkue eta Odriozola Bidasoa Irungo harrobian hezitako jokalariak dira.

«Nik oso argi eduki dut Bidasoara iritsi nintzen momentutik zer zen horrelako klub historiko bat Irungo hiriarentzat. Europako txapeldun izan den talde bat da», nabarmendu du Azkuek. Bera 2011n igo zen lehen taldera; hain justu, taldea bigarren mailatik jaisteko zorian egon zen denboraldiaren ostean. Hori gertatu izan balitz, oriotarrak adierazi du «Bidasoa egun ez litzatekeela existituko».

Odriozola 2015-2016 denboraldian iritsi zen lehen taldera, bigarren mailatik lehenera igo ziren denboraldian, hain zuzen ere. Ordutik goraka egin zuen taldeak, eta 2018tik taldeak lehen lau postuetan amaitu du liga. «Bartzelona kenduta, Asobalen hor goian erreferenteetako bat bihurtu da Bidasoa. Horren kulpa handia du taldeak, bai Gurutzek, bai Jacobok [Cuetara entrenatzailea]. Ez da erraza hori lortzea urtero-urtero, eta demostratu dute lan asko egiten ari direla».

Bide beretik, Azkuek nabarmendu du taldeak «goraka» egin duela, eta 2018tik, Europarako sailkapena lortu dutela; aurten izan ezik. Ildo horretan, oriotarrak adierazi du eskubaloian jokatu duen pertsona bat sartzen denean «beste ikuspuntu bat» ekar dezakeela, eta horretan, uste du Gurutzek lortu duela, baita Julenek ere: «Beraiek eskubaloia barrutik ezagutu dute, talde baten funtzionamendua gehiago ulertzen dute, eta beste ikuspuntu berriago bat eman diote klubari».

«Ikuspuntu berriago batez» hitz egin du Bidasoako kapitain ohiak, eta hori aletzeko eskatuta, nabarmendu du Bidasoa urrezko aro batetik zetorrela, «non diru asko zegoen, eta taldeak horri esker lorpen handiak eskuratu zituen». Urteak aurrera joan diren heinean, ordea, gauzak «desberdin» egin behar izan direla adierazi du Azkuek: «Orain ez dago lehen zegoen bezainbeste diru eta buelta batzuk eman behar dizkiozu. Harrobia landu behar duzu, eta, profesionalizazioak alde onak dituen arren, ekonomikoki kostu handiagoa du. Horrek esan nahi du babesleen aldetik gehiago mugitu behar duzula, enpresak erakarri behar dituzula, eta babesleei garrantzia eman beraiek garrantzitsu sentitzeko eta Bidasoari laguntzeko. Hori uste dut Gurutzek lortu duela, eta zentzu horretan gauzak desberdin egin direla».

Aldi berean, Odriozolak, Azkueren antzera, Bidasoan harrobiak duen garrantzia azpimarratu du. «Apustu egin dute inguruko jendea fitxatzen eta orain ikusten da gazte asko daudela; Gorka Nieto, Eneko Forondarena, Julen Mujika...». Alde horretatik, zumaiarrak uste du garrantzitsua dela «Euskal Autonomia Erkidego mailan Bidasoa erreferentzia izatea», eta Aginagalde anaiak saiatzen ari direla inguruko jendea Bidasoara ekartzen. Horrez gain, Odriozolak esan du Bidasoak lehen ez zuela «ahalmen hori», bigarren mailan zeudelako, eta jokalarientzat beste talde batzuk «erakargarriagoak» zirelako: «Orain jende hori fitxatzeko aukera izatea eta haien alde apustu egitea oso garrantzitsua da».

Aginagalde anaiak Bidasoako jokalari ohiak izateak «asko laguntzen» duela adierazi du Odriozolak, eta adibide bat jarri du: «Imajinatu talde batean zaudela, eta deitzen dizuna Julen Aginagalde dela. Uste dut desberdina dela Julenek deitzea edo ezagutzen ez zaituen pertsona batek deitzea. Hortaz, garrantzitsua da jokalari ohiak izatea».

Odriozolak eta Azkuek esan dute Aginagalde anaiak erreferenteak izan direla haientzat, bereziki Julen. «Bi pertsona oso erakargarri dira, eta erreferente izaten jarraituko dute. Beraien lana ere bada hori baliatzea, eta horri probetxua ateratzea. Pixkanaka lortzen ari dira; harrobiko lanari garrantzia emanez, eta pixkanaka gazte jendea klubera erakarriz. Gazteentzat oso erakargarria da bai Gurutz bai Julen klubean egotea, haiek Bidasoa aukeratzeko».