AMAIA URIBE
IRITZIA

Hiperkonektatuta

Piiii. Whatsappeko jakinarazpen bat. Kuadrillako txatean bazkari bat egiteko proposatu du lagun batek eta eguna aukeratzeko galdeketa ireki du. Beste jakinarazpen bat. Ikastolako gurasoen txatean ama batek galdetu du ea umeren baten motxilan agertu den bere semearen jertsea. Beste jakinarazpen bat. Familiako txatean aitak galdetu du ea igandean bazkaltzera goazen. Piiii. Lagun batek azaroaren 18an bazkaria egitea bozkatu du. Piiii, piiii. Bi gurasok idatzi dute ez dutela jertserik aurkitu. Piiii. Bizilagunen txatera graziarik egiten ez didaten bideo horietako bat bidali du norbaitek. Eta horrela, une oro.

Hiperkonektatuta bizi gara. Whatsappera lotuta. Mezuei begira pasatzen dugu eguna, edo mezuren bat iritsi zaigun begira. Dozenaka txat ditugu, baina gure egunerokoan txat horietan dauden askorekin ez dugu hitz egiten. Ikastolako atean guraso bakoitza bere mugikorrera begira egoten da, ondokoarekin berbarik egin barik. Hori bai: semearen jertsea galtzen denean, txatera jotzen dugu. Berba egiten ahaztu zaigu eta berbak idazten bakarrik dakigu.

Urtebetetzeak ere zeharo aldatu dira. Nire azken urtebetetzean, hiru dei baino ez nituen jaso. Beste guztiek, Whatsappeko mezu aseptiko batekin zoriondu ninduten. “Zorionak! Ondo pasa eguna!”. Eta aitortu behar dut, mezu horiek poztu ordez tristatu egin nindutela. Izan ere, teknologiaren hiperkonexioak harremanen deskonexioa ekarri du.

Txikia nintzenean, ez zegoen mugikorrik. Lagunekin jolastu nahi nuenean, beraien etxera joan eta tinbrea jotzen nien. Gurasoak kafetegian batzen ziren lagunekin eta audio luze horietako batekin barik, hizketaldi batekin kontatzen zizkieten elkarri bizitako azken gorabeherak. Madrilen bizi zen lehengusinarekin, berriz, gutun bidez komunikatzen nintzen. Eta ez dakizue nolako poza sentitzen nuen buzoiko gutun-azalen artean nire izena zeramana aurkitzen nuenean.

Lehengo egunean, 7 urteko semeak esan zidan erloju adimentsu horietako bat nahi duela. “Gelako denek daukate!”. Nik erantzun nion ez duela deiak egin eta deiak jasotzen dituen erlojurik behar. Oraindik haurra dela eta iritsiko dela erlojua eta mugikorra izateko sasoia. Eta saiatuko naiz une hori ahalik eta gehien atzeratzen, helduok dugun adikzioan eror ez dadin.

Duela gutxi argitaratu duten ikerketa baten arabera, egunean 5.95 ordu ematen ditugu mugikorrera begira. Itzarrik ematen ditugun orduen %35 da hori. Eta urtez urte, mugikorrekiko dugun dependentzia areagotzen ari da. Zer pentsatu eman dit horrek eta nire buruari agindu diot hemendik aurrera ikastolako atera mugikorrik barik joango naizela, lagun baten urtebetetzea denean deitu egingo diodala eta, gutxienez Gabonetan, gutunak bidaltzeko ohitura berreskuratuko dudala. Hori da asmoa, baina ez dakit lortuko dudan. Izan ere, zutabe hau idazten pasatu dudan denboran bost jakinarazpen iritsi zaizkit, eta utzi egin behar zaituztet, mugikorra begiratzeko.