08 OCT. 2023 IRITZIA Buruko osasuna Amagoia Mujika Sekula kexatzen ez ziren amonen eta amen ondorengoak gara. Kasta bereziko emakumeak; beti lanean, martxan, besteen zaintzan. «Zer moduz» galderari «ondo» beste erantzun posiblerik ikusten ez ziotenak. «Zertarako kexatu» filosofiaren jarraitzaileak. Gorputzeko ajeei arreta handirik jartzen ez zieten aitonen eta aiten ondorengoak gara. Lana ez zen falta eta denborarik ez zegoen gorputzeko minei kasu egiteko. Medikuarenera joatea, aukereten azkena. Eta askotan beranduegi iristen ziren. Hortik gatozela, ez da harritzekoa denbora askoan buruko osasunari arretarik jarri ez izana. «Segi eta segi, besteek posible badute, zuk ere bai. Ez izan ahula». Hori da xiringatu diguten botika. Familian, auzoan, lantokian beti bazen ‘buruko arazoak’ zituen norbait. Afaltzeko garaian isilka aipatzen ziren kontuak ziren, garrantzi berezirik eman gabe, «ea orain denok txoratzen hasiko ote garen». Badaezpada, hobe beste aldera begiratu. Gauzak aldatu dira. Eta eskerrak. Buruko osasuna lehen lerroan jartzen ari da eta merezi duen arreta ematen ari zaio. Pandemiak ere lagundu du horretan. Baina psikologo eta terapeuta batzuen artean kezka bat piztu da. «Psikologoarengana joatea jada ez da ezkutatzen den zerbait. Are gehiago, normalizatu egin da profesional pribatu bati ordaintzeko aukera duten gizarteko geruzetan». Segur aski kalterik ez dio egingo inori psikologoarengana joateak. Baina profesionalek joera kezkagarria sumatu dute, «era guztietako ondoezak patologizatzeko joera edota min guztiak psikoterapia bidez sendatuko direla pentsatzea». Mutur batetik bestera pasatu garela dirudi; buruko osasunari begiratu ere ez egitetik edozein min sendatzeko psikologoa beste biderik ez dagoela sinistera. Ez dakit, akaso ahaztu egin zaigu mina eta sufrimendua bizitzaren parte direla eta horiekin bizitzen asmatu behar dela; minak min egitea normala dela, tristura sentitzea ez dela txarra, doluak bere denbora behar duela... Dena bere neurrian noski. Baina bada, profesionalen kezka horretan, bereziki aztoratzen nauen kontu bat: profesional pribatu bat ordaintzeko modua dutenak joaten dira normalean psikologo pribatu batengana. Ordaintzeko modurik ez dutenak -eta seguru egon beharrak oso nabarmenak direla sektore horretan-, hor konpon marianton. Buruko osasungintza publiko eta kalitatezkoa. Horri buruz ere hitz egin beharko da. Los profesionales han percibido una tendencia: ir al psicólogo ya no es algo que se esconda. Es más, se ha normalizado en las capas sociales que tienen la posibilidad de pagar a un profesional privado. Quizás hemos pasado de un extremo a otro; de ni siquiera mirar a la salud mental a creer que no hay más camino que el psicólogo para curar cualquier dolor.