JOKIN URAIN
IRITZIA

Gaur ere

Antzinako garaiak irudikatzen dituzten pelikuletan atentzioa ematen dit gazteluetan, adibidez, atxilotuentzat ziegak non izaten dituzten. Leku ilunak dira gehienetan, giltzarrapo handiekin itxitako atetzarrak, ez argi eta ez haize, hezetasun eta zikinkeria alde guztietan. Presoaren ihes posiblea oztopatzeko baino, atxilotuaren degradazioa, etsipena eta sentipenik tristeenak nagusitzeko aukeratutako lekuak ematen dute. Zaindarien profila ere ikusgarria izan ohi da, denboraren buruan inguru goibel horretara ohitutako izakiak, goibeltasun horren gehigarri bilakatuak.

Mundutik eta gizartetik kanpoko espazioan daukate atxilotua. Zaindariez gain, nekez jakiten du inork haren berri; inork ezin ikusi zer tratu ematen dioten, nola dagoen. Zurrumurruak baizik ez. Gatibuaren arrazoiari kartzelariak jartzen dio prezioa, edo kartzelariaren ugazabak. Gauzak konplikatu baizik ez luke egingo gatibuaren ahotsak.

Mundua aldatu da ordutik, eta pelikuletan ikusten diren gauza horiek aspaldi bukatu zirela esazu nahi baduzu. Baina orain ere komisaria eta kuarteletako kalabozoak eraikuntzaren sotoan, zulorik ilun, baztertu eta ezkutuenean daudela dirudi, eta han gertatzen dena bertan gera dadin ahaleginak egiten dituzte kartzelariak eta bere ugazabak.

Rita Margarete 1995eko abuztuan atxilotu zuten Barakaldon; gau hartan bertan, zaintzan zeuzkan hiru polizietako batek bortxatu zuen Bilboko Indautxuko komisarian. Epaitegiek, Bizkaiko Entzutegiak lehenik eta espainiar Auzitegi Gorenak ondoren, frogatutzat eman zuten «bortxaketa delitu larria» gertatu izana, baina ezin izan zen argitu hiru polizietatik zein izan zen erasotzailea eta, beraz, zigorturik gabe geratu zen auzia.

Ez hain aspaldi, 2018ko maiatzean, Silvia, Getxoko bizilaguna, atxilotu eta komisariara eraman zuten ertzainek, eta bertan ukabilkadak emanez eraso eta zafratu. Silviaren salaketari kontrasalaketa jarri zioten ertzainek. Bideoan grabatuta geratu ziren gertaerak ikusita, polizien jarduera neurrigabetzat jo zuen epaileak.

Baina gatibuaren ahotsa ez da onargarria; atxilotuaren arrazoiari kartzelariak jartzen dio prezioa gaur ere, eta Eusko Jaurlaritzak «erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatua» egozten dizkio Silviari, eta zazpi urteko espetxe zigorra merezi duela iruditzen zaio. Gaur ere, antzinako garaiak irudikatzen dituzten pelikuletan legez, egiten dioten guztia isilik onartzea dagokio komisariako sotoan mundutik kanpo atxikitzen dutenari.