Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Brooklyn-eko paisaia genetikoa

Mikrobioen bizitza oso garrantzitsua da ingurune osasuntsua mantentzeko. Hala ere, eraikuntzan erabiltzen diren material gehienek mikrobioen aurkako osagaiak dituzte, izaki bizidun ikusezin guztiak ezabatzeko. Zuzendu beharreko akats bat.

Material berritzailea Brooklyn auzoko Storefront for Art and Architecture galeriako fatxada bilakatu da.
Material berritzailea Brooklyn auzoko Storefront for Art and Architecture galeriako fatxada bilakatu da. (Rafael Gamo)

Giza ikuspegitik at dauden organismoek hirietan duten funtzioa gutxiesteko joera da nagusi. Duela 105 urte mundua kolpatu zuen gripe espainiarra deiturikoaren birusa bezalakoek, normala den bezala, mikrobioen aurkako pentsamoldea zabaldu zuten beldurraren bitartez, eta eraikitako ingurunearen izaera baldintzatu dute urteetan zehar. Eraikuntzan erabiltzen diren material gehienek osagai antimikrobianoak dituzte, ikusezinak diren bizidun oro akabatzeko; baita hormigoiak ere, daukan pH altua dela eta. Material estandarren erabilera lehenetsiz, hirien diseinatzaile gehienak espazio antzuak sortzen ari dira.

Mikrobiologoek ez dute partekatzen bizidun ñimiño horienganako dagoen antipatia. Patogeno gutxi batzuk giza osasun eta ongizaterako arriskua suposa dezaketen arren, %99k baino gehiagok bizirik mantentzen laguntzen digute. Azken hamar urteotan, ‘giza mikrobioma’ deritzon nozioak askoren jarrera aldarazi du, gizakien eta mikrobioen bizitza banaezina dela erakusteko lehen urratsa izanik. Esaterako, azaleko bioman erreala da sinbiosi hori. Gorputzean hainbat ekosistema propio ditugu mikrobioz osatuak, nonbaitetik datozenak eta nonbaitera doazenak. Joan-etorri horiek, hain zuzen ere, hirietan jazotzen dira, eta “hiri-metagenomika” izeneko eremua sortu berri da, gizakien, mikrobioen eta hirien arteko erlazioak aztertzeko. Arlo honetako laborategiek, hirien DNA laginak aztertzen dituzte -metro geltokietan, aire-berriztapeneko iragazkietan nahiz estolda-zuloetan- gure hirietan isilean bizi diren milioika espezieen zirriborroak eraikitzeko.

“Subculture: Microbial Metrics and the Multi-Species City” proiektua hiri-metagenomikoaren esperimentua da, eta hiri-ehunaren mikroegitura sendotzeko erresistentzia-, aniztasun- eta gaitasun-nozioak nola bultzatu daitezkeen proposatzen du zientzia eta diseinua uztartuz. Ekimenak bi helburu ditu. Lehena kartografia deitzen diotena da, mikrobio-ingurunea dokumentatzeko prototipoa sortzea, ohiko laborategi akademiko edo komertzialetatik desberdina dena. Bigarrena, berriz, modelaketa, hau da, bizitza mikrobianoa sustatzen duten eszenatokiak eratzea diseinuaren eta arkitekturaren bitartez. Horrela, hirietako pasaia genetiko desberdinen izaera ulertu eta aztertu nahi da. Izan ere, posible litzateke osasun publikoa hobetzeko ‘arkitektura probiotikoa’ egitea?

Ikerketa honen atzean, zenbait diziplinatako profesionalak daude: Elizabeth Henaff biologoa, Kevin Slavin ikertzailea, Evan Eisman konpainia eta The Living arkitektura bulegoa. Horien guztien parte-hartzearekin biologikoki harkorra den eraikuntza-material berria garatu dute, onuragarriak diren mikroorganismo zehatzak hautatzen dituena, hots, igeltsu antimikrobianoaren edota pH altua daukan hormigoiaren aurkakoa egiten duena. Material berritzailea Brooklyn auzoko Storefront for Art and Architecture galeriako fatxada bilakatu da, eta erakutsi nahi digu eraikinak hiri-mikrobiomaren zaindari izan daitezkeela. Fatxada higadura desberdineko zurezko piezek osatzen dute, bertan, itzal eta hezetasun egoera desberdinak eratuz, hainbat mikroklima sortzen baitira.

Higadura horiek hondar-zurrustaz lortzen dira; eremu bigunak moldatzen eta gogorrak zaintzen ditu, uniformetasun ezaren bitartez benetako azalera bizien garrantzia azpimarratuz. Zuraren jokabidea bizirik balego bezalakoa da behin fabrikazioa amaitutakoan, eta, pitzadura eta guzti, materiala mikroorganismo mordoxkaren babesleku aproposa da. Storefronteko erakusketaren erakusleiho diren laginetan bildutako espezie guztiak identifikatzeko gai ez izanik ere, kodetzen dituzten geneen arrastoak jarraitzen dira, hiri-ekologian duten funtzioa ezagutzeko. Espazio publikoko DNA jasotzeaz gain, esperimentuak hiri biohartzailearen oinarriak erakusten dizkigu, New York germen-hiria baino, bizitza-hiria delako.

Subculture proiektuarekin, diseinu eta arkitektura arloan ikerketa-esparrua zabalagoa izan daitekeela erakutsi eta material berrien bilaketak duen garrantziaz ohartarazi nahi izan da. Ekimen honetan biologia, datu zientziak eta materialen diseinua elkartu dira hiritarrek mundu mikroskopikoaren ezagutza estuagoa izateko, covid-19aren pandemiaz geroztik agerikoa baita bizidun ikusezinek gugan eta hirigintzan daukaten eragina. Etorkizuna inoiz baino kolektiboagoa izan daiteke orekaturiko ekosistema bioanitzen abantailekin, eta, batez ere, osasuntsuagoa.