Entrenatzaile pertsonal bat izatearen onurak
Oporraldi luze baten ondoren denoi iristen zaigu errutina edo egunerokotasuneko zereginetara bueltatzeko unea. Helduak lanera eta haurrak eskolara bueltatzen dira, hauek dakartzaten zeregin eta betebeharrekin batera. Jarduera fisikoari dagokionez, oporren aurretik genituen osasun ohiturak berreskuratzen saiatzen gara, baina maila horretara bueltatzeko zailtasun ugari aurkitzen ditugu.
Hemen agertzen da entrenatzaile pertsonalaren irudia. Urte askotan sozialki urrun ikusi den zerbitzu honek indarra hartu du; jende askok gimnasio arruntetara joateko ohitura galdu eta entrenamendu pertsonalean adituak diren zentroetara gerturatzea hautatu du. Baina zergatik entrenatzaile pertsonal bat?
Arrazoi asko aurki ditzakegun arren, hasierari helduko diogu. Etenaldi baten ostean jarduera fisikoan murgiltzean arazo beraren aurrean aurkitzen gara; hau da, ez gara gai lehen genuen maila berreskuratzeko. Askotan, berdin entrenatzen gara baina ez ditugu emaitza berak lortzen, eta frustrazioa iristen da. Horregatik, garrantzitsua da momentuko egoera baloratzea eta hortik aurrera epe laburreko helburuak finkatzea. Entrenatzaile pertsonal bati esker, progresio hori era zuzen eta egokian zehazteaz gain, ariketak teknika egokiarekin ikasi eta burutzeko gai izango gara.
Horrez gain, kasu askotan izaten ez dugun jarraitutasuna lortzen lagunduko digu. Horrelako zerbitzu bat kontratatzean eta zentro espezifiko batera joateko betebeharra izatean, jarraitutasun puntu hori lortzen dugu. Gainera, pertsona bakoitzaren mugak kontuan hartzen dira eta ariketa bakoitza beharretara egokituta dago; beraz, ez dugu aitzakiarik topatuko entrenamendua ez burutzeko.
Entrenatzaile baten eskuetan jarrita, jarduera fisikoa egiten ari garen denborari etekina aterako diogu, kirola era egokian eta teknika onarekin burutuko dugu eta progresio logiko eta egoki bat jarraituko dugu. Horretaz gain, adin-tarte eta helburu berberak dituzten pertsonekin entrenatzeko aukera izango dugu, jarduera fisikoa era ludikoan landuz eta bakoitzak dituen beldurrak taldean azaleratuz. Horrenbestez, zer gehiago behar duzu jarduera fisikoari benetako etekina ateratzeko?