Andoni Arabaolaza
Entrevista
Josune Bereziartu
Eskalatzailea

«Beti korrontearen kontra ibili naiz»

Batzuetan kosta egiten da behar bezala neurtzea kirolari historikoek egiten dituzten ekarpenak. Kirolaren zein generoaren ikuspegitik, protagonista batzuek ez dute behar bezalako aitortza jaso. Neurri batean, Josune Bereziartu eskalatzaileari gertatu zaio hori. Landutako bideetan historia ez du behin bakarrik idatzi, bostetan baizik. Baina arrakasta hori kirol txiki batean erdietsi zuen. Kirol eskaladari buruz ari gara.

(Gorka Rubio FOKU)

Josune Bereziartu (Lazkao, 1972) eskalatzaile gipuzkoarrak mendizaletasunaren adar horretan egin zuen ekarpena ikaragarria izan zen. Inork gutxik espero ez zuenean, emakumezkoen maila “lehertu” zuen. Eta berriro diogu: ez behin, baizik eta bostetan. Munduko lehen 8c, 8c+, 9a eta 9a/+ femeninoak sinatu zituen. “Honky Tonky”, “Honky Mix”, “Baing du sang” eta “Bimbaluna”, hurrenez hurren, izan ziren kateatutako bideak. Lehenbiziko biak etxean: Araotzen. Eta beste biak Suitzan: Saint Loup-en. Aitzindaria, historikoa, eta, zergatik ez, iraultzailea. Izan ere, nesken maila irauli zuen.

Ez dira Bereziarturen arrakasta bakarrak izan, baina, bai, kirol eskaladari eskainitako ekarpen azpimarragarrienak. Abiapuntua “Honky Tonky” izan zen. Atzera egiten badugu, ohartuko gara hogeita bost urte igaro direla historiaren pasarte hori idatzi zuenetik. Data historiko hori aprobetxatuta, 7K hitzordua jarri dio eskalatzaileari bere ibilbidearen inguruan hausnar dezan.

“Honky Tonky” sinatu zenuenean 26 urte zenituen. Egun, berriz, 51. Hortaz, zure ibilbide historikoa bi ikuspuntutik aztertuko dugu. Goazen, bada, 1998. urtera. Nola ausartu zinen izaera horretako helburu batean buru-belarri sartzen? Zein oroitzapen dituzu? Gaztaroaren berezko kontu bat besterik ez zen izan, eta, hainbat eiteren artean, ausardiak garrantzia handia du. Uste dut hori oso polita dela. Ez nuen eskarmenturik, baina ez nintzen ezjakina. Bi gauza ezberdinak dira. Horrekin esan nahi dut gaitasuna nuela izaera horretako erronka bati ekiteko. Jabetu gabe ausartzen zara. Eta, horretaz gain, sen berezia nuen.

Nola ez nuen “Honky Tonky” probatuko? “Fetuccini” (8b+) egin eta Iñaki Marco Kongik esan zidan “Honky Tonky” kateatzeko aukera asko nituela. Ausardia hori piztu zen. Gauza natural bat izan zen. Kontuan hartu behar da Rikarren eta nire “etxea” zela Araotz. Alabaina, esan behar dut garai haietan ez nuela eskaladan erreferentziak ziren bideak bilatzen.

Ausardia hitza aipatu dut; izan ere, garai haietan gizonezkoek esaten zuten emakume bat ez zela gai izango 8b+ egiteko. Hogeita bost urte igaro dira eta emakumeen errealitatea asko aldatu da. Hortaz, mutilen inbidiak, gaizki esanak… nabaritzen al zenituen? Jakina. Pertsona deserosoa izan nintzen. Eskalatzeko eragatik, “Honky Tonky” igo nahi nuelako, arrakasta izateko gaitasuna nuela esaten nuelako… Baina, era berean, erreferentzia bat nintzen.

Halere, onartu behar dut nire ingurumarian nituen mutil gehienek errespetatzen nindutela. Haiek bazekiten nola entrenatzen nuen, bideak nola eskalatzen nituen, zer-nolako jarrera nuen proiektu baten aurrean…

Errealitate horrekin bizi behar nuen. Finean, nik astindu nuen zuhaitza. Adibidez, “Bain du sang” kateatu nuenean, mutil oso gutxik zuten 9a maila. Ondoren kopurua hazi egin zen. Uste dut mutilen begirunea lortu nuela.

Gizonezkoen kontu hori ez nuen energia negatibo bat bezala ikusten. Uste dut beraientzat erreferentzia bat bihurtu nintzela, eta erakutsi nien neskentzat “debekatuta” zeuden maila batzuk hausteko gai nintzela. Finean, bide bat zabaldu nuen. Gure garaian horrek guztiak bazuen abentura kutsu bat. Ezaguna ez zen mundu batean murgildu nintzen, kutsu iluna zuena. Eta hori argitzen jardun nuen.

Gainera, gizonek ez bezala, presio mediatiko handia jaso zenuen. Adibidez, zu derrigortuta zeunden konfirmatutako 8c, 8c+, 9a… mailako bideak egitera. Eta mutilak ez. Besteak beste, asko entzuten zen esaldi bat aipatuko dizut: «Neska batek bide zail bat egiten badu, ziur aski ez da hain gogorra izango». Finean, bizitza paraleloa nuen. Mutilekin entrenatzen nuen, eta, hortaz, ezagutu ere. Hauek ez zidaten begirunea galdu. Mediatikoki eta kanpoan beti galdera ikur bat iltzatuta izan dut. Kontuan hartu behar da zailtasunean gauza berriak egiten ari nintzela; alegia, historia. Eta hori testuinguruan jartzea kostatu egin zen.

Ni, bederen, gauzak ondo egiten saiatu nintzen. Batez ere, eskaladaren jatorria errespetatuz. Egiten ari nintzen ibilbideari esker, kanpoko jendea Josune nor zen pixkaka ezagutzen hasi zen. Kritikak, zurrumurruak… entzun ditut. Jakina, hori ezin zen saihestu. Nire aldartean eraginik ote zuten? Ez dut gezurrik esango: bai. Gizabanako bat naiz, ezta?

Hori esan eta gero, gehitu nahi nuke nire bidea jarraitzen saiatu nintzela. Erraza zen une batean edo bestean bide horretatik ateratzea, baina umilki uste dut zentzuz jardun nuela. Jesus Leundak erakutsitako etika, baloreak… indarrean jarri nituen. Berezkoak egin nituen.

Intuizio onarekin den-dena ematen saiatu naiz; %100 maitasun askorekin. Batzuek esaten didate ekarpen handiak egin ditudala eta gutxi direla nirekin gogoratzen direnak. Hein batean hori gerta daiteke. Gauza bera oso zintzo errepikatuko dut: badakit nor naizen eta zer egin dudan. Horrekin geratzen naiz, eta beste batzuek nik egindako ibilbideari muzin egiten badiote… bada, zer egingo dut.

“Honky Tonky”-rekin hesiak hautsi zenituen. Baina proiektu horretara hurbildu zinenean, mutilen aldetik zalantza asko baziren ere, zuk demostratu zenuen ez zinela besterik gabe bide bat probatzera joan. Ez, oinarri sendo batekin aurkeztu zinen Araotzeko marra horretan eta argi erakutsi zenuen maila edo sasoia zenuela arrakasta lortzeko. Oker al nabil? Ezta gutxiagorik ere. 40.000 ekinaldi egitea? Horrek ez du nire filosofian lekurik. Jendeak jakingo balu nortasun horretako erronka bat nola prestatu nuen… Saialdi asko egiteak ez ninduen batere betetzen. Hortaz, esan behar dut bikain prestatuta nengoela, eta bide batez historian sartzeko ere.

Horretarako, mutilen jardunak eta entrenamenduak ondo baino hobeto aztertzen nituen. Banekien nire ahulguneak zeintzuk ziren, eta horiek lantzen ordu asko egin nituen. Adibidez, indarra eta potentzia. Gizonek eite horietan askoz ere aurreratuagoak daude.

Bestalde, esan behar dut garai haietan entrenatzea ez zela ondo ikusten. Berdin zitzaidan, entrenamenduetan buru-belarri jarri eta aipatu ditudan ahulgune horiek hobetzen saiatzen nintzen.

Araotz etxe ondoan nuen, eta horrek asko laguntzen zuen. Gainera, Rikarrek hornitutako bide bat zenez, banekien “Honky Tonky”-ren ezaugarriak zeintzuk ziren. Bide hori bikain baino bikainago ezagutzen nuen, baina horrek ez du esan nahi bide erraz baten aurrean nengoenik. 8c maila du, eta langa hori gainditzera abiatu nintzen.

Gogoan dut “Honky Tonky”-n ekinaldiak egiten ari nintzenean, bikote esloveniar bat Araotzetik azaldu zela. Orain ez dut mutilaren izena gogoan, baina garai haietan kirol eskaladaren lehen lerroan zegoen. “Honky Tonky”-n ekinaldi batzuk egiten jardun zuen, eta onartu zidan inoiz probatu zuen bide zailenetarikoa zela. Iritzi horrek ilusioa egin zidan; izan ere, argi geratu zen ez nengoela gauza samur bat probatzen.

“Honky Tonky”-rekin historian pasarte handi bat idatzi zenuen. Baina ez zen bakarra izan. Ondoren, 2000. urtean, berriro ere Araotzen, “Honky Mix” iritsi zen, eta bi urte geroago, Suitzan, “Bain du dang”. Hots, munduko lehen 8c+ eta 9a femeninoak, hurrenez hurren. Arestian aipatu duzun bezala, garai haietan mutil oso gutxi zeuden 9a mailan. Zer izan zen bederatzigarren esferara eta gizonezkoen mailara heltzea. Aurreko helburuetan ez bezala, proiektuaren aukeraketan “Bain du sang”-ekin aldatu nuen. Hots, erreferentzia zen bide bat aukeratu nuen. Esaten zen munduko plaka gogorrena zela. Eta onartu behar dut Saint Loup-en dagoen marra horren estiloa edo ezaugarriak oso egokiak zirela niretzat. Proiektu guztiak kateatu ahal izateko, asko entrenatu behar da. Baina bide hori oso egokia zen. Izan ere, helduleku ñimiñoak ditu, eta ni estilo horretara oso ondo egokitzen naiz.

Gogoan dut Escaleten ordu piloa egin nituela eskalatzen. Konturatu gabe era horretako bideetan entrenatzen ari nintzen: plaka bertikalak, helduleku txikiak, oso teknikoa… Eta konturatu gabe ere, oinarria sendotu nuen Beasaingo kanposantuko hormetan. Ikasketak egiten ari nintzela, burua lasaitzeko, han ibiltzen nintzen alde batetik bestera helduleku txiki-txikiak hartzen. Bitxikeriak dira, baina uste dut alde oso onak izan zituela.

“Bain du sang” nire ezaugarrietako oso aproposa zenez, uste dut asmatu nuela bide hori xede bezala hartzen. Gainera, François Nicolek errepikatu zuen, eta eskalatzaile hori erreferentzia bat zen. Nire igoerak 9a mailan garai bat markatu zuen; ondoren, mutil gehiago esfera horretara batu ziren.

“Bain du sang” bidean lortu zenuen arrakastak egundoko oihartzun mediatikoa izan zuen. Hori gutxi ez eta, lasaitu ordez, beste pare bat urrats historiko egin zenituen: Suitzan bertan “Bimbaluna (9a/+) eta Montsanten (Tarragona) “Hidrofobia” 8b+. Azken marra horri dagokionez, bistan egin zenuen. Hots, ordura arte maila gorena neska batentzat. “Hidrofobia”-rekin istorio bitxi bat bizi izan nuen. Bikote frantziar bat bide hori kateatzen saiatzen ari zen, baina ez zuen lortu. Ni iritsi eta bistan egin nuen. Zur eta lur utzi nituen. Onartu behar dut aipatu dituzun bideak egin eta gero, den-denak landuta, 8b+ bistan egin nahi nuela.

Haatik, garai haietan bide bat estilo horretan egitea ezberdina zen oso. Magnesio markarik ez zegoen, eta, marra batean norbait aseguratzen ari banintzen, ez nuen begiratzen nola igotzen ari zen eta bizkarra ematen nion. Hori Rikardi behin baino gehiagotan egin diot. Ez nuen ezer ikusi nahi; hau da, informazioa lortzea saihesten nuen. Hori egin ezean, igoera hori flash modura hartzen genuen.

8b+ bistan egin nahi nuen nire zikloa ixteko. Inflexio puntu bat izan zen, besteak beste, neure buruari demostratu nahi nion bistan ere gauza handiak egiteko gai nintzela. Neska batek hori egin zezakeela erakutsi nahi nuen, ordura arte ez baitzen egin. Hori zen motorra.

“Bimbaluna”-ri dagokionez, berriz, esan daiteke era natural batean iritsi zela? Ez zen erabaki behartu bat izan? Naturala izan zen oso. Eskalatzaile suitzar horiek lagun ditugu, eta, François probatzen ari bazen ere, ez zuen arazorik izan bide horretan nik ekinaldiak egiteko. Bide horren bila joan nintzen; beste batzuk, berriz, besterik gabe azaltzen dira.

Bi bide horien aipamenak egin eta gero, aipatu behar dugu garai haietan mutilen maila gorena 9a+ zela, eta, zurea alde batera utzita, neskena 8c+ mailara iritsi gabe zegoen. Ez banago oker horiek izan ziren zure kirol eskaladako muturreko zailtasunaren ibilbidearen amaiera. Gainera, euforia batetik barne hutsune batera igaro zinen. Horrela da. “Hidrofobia”-ren ondoren izan zen. Ez dakizu zenbat entrenatu nuen 8b+ hori bistan egiteko. Rikarrek ere ez daki. Entrenamendu oso zentzudunak egin nituen, eta oso-oso sasoiko nengoen. Bai, 8b+ hori amaiera izan zen. Zer edo zer arraroa sentitu nuen arrakasta hori lortu ondoren. Eta orduan neure buruari esan nion, beste gauza ezberdin bat egin behar nuela.

Ekarpen historiko horiek guztiak lortzeko, zeintzuk izan dira Josuneren giltzak? Pasioa, gaitasuna… Edo zuk aipatu dituzun entrenamenduak? Gogoratu behar dugu ez zenituela egungo rokodromoen egiturak, ez zeunden entrenamendu zientifikoak… Eta, hala ere, ikaragarria egin zenuen. Horretan ere aitzindaria izan zara. Batez ere oso gogor entrenatzea giltza izan da. Ez nuen sakrifizio bat bezala hartzen. Agian une jakin batean betekada ederra hartu nuen! Ziur aski denborarekin ezberdin ikusten dut. Egin nuena egin nuen, eta kito.

Nik uste dut lotan ere entrenamenduekin pentsatzen ari nintzela. Baina onartu behar dut nekatu nintzela; burua asko nekatu nuen. Hala ere, oso harro nago horrekin guztiarekin.

Perfekzionismoa, ohiko bizimodutik urruntzea, porrotari beldur egotea… Merezi izan al du? Gainera, beti korrontearen kontra jardun duzu. Horrek ez al zuen zeure burua nekatzen? Ez dut zalantzarik korrontearen kontra ibili naizela. Ni oso lotsatia naiz. Nahiz eta arrakastek egundoko protagonismoa eman zidaten, beti saiatu naiz itzalean egoten. Zaratarik atera gabe. Neure lanean kontzentratzen nintzen. Eta onartu behar dizut gustukoa nuela ezberdina izatea. Horrekin esan nahi dut gainditzeke zeuden murruak hausten saiatzen nintzela. Bide hori ezin dela kateatu? Bada, burugogor jarri eta topera ekiten nion erronkari.

Ez da saturazio kontu bat izan; bederen, nik ez dut horrela bizi izan. Oso-oso argi nuen norantz jo behar nuen. Nire izaera horrelakoa da.

Arestian aipatu dugu, barne hutsune hori sentitu ondoren, lehen lerroko kirol eskalada utzi zenuela; hots, ibilbide historiko horri amaiera eman zeniola. Ondoren, ezusteko handia eman zenuen. Eta hori diot buruari atseden eman ordez, eskaladarekin jarraitu zenuelako. Kirol eskaladatik hormatzarretara salto egin zenuen. Kirol eskaladan bezala, horma luzeetan ere ez zinen lasaitu eta maila handia erakutsi zenuen. Egin zenituen jardueren artean, bi nabarmendu nahi nituzke. Ordesan zure bikote Rikarrekin “Ojo critico” (8a, 400 m) ireki eta era askean sinatu zenuten. Ordesan lehen 8a ezarri zenuten paraboltik erabili gabe. Eta bigarrena “Yeah Man” (8b+, 300 m). Suitzan dagoen marra hori askatu eta lehen igoera egin zenuen. Testuinguruan kokatu behar dut Ordesakoa. Zuk aipatu duzun hutsune hori Rikarrek ikusi zuen. Eta orain, zer? Rikarrek erantzun oso adimentsua izan zuen, eta Ordesara joatea proposatu zidan. Pixka bat hedabideetatik eta babesleen aldetik nuen presiotik urrutiratzeko.

Nire bikoteak ondo ezagutzen du Ordesa. Hasteko eta behin, “Divina comedia”-ri (7c, 300 m) puntu gorria bistan jarri genion. Eta, ondoren, “Ojo critico” heldu zen. Gure filosofiari jarraituz, azken bide horretan ez genuen paraboltik erabili. Finean, hormatzarrekin beste bide bat hartu nuen. Droga bat bezala zen: gero eta gehiago nahi nuen.

Batzuek txantxetan esan ziguten Ordesan A-tik hasi ordez, Z-tik hasi ginela. “Ojo critico”-rekin, gainera, mezu bat bidali nahi genuen. Den-dena ikusten duen begi horrek esaten zenari kritika egiten zion.

Bertsoetan bezala, puntua jarriko dizut: adinaren perspektibarekin zure ibilbide historiko horri begiratzen diozunean… Bada, oso-oso harro nagoela eginiko guztiarekin eta aurrera eraman nituen helburuen filosofiarekin eta erarekin. Ibilbide horrek erabat markatu du Josune: zehatza, langilea, burugogorra, tematia… Jakin dut noiz eten, eta prest egon naiz ikasteko eta entzuteko.

Oro har, hitz batean laburbilduko nuke ibilbide hori: oso ederra. Lortzen nituen arrakastak, egiten nituen jarduerak, arriskatzen nuena… Orain, horren guztiaren hausnarketa bat egiten dudanean neure buruarekin flipatzen dut.

Kemen handia nuen, eta ondorioak zeintzuk izango ote ziren ez nuen neurtzen. Gaztea nintzen! Baina beti kontziente izan naiz. Fisiko oso sendoa nuen, eta teknika bikaina. Bada, horrekin guztiarekin aurrera egitea besterik ez zegoen. Jakina, ibilbideak perspektiba ematen dizu. Gaztea nintzenean, une zoragarriak bizi izan nituen. Eta horri azpimarra berezia egiten diot.

Ez dut zalantzarik mendizaletasunaren adar guztiak kontuan hartuta, Euskal Herrian zu izan zarela historia benetan idatzi duena. Hala ere, sentsazioa dut hemen oihartzun handiagoa izan dutela zortzimilakoetan jardun duten espezialistek zuk egin duzunak baino. Ze iritzi duzu? Nik ere sentsazio hori dut. Euskal Herria menditsua da. Eta betidanik mendizaleak izan ditugu. Eskalada geroago heldu zen geure herrira, eta bitarteko bat izan zen alpinismoa egiteko. Kirol eskalada, aldiz, nahiko berria da.

Zortzimilakoen kontu horri dagokionez, badakizu epikak indar handia duela. Jendeak balentria horiei garrantzia ematen die. Kazetaritzaren ikuspuntu batetik, izenburu soil batekin kirol hori argi azal daiteke. Eta kirol nagusiei itzal pixka bat egiteko, bada zortzimilakoen mundu hori aipatzea ondo etorri da.

Kirol eskalada zer den maiz azaldu dugu. Gertatzen dena da publikoak ez duela eten bat egiten, idatzitakoa irakurri eta egiten dena baloratu.

Garai haietako berrietan emakume bat aipatzea oso erraza zen, baina gai horretan ez zuten asko sakontzen. Agian, samurragoa da azaltzea zortzimilakoetan egiten dena. Badakigu hamalau zortzimilako daudela, zenbat neska eta mutil zerrenda horrekin egin diren… Hedabide espezializatuek kirol eskalada asko jarraitu dute; orokorrek, ordea, oso gutxi. Kirol eskalada zer den azaldu behar zen, eta uste dut ez zela egin. Neurri batean hori guztia ulertzen dut.

Baina egun eskalada eta mendia asko demokratizatu dira, eta nire iritzi apalean pedagogia gehiago egin behar zen eta egin behar da. Kazetariaren egitekoa garrantzitsua da oso. Garai batean bezala, publikoa egin behar zen. Eta hori ez da egin. Bide batez esan behar dut asko baloratzen dudala nik eginiko guztia gogoratzea.

Bestalde, badakit egun nazioartean nire ibilbideari garrantzi handia ematen zaiola eta erreferentzia bat bilakatu naizela. Eta hori oso ondo dago. Nolabait esateko, horrekin lasai geratzen naiz. Baina hemen, gure herrian, ezberdina izan da.