7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Kolektibitatea, eraikuntza eta aniztasuna

Artikulu honetan, egileak Colectivo Re-ren esperientzietako bat azaltzen du, birziklapenaren eta auzokideen parte-hartzearen logikaren alde egiten duen Txileko arkitektura eta eraikuntza-kolektiboaren bizipenetako bat. Auzokoak entzuten dituen eta pentsatzen duen jendea.

2018tik aurrera 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute bertako ekintzetan: profesionalak, partikularrak, ikasleak eta boluntarioak. (Argazkiak: Colectivo RE)

Bizitzeko era berrien inguruko gogoetak askotarikoak dira gaur egun; sarri kolektibitatean finkatzen dute ardatz nagusia. Eta ez da harritzekoa, azken mendean gizarteak bizitako aldaketek familia nuklearra kolokan jarri dute. Ez hori bakarrik, lan egiteko, ikasteko, aisiarako, zaintzarako… erak ere aldatu dira. Hauei erantzuna emateko era berriak bilatzeari ekin diote alor ezberdinetako profesionalek.

Sarean bizi da gizartea, eta argi dago kolektibitateak onura handiak ekartzen dizkiola hari. Elkarlanean aritzeak; arlo ezberdinetan jaioak diren pertsonen artean sortutako proiektuen emaitzek argi utzi dute. Azken hori argi dauka 2017tik lanean aritu den eta Txilen finkatuta dagoen Colectivo REk. 2018an abiatutako “alREvés” proiektuak arkitekto, soziologo, arotz, zaharberritzaile, idazleen eta abarren arteko bizitza kolektiboaren inguruko eztabaidan du oinarria.

XIX. mendeko eraikin babestu baten birgaitzea helburu duen proiektu hau egurrezko egitura duen hiru solairuko eraikin batean kokatzen da. 100 urtetik gorako eraikin hau 2010eko lurrikaran kaltetu zen. Ondorioz, zimenduek ez ezik, fatxadak zein bigarren eta hirugarren solairuek ere berritzeko beharra zuten. Hasiera batean ohiko ondare proiektu baten deskribapena irudi lezakeen arren, alde handi samarra dago proiektu honen eta proiektu konbentzionalen artean.

 

Lanei hasiera eman baino lehen Colectivo RE-k argi finkaturik zituen bere lanen filosofiaren oinarriak. 2018an sortu berria zen kolektiboak auzolana, birziklapena, parte-hartzea eta formakuntza ditu ardatz, eta “alREvés” proiektuan horiek guztiak jorratzea lortu du urteen baitan.

Eraikinaren barruan bost etxebizitza aurki daitezke; pisu horietan familia bat, ikasle pisu bat, gazte talde batek alokatutako pisua eta kolektiboaren egoitza daude. Proiektuaren barruan hiru etxebizitza birgaitzeko helburua fase ezberdinetan banatu zen. Gaur egun, azken etxebizitza atontzeko lanak gauzatzen ari dira. Puntu honetara heldu ahal izateko, kolektiboaren filosofiaren mugarriei jarraitu diete, bai diseinuan bai egikaritzean.

Batetik, eraikina eta obra ez dira era isolatuan ulertu; obran zehar ekintza ugari egin dira auzolanean. RE-k bere auzokideak barne hartu ditu; auzoko beste puntu askotan egindako proiektuez gain, auzoko jendeari bideratutako hamaika ekintza, tailer eta proiektu jorratu dira era paraleloan. Kolektiboko partaideen eta auzokideen artean lana aurrera ateraz. Birgaitutako lehen etxebizitzan argi geratu dira auzolanean egindako ekintzen aztarnak; pareta zein sabaiak dekoratzen dituzten margoetan, adibidez; auzoko ume zein nagusiekin mural tailerrak gauzatu ziren.

Auzolana eta parte-hartzea eskutik doazen kontzeptuak dira beti. Auzolanak, alREvés kokatutako auzoak zituen behar eta arazoak plazaratzeko espazioa eskaini zion auzoko jendeari, eta horrela RE auzo sarea barneratzea lortu zuen. Harrezkero, gertuko jendearen beharrak entzun eta bestelako ekintzak gauzatu dituzte bertan zein inguruko auzoetan.

Kolektiboaren beste ardatzetako bat birziklapena da. Egun eztabaida beharrik ez duen gaia da hori, bereziki eraikuntza sektorean. Horretaz gain, RE-k birziklapenaren eskutik lortzen du katalogatutako eraikin baten memoria mantendu eta bizirik irautea. AlREvés eraikina beraren eta hiriko beste eraikinetako materialak zaharberritu eta erabili dira obran; ateak, zeramika, altzariak etab. Horiei bizitza berri bat eman diete, bertako eskulangileei keinua eginez.

 

KLASE IREKI BAT

AlREvés ez da proiektu soil bat, ordea, klase ireki bat baizik. Kolektiboaren azken ardatzari helduz, formakuntza prozesu bat izan da. Partaidetzarekin bat eginez ere, Valparaisoko unibertsitatearekin eta zenbait formakuntza zentrorekin batera proiektuaren atal ezberdinak gauzatuz joan dira. Hainbat profesionalek tailerrak ere egin dituzte bertan; horiek ikasleei, beste profesional batzuei zein auzoko jendeari zabalik egon dira. Horrela, ezbehar naturalen aurrean suertatutako kalteen aurrean (sute zein lurrikaren aurrean) konponbideak lortzeko tresnak eman dizkie inguruko pertsonei.

Azken finean Colectivo RE-k bere etxeko ateak irekitzea baino garrantzitsuagoa da auzoak RE-ri irekitako bidea. 2018tik aurrera 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute bertako ekintzetan: profesionalak, partikularrak, ikasleak, boluntarioak… AlREvés etxeak tresnak eman dizkie inguruko pertsonei, kolektiboa laguntza-sare bihurtuz.