Jon Jimenez
LITERATURA

Distopia eta utopiaren irudia

Orwellen “1984”, Huxleyren “Bai mundu berria”, Bradburyren “Fahrenheit 451” eta Atwooden “Neskamearen ipuina”… Etorkizun distopikoak euskaraz imajinatu nahi dituenak sorta ederra du Txalapartak azken hamarkadan argitaratu dituen hauekin. Denboran eta espazioan gertuago, argitaletxe berean ontzen ari da bere fikziozko utopia Asel Luzarraga hiru aletan. Kontrako espaloian, etorkizun ez hain adeitsu bat marraztu digu berriki Juan Luis Zabalak bere “Dimisioa” (Susa) narrazio liburuan, zeinari bai forman -kapitulu motzak-, bai edukian -distopia hiperteknologiko eta transhumanista bat irudikatzen du-, Netflix-eko “Black Mirror” telesailaren antza hartzen diogun.

Euskal Herrian egin dira eta egiten dira eleberri utopiko/distopikoak baina, Garazi Arrula Ruiz Txalapartako editorearen iritziz, «ez da hainbertze etorkizun hori irudiz jantzi, ez da proiekzio irudikaturik egin». Hutsune hori betetzera dator, justu-justuki, “Iris XXII” komikia, Julen Ribasen marrazki bikainekin; «Frantziako merkatuko edozein albumen pareko direnak», Esteban Montorio diseinatzailearen aburuz. Gaur egun sumatzen ditugun mota guzietako hondamendiak esponentzialki biderkatzen ditu istorioak eta jatorri anitzeko pertsonak -Baionakoak tartean- biltzen dituen talde ttiki bat azaldu. Bizigarria den irla bakanetako batean, «oso oinarrizkoa den etorkizuneko gizarte bat irudikatzen da, egungo teknologiarik gabe, dirurik gabe... Bestelako gizarte bat. Ez dakit utopikotzat jo daitekeen», sakontzen du ideia horretan Yurre Ugartek, hainbat telesail eta literatur-lanetan eskarmentua duen gidoilari tolosarrak. Baina «kontua da hor ere iraganera itzuli nahi duenik ere badagoela».

Zein iragan, ordea? Badira biziraun dutenen artean gizaki berezi batzuk, eguzki-ekaitzek hil ez dituztenak eta, ondorioz, haien barrenean eguzki haziak daramatzatenak. Eta, guzientzako etorkizun hobeago baten itxaropenez, haiekin esperimentuak egin nahi duenik ere bada, horrek dakarren hondamendi zahar-berri bat gertatzeko arriskuarekin. Aldi berean, bada arbasoen ondare natural eta kulturala berreskuratu nahi duenik, Dante Alighieriren “La divina commedia” kasu. Erran genezake klasiko horretatik edaten duela ere “Iris XXII”-k: infernu lazgarria igaro dute irlako biztanleek, purgatorioan daude eta bertan gida moduan Virgilio -arrazoia, esperimentuak…- edo Beatriz -xamurtasuna, maitasuna…- azaltzen zaizkigu. Utopia guzietan bada nolabait gorderik distopia bat, eta alderantziz. Paradisura noren eskutik iritsiko argi utzi zuen Alighierik.