7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Agendez


S.apurgarria,

Ez dakit nondik hasi. Ez dakit loteriari buruz ala txitxirioekin batera beratzen uzten duzunaz galdetu. Arropa eskegitzen duzunean arima zabaltzen ote duzun itaundu behar nizuke, agian. Ez. Arropa zabaltzean arima eskegitzen dutenen taldekoa dirudizu. Tira, inor ez da dirudiena. Ala bai. Eskuin-muturra boterean da Argentinan. Eskuin-muturra kalean ikusi duzu erdigunetik auzora bueltan. Eskuin-muturra egunero karrikan gurutzatzen duzun jendea da. Eskuin-muturra egunero zure baitatik erauzi nahian zabiltzana da. Norbere estoldetako okerrenarekin konektatzen duen etorkizun ederrik baden galde niezazuke akaso ala, ezinbestean, jolasaren antonimoa zigorra ote den.

Ez daukazun denborak itotzen zaituela erantzungo didazu, saihestu nahi dituzun itzaletara alde egiten dizula pentsamenduak, arriskurik eza lasaigarria bezain izugarria zaizula. Pasatu dira Durangoko azoka (gaiaren ala idazlearen talentuaren arabera erosten dituzu liburuak?) eta greba feminista (noiztik ez diezu aitatxi-amatxiei bisitarik egin?); badatoz gabonak (noizko familiari buruzko osoko bilkura?) eta urte berria (ziur zaude berria izango dela?). Pablo Gonzalezek espetxean jarraitzen du, bortxa bikarioaz eta bikarioen bortxaz mintzo dira egunkariak, haurrak sakelakoaren jabe egiteko adinaz parkeko gurasoak, lagun ikusezinaz watsap-taldeak eta egunean zehar jaten duzun galleta kopuruak salatzen dit zure antsietate tasa. Etxetik kanpo lan egiteak astean zenbait orduz bizimodua orekatzeko balio diola entzun diozu Ari. Agenda berria erosi duzu zuk.

Beldurra diozu agenda hutsa izateari; izua agendak gainezka egiteari. Ezezkoek baiezkoak sortzen dituztela oroitarazten dizutenean, giltzapetutako ateen sarraila hotsa entzuten duzu zuk. Abestien hitzak bezalakoak dira errealitatea antolatzen duten narratibak: aditu nahi duzuna kontatzen dizute. Horregatik dago eskuin-muturra nonahi. Horregatik mintzo zara gaur Ukrainaz, bihar Palestinaz eta etzi atzo arte mapan kokatzen ez zenituen herrialdeez. Horregatik zure bizitza zurea ez den sentipena, antsietatea eta galletak. Zutabe hau “agendez” beharrean, “a-jendez” titulatu behar zenuke beharbada: J.k Ali Smithen Autumn gomendatu zizula idatzi. L.rekin Chloe Zhaoren Nomadland ikusi zenutela apuntatu... Baina zuk ere ez dakizu nondik hasi, ez dakizu nola bukatu.

Loteriaz galdetuko dizut?