Jon Urzelai Garrido - Salto Training
KIROLA

«Return to play»

“Return to play” terminoak lesio baten errekuperazioaren barnean dagoen azken faseari erreferentzia egiten dio, hau da, lesionatua jokalekura itzultzen den uneari. Ezinbestekoa da itzulera hori erabakiak hartzeko etengabeko prozesu gisa ulertzea, prozesu dinamikoa eta pertsonalizatua baita. Helburu nagusia lesio osagarririk edo berrerorketarik ez izatea izan behar du, eta itzulera momentua aldagarria izan daiteke.

Argi dago, lesioa agertzen den unetik, hartzen ditugun erabakiek eragina dutela “return to play”-aren azken irizpideetan. Lehenengo erabakiak hurrengoa baldintzatzen du, eta berehala garatzen da zenbait aldagaik elkarri eragiten dioten prozesu luze bat eskatzen duen erabaki-sarea.

Aldagai hauek hiru multzotan bereiz ditzakegu; bata, diagnostiko zuzen bat egitea; bestea, lan kargaren kontrol zorrotza izatea suspertze prozesuan; eta azkena, kirolaren arrisku eta erabaki aldatzaileen kudeaketa egokia burutzea.

Diagnostiko zuzenari dagokionez, itzulerarako urratsik garrantzitsuena da, oinarrizkoa. Hemen barnean aldagai asko kontuan hartu behar dira.

Bigarrenari dagokionez, lan kargak zehazki kontrolatu behar dira, eta kirolariak bere osotasunean lehiaketarako prest egon behar du. Azterketa klinikoaz gain, talde medikoak eta erreadaptatzaileak elkarlanean aritu behar dute une oro, lesioaren aurrerapena pertsonalizatzeko eta lan kargak ebaluatu eta kudeatzeko. Helburu nagusia izan behar du kirolariaren maila fisiko optimoa lortzea.

Azkenik, aldatzaileen kudeaketa egokia daukagu. Ezinbestekoa da errekuperazioaren parte diren pertsona guztien lan multidiziplinar eta bateratua izatea erabakiak hartzerako orduan.

Ondorioz, kirolaria inguruarekin erlazionatu behar da eta edozein egoeraren aurrean prest egon behar du honi aurre egiteko. Horregatik, ezinbestekoa da maila fisiko eta mentala optimoa izatea. Baliteke prozesu honetan atzerapausoak ematea, eta normala da, baina honen aurrean erabaki egokiak hartu behar dira denen artean.