BETIKO ZUZENDARI

25 urte «Egin» itxi eta Salu betiko zuzendari izendatu zutenetik

Jabier Salutregiri Ean egindako omenaldia, pasa den ekainaren 24an.
Jabier Salutregiri Ean egindako omenaldia, pasa den ekainaren 24an. (Aritz Loiola | FOKU)

Betiko. Halaxe izango zuen “Egin” egunkariko zuzendari kargua Jabier Salutregik. Halaxe “suertatu” zitzaiola esatea, halere, ez litzateke zuzena, kargua bizitza osorako hartzea ez baitzen kasualitatearen ondorio izan. Gertaera bortitz bezain planifikatu baten ondorio zuzena baizik.

Aurten, uztailaren erdialdean, bete dira 25 urte Estatuak “Egin” itxi zuenetik. Itxiera harekin, 1998ko uztailean izendatu zuen betiko zuzendari Jabier Salutregi. “Egin”-eko zuzendaria edo, hala nahi bada, “Egin”-eko azken zuzendaria. Itxiera bidegabearen urteurren borobil hori betetzeko justu hilabete falta zela hil zen Salutregi, minbiziak jota. Eta, horrenbestez, kargua ere berekin eraman du, betiko.

«Inork uste al zuen ez ginela ausartuko?» esaldiarekin aldarrikatu zuen Jose Maria Aznar Espainiako orduko presidenteak egunkariaren itxiera. Baltasar Garzonek eman zuen epaitegiko agindua, baina urrats hura Estatu osoaren operazio bat izan zen, Estatuaren erraietan gorpuztu zuten eta azken garaian hain entzutetsu den lawfare delako horrek azken bururaino eraman zuen operazioa. “Dena da ETA” izan zuen goiburu, eta euskal gatazkari heltzeko estrategia ezaugarritu zuten hainbat urtetan. Besteak beste, adierazpen eta prentsa askatasuna urratu zituzten neurririk gabe, eta noraino iristeko kapaz izango ziren erakutsi zuten, bide batez. Gerora, euskal gatazkaren ondotik, Kataluniako prozesuan ere norabide bera hartu zuen Estatuak, errepresio itsuaren estrategian barrena. Martin Niemöller-en -ez Bertolt Brecht-en- “Lehen bizi… etorri ziren” olerkia berritu nahi izan zuten, nonbait.

Eragozpen eta sufrikario asko nozitu arren, ordea, gaur egun ez da gurean lur etzerik. Adibide adierazgarriena honakoa: GARAren sorreratik 25 urte beteko dira aste gutxi barru. Francoren heriotzaren ostean loratu zen euskal prentsa politikoak ez du etenik izan. Horregatik, ia 50 urte horiek gogorarazi eta nabarmendu asmoz, “Artefaktuaren” ekimena martxan jarriko dugu. 77an sortutako eta 98an itxitako egunkariaren lana ere maiz agertuko da egunero zabalduko ditugun edukietan, eta zer esanik ez Jabier Salutregi Mentxakaren, betiko zuzendariaren, ekarpena.