7K - zazpika astekaria
HONDAMENDITIK HONDAMENDIRA

Prokrastinazio klimatikoa arau

Glaziarrak urtzen dira tenperatura altuengatik. (Olivier Morin | AFP)

Inoiz neurtu den urterik beroena izan zen 2022a, Parisen muga bezala ezarritako 1,5 ºC-ko berotzea hatz puntekin ukitu duena. Azaroaren amaieran, Meteorologia Mundu Erakundeak ohar batean hartu zuen bere gain hondamendiaren idazkari papera: berotegi efektua eragiten duten gasen kontzentrazioa gora joan da, itsasoaren tenperaturak eta mailak markak hautsi dituzte, Antartikako itsaso-izotzak zabalera minimo historikoa erregistratu du, eta muturreko fenomeno meteorologikoek «heriotza eta suntsiketa» eragin dituzte.

Kontzientziak esnatzeko mezu egokiena zein ote den eztabaidatzen jarraitzen dugu, beldurrak paralisia ekarri dezakeelakoan, baina paralisian bizi gara dagoeneko. Goxo, antza denez. Abendu honetako COP28 Konferentzia Klimatikoan, erregai fosilak atzean uzteko trantsizioari ekiteko erreferentzia barroko eta lausoa egin zitzaion, datarik eta inolako zehaztapenik gabe. Ez dirudi konponbidea, edo dena delakoa, fosil produktoreek eta kontsumitzaileek beto eskubidea daukaten konferentzia batek emanen duenik.

Euskal Herrian ez gaude hobeto, edonola. Energiaren Euskal Erakundeak urrian kaleratutako datuen arabera, fosilen kontsumoak gora egin zuen EAEn 2022. urtean, eta ez berriztagarriek ez kontsumoaren murrizketek ez dute garrantzizko aurrerapausorik egin. Berriztagarrien azpiegituren inguruan ardaztu da eztabaida, tartean inolako partaidetzarik eta plangintzarik gabe ari direlako proposatzen haize-sorgailu parke handiak. Polemikak polemika, ordea, Euskal Herriak egiteke ditu bi eztabaida gako: nola murriztu fosil kontsumo sostengaezina, eta zer kudeaketa eredurekin garatu modu batean edo bestean iritsi beharko diren azpiegitura energetiko berriak. Ea bada, 2024an.