7K - zazpika astekaria
KIROLA

Urte berriarekin batera, helburu berri gehiegi


Gabonen ondoren, jaiegun guztiak igarota, gehiegikeriekin eta damuekin batera helburu berrien unea dator. Gure buruaren motibazioaren eragile, helburu berriak ezartzeko joera dugu, jarduera fisikoarekin eta nutrizioarekin harreman estua dutenak bereziki. Momentu hau aitzakia egokia izaten da gure bizitzaren norabidea aldatzeko edo zuzentzeko, baina hasierako pausoak ondo emateak erabateko garrantzia du, etorkizunean ematen diren aldaketak jasangarriak izateko eta epe luzera mantendu daitezen.

Zergatik aldatu? Lehenik eta behin, norbere buruari aldaketaren zergatia galdetu behar zaio. Gure buruarekin gustura ez egotea, kirol berri batekin hasteko grina piztea edo aldaketa fisiko bat bilatzea izan daiteke galderaren erantzuna. Hau ondo barneratzea izango da aldaketaren lehenengo pausoa, honek lagunduko baitigu prozesu osoan norabideari eustea.

Nola eta noiz hasi? Bigarren pausoa, bizimodu aldaketarekin hasteko unea erabakitzea da. Pauso hau emateko, gure gorputza eta burua prestatu ondoren, egunerokotasuneko egonkortasuna bilatu behar da, ordutegi finkoak jarriz eta jarduera fisikoaren unea gure bizitzaren zati bat bezala ikusiz. Egoera kaotiko eta inprobisatuetan jarduera fisikoa burutuz gero, etorkizunean ez du jarraitutasunik izango. Gainera, jarduera motari erreparatzen badiogu, milaka aukera topa ditzakegu, eta pertsonaren gustuetara, egunerokotasunera, ordutegietara eta norberaren helburura egokitzen den jarduera bilatu beharko da. Era honetan, jarduerarekiko atxikimendua ziurtatuko dugu.

Zer emateko prest? Orain arteko pausoak jarraitzeko gai izan direnentzat galdera zailena hemen dator: zer emateko prest nago? Jarduera fisikoak denbora eta ekonomia kostu bat dakar. Bi aldagai hauei aurre egiteko, beste ohitura batzuetatik kendu edo aldatu beharko dira, edota gure egunerokotasunaren antolakuntza hobetu. Aisian inbertitzen dugun denbora eta ekonomia aldatzea ez da pauso erraza izaten, urte askotan finkatutako ohiturak izaten direnean bereziki. Jasangarriak izango diren aldaketekin hasi beharko dugu, aldaketa zorrotzak alde batera utzirik.