Amaia Uribe
IRITZIA

Urte berri (on)

Sekula ez dut jakin noiz arte esan dezakegun urte berri on! Ez dakit, urtarrilaren 7a berandu den horretarako. Ez dakit, ekainean urte ona desiratzen jarrai dezakegun. Eta ez dakit 2024 urte ona izango den ala ez.

“Urte barri ekarri” abestuz hasi dugu urtea, zenbakiz aldatzeak bizitza aldatzea ekarriko balu bezala. Urte zaharrean egin ez dugun guztia urte berrian egingo dugula aginduko diogu geure buruari. Dela gimnasiora joatea, dela osasuntsuago jatea, dela tabakoa uztea, dela… Ez gara konturatzen, baina, asmo berri hauek guztiek presioa eta antsietatea areagotzen digute, eta azkenean psikologoarengana joatea izango da gure urte berriko betebehar bakarra!

Hauteskunde urtea izango da 2024. Lehendakari berria izango dugu, baina zaharrak berri, ez da emakumea izango. Estatu Batuetan ere hauteskunde presidentzialak egingo dituzte azaroan, baina badirudi bi agureren arteko lehia zaharra errepikatuko dela. Kirolaren urtea ere izango da honakoa. Joko Olinpikoak jokatuko dira, non eta Parisen! Hori bai, joateko asmoa baduzue hasi aurrezten. Inaugurazio ekitaldiko sarrerak 2.700 euro kostatzen dira.

Ekonomistek diote interes tasak jaitsi egingo direla urte berrian. Baina, tamalez, familia askok ez dute aukerarik izango etxerik erosteko. Pobreek pobre jarraituko dute, eta aberatsek aberats. Kataluniarrek, aldiz, erreferendumaren urtea izango dela aurreikusten dute. Baina ez dirudi Madrileko politikariak emaitza onartzeko prest egongo direnik. Bereziki pultsera hori-gorria eskumuturrean daramaten horiek. Izan ere, urte honetan erakundeetako parte izaten jarraituko du Voxek.

Ez dut ezkor agertu nahi, baina ez dut uste urte berrian aldaketa handirik egongo denik. Iaz ikasi nuen, promesa kontua baino gehiago, jarrera kontua dela bizitza. Egunez egun joan nahi dut, datorrena bizitzen. Agenda albo batera utzi eta inprobisatzen. Lanari leku gutxiago ematen eta familiaz gozatzen. Arazo txikiei garrantzia gutxiago ematen eta ahal den gehien bidaiatzen. Malkoak lehortu eta aurpegia irribarrez argitzen. Izan ere, 2024 bisurtea da. Beraz, geure esku dago: egun bat gehiago dugu antsietatez bizitzeko edo zoriontsua izateko!