28 ENE. 2024 LITERATURA Legenda beltza Jon Jimenez Egun, 1898an bezala, Espainiari geratzen zaizkion guztiz asimilatu gabeko lurraldeek eskapu egiteko burua altxatzen dutenean -Katalunia-, historia loriatsu guziari hasten zaizkio hautsak kentzen ezker-eskuin -hor ez da alderik Espainiaren arima bera salbatu behar bada-. Gainbeheran den inperialista orok barnean gordetzen duen gizon arranditsu kolpatu eta minez beterikoa barne disidentzien aurka zein bertze gune inperialen aurka oldartzen da orduan. Espainiaren kasuan, bereziki anglo-saxoien, frantsesen eta arabiarren aurka. XVI. mendera jo behar dugu gaur egungo Espainia eta bere traumak ulertzeko. Ameriketako konkista da min horiek gerora jaregingo dituena. Psikologikoki, menekoek etorkizun hobe baten itxaropena gal ez dezaten edo, arrazoi ekonomiko-politikoengatik, neokolonialismoa justifikatze aldera, konkistaren irakurketa errebisionista bat abiatu dute zenbait historialarik, kolonizazioa bera leunduz edo ukatuz. Euskal Herritik ikuspegi horren aurkako alea erein nahi izan du Kepa Larreak (Basauri, 1956) “Antilletan galdurik” (Pamiela) liburuan. Ez dago, ordea, polemika nahiz idatzirik; irakur erraztasunaren eta errelatoaren mesedetan utzi du kanpoan saiakerazkoagoa den alde hori, irakurleria zabalago batentzat atsegin eta erakargarriagoa eginez. Arpilaketa horretan bada euskaldunik ere eta horien inguruan ehunduta dago kontakizun guzia. Bertatik bertara ezagutuko ditugu inperioaren alde eta kontra aritutakoak. Bertzerik ezean bizirik irautea helburu zuten piratak, Itsaslapurren Ermandade berdinzalean parte hartu zuen Mixel Etxegorria bukanero lapurtarra kasu. Edo goi klaseen pribilegioak irabaztera zihoazenak, hala nola Pedro de Urtsua, El Doradoren kondaira faltsuarekin liluratu zutena eta erregeari eta Aita Santuari leiala, edo Lope de Agirre “traidorea”, “mingaina bezain zorrotza zuena ezpata” eta, Simon Bolivar askatzailearen erranetan, Ameriketako independentzia deklaratu zuen lehena. Edo genero pribilegioez gozatzeko gizonez jantzi behar izan zuen Katalina Erauso “lekaime alfereza”. Baita beranduagoko independentzia gudetan heroi izendatu zutena ere, Larreak ederki ezagutzen duen Xabier Mina nafarra kasu. «Salbuespenik gabe garaileek idazten dute historia beti, bereziki garaituek hizkuntza idatzirik ez badute». Hiztegi oparo eta iaioki hautatuarekin, zeinak epikotasuna areagotzen duen pasarte ugaritan, Larreak pertsona zanpatuen bizitzak, borrokak eta heriotzak ekarri ditu erdigunera, kontatuz nola ezpatak eta gurutzeak, Koroa gaztelauak eta Erromako Elizak, bien batasunak, ustiatu eta triskantzatu zuten kontinentea. Eta hor tartean ibili ziren gure arbasoak ere. «Salbuespenik gabe, garaileek idazten dute historia beti, bereziki garaituek hizkuntza idatzirik ez badute»