04 FEB. 2024 IRITZIA Giza natura Jokin Urain Munduko aberatsenak iaz are aberatsago bihurtu zirela esan digute urtea hasi eta berehala, aurtengoa zein norabidetan joango den iragarriz agian. Irudietan erakutsi dizkigute handiki horien keinuak eta itxurak, apain eta dotore, eta nahieran darabilten dirutzaren handia kalkulatu dute, ez dakit geu bezalakoxe pertsona errealak direla jakitera emateko, gorrotagarriari aurpegia jartzeko, inbidia emateko edo zertarako. Ez da hemengo eta hango aberatsenen izenak eta irudiak ematen dituzten lehen aldia, eta ez da izango hedabide eta berriketari zenbaiten aldetik aberastasun horren araberako aintza eskaintzen zaien azken aldia. Munduko behartsuenen irudiak ere erakusten dizkigute pasadan, loria handirik gabe; urrunetako atso-agure edo umeak janzki piltzar urratuekin, aurpegi xikinetan malko arrastoak, herrien aurkako sarraskietako kaltetu odolez zipriztinduak. Edo hemen bertako ezergabeak, portale bazterrean makurtuak, nonahiko eskaleak, zori duinago baten bila dabiltzan jazarriak, bidean galduak... erremediorik gabeko gauza naturala balitz bezala hauen guztien planta eta atarramendua. Gauza naturaltzat har ditzagun azaltzen dizkigute, bereizirik, arrandia eta dotoreziaz eraiki eta zaindutako auzo edo hiriguneak eta zaborra baztertzen den moduan alboratzen diren aldiri eta zoko txiroak. Naturak eta giza izaerak berez horrelaxe emandako gauza naturaltzat har dezagun ahaltsu eta aberatsak alde batean bizitzea eta guztiaren beharrean direnak bestean mimetizatzea. Igual ez dela naturala edo normala, berez ez lukeelako horrela izan behar, baina pobreak munduko edozein bazterretan pobreen ondora batzen direla zioen Joxedomingok astelehen goizeko kafearen bueltan; nonahi dela ere, abaro apur bat behar duela besterik ez duenak, itxaropena bera iheska dabilkionak, eta pobreari pobreak baizik ez diola ematen. Aberatsek beste kezka batzuk dituztela zioen, eta beste leku batzuk. Munduko ahaltsu eta handikiak lehengo hilean bildu ziren Davosen, pobreentzat hotz egiten duen lekuan. Bertan izandakoen izenik inork eskatuz gero, bi datozkit bat-batean: Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatua bata, Javier Milei presidente argentinarra bestea. Gauzak birpentsatu egin behar direla esan zuen Imazek, eta Mileik badirudi pentsatuta dauzkala pentsatzekoak. Film apokaliptiko baten gidoia taxutzeko ez da asko gehiago behar. Naturak eta giza izaerak berez horrelaxe emandako gauza naturaltzat har dezagun ahaltsu eta aberatsak alde batean bizitzea eta guztiaren beharrean direnak bestean mimetizatzea.