04 FEB. 2024 ARKITEKTURA Hirien B aldea 1974az geroztik, El Garrafeko (Bartzelona) La Vall d'en Joan zabortegiak Bartzelonako eta bere metropoli-eremuko hiri-hondakin gehienak bildu ditu. Zaharberritzeari esker, arazo tekniko konplexu bat konpontzea, espazio publiko berri bat zehaztea eta paisaia berri bat eraikitzea lortu da. Lehengo zabortegia eta gaur egungo parke naturalaren irudia. Proiektua: ©Batlleiroig, Irudia: Jordi Surroca (zazpika) Garazi Aranguren Azken urteetan ingurugiroaren zaintza administrazioen kezka nagusia izatera igaro da. Klima-aldaketaren eraginak modu arduratsuagoan jokatu behar dugula ohartarazi digu, etorkizunean gure ohiturak aldatzeaz gain iraganeko zauriak ere sendatu behar ditugula esanez. Gaur aurkeztuko dudan proiektua “La Vall d'en Joan” izenez ezagutzen den zabortegiaren birgaitzea da, Battleiroig arkitektura bulegoak egina. Bartzelonako metropoli-eremuko biztanleriaren hazkundeak eta garai hartan zerabilten zabortegian izandako istripuak 1974an hiri-hondakinak biltzeko leku berri bat bilatzera eraman zituen. Bailara honetan epe luzerako depositu aproposa ikusi zuten, eta hala jardun du 32 urtez. Bertan botatako hondakinek 60 hektareako azalera okupatu dute, punturik sakonenean 80 metro betetzera iritsiz. Depositazioak, eremu naturala nabarmen eraldatzeaz gain, hainbat arazo ekarri zituen atzetik. Lurzoru karetsuaren porositatea zela-eta ustiategiak sortutako lixibatuak infiltratu, eta Castelldefels-eko akuiferora iritsi eta berau kutsatu zuten. Gainera, zigilatua ezegokia zenez, hondakinak hartzitzean sortutako gasak atmosferara isurtzen ziren, Bartzelona osoak emititutako berotegi-efektuko gasen %20 izanik. 1999an asmo handiko proiektu bat jarri zen abian, Bartzelonako Udalak, Diputazioak, Udalerrien Mankomunitateak, Hondakinen Batzordeak eta Europar Batasunak batera finantzatua. Proiektuak operazio bakar baten bidez hiru arazori erantzutea zuen helburu: zabortegia ixtea (arazo tekniko konplexu batzuk konponduz), espazio publiko bat definitzea eta paisaia berri bat eraikitzea. 2010erako parke publiko bihurtzeko helburuz, zabortegiaren itxiera esparru eta faseetan planifikatu zen. Zabortegiaren eremu berrienean hondakinak pilatzen jarraitzen zuten bitartean, behealdea eta zaharrena itxi, eta birsorkuntza naturaleko faseari ekin zioten. Antolaketa honek tresna pedagogiko baliotsua eskaini zuen, bisitariei itxieraren hainbat etapa bisitaldi bakar batean ezagutzeko aukera ematen baitzitzaien. Zabortegia paisaian nola integratu aztertzeko bidean, honen topografia (terrazetan, ezpondetan eta arrapaletan oinarritutakoa) Garraf-eko bailaretako nekazaritza-guneen oso antzeko geometriez osatzen zela ohartu ziren. Gainera, uren kontroleko eta laboreen garapeneko nekazaritza teknikek antzekotasun handiak zituzten deposituaren klausurak konpondu beharreko premia teknikoekin. Landa eremuak erreferentzia izanik eraberritzearen arrakasta bermatzeko hainbat diziplinatako adituek hartu zuten parte, hala nola ingurumen-ingeniariek, geologoek, paisaia-arkitektoek eta agronomoek. Eraikuntza aldetik ohiko euste-hormak eta lur-geruzak erabili ziren zaborrari eusteko eta zigilatzeko. Baina sinplea dirudien soluzio honen atzean, likidoen eta gasen kudeaketarako hoditeria-sare konplexuak zeuden. Lurrazaleko euri-uren eta lurpeko ur kutsatuen sareak bereiziz, alde batetik, araztegira bidalitako ur zikin kopurua nabarmen gutxitzea eta, bestetik, euri-urak putzuetan bildu eta parkea ureztatzeko ibiltzea lortu zuten. Gasei dagokienez, hondakinak hartzitzean sortutako biogasa biltzeko eta ondoren hori elektrizitate bihurtzeko sistema bat ezarri zen; besteak beste, ureztatze-sistema hornitzeko erabiltzen dena. Azaleko leheneratzea espezie autoktono erresilienteetan oinarritu zen. Terrazetan lekadun landareak ezarri zituzten, lurzorua birsortzeko ahalmena dutelako. Ezpondetan, berriz, zuhaitzak (pinua eta artea) eta zuhaixkak (sasitza, sastraka edo makia) landatu zituzten, beren behar hidriko baxuei esker aproposak baitziren. Sortutako leku berri hau, bere aparkaleku publiko, ibilbide konektatu, ereindako terraza eta begiratokiekin, Garraf Parke Naturalaren sarrera da gaur egun. Baina iraganean gertatutako guztia ez du ahaztu nahi, eta horixe kontatu nahi digute bideen alboetan kokatutako zabor-gabioiek: bertan hondakinak bota zirela, baina gero bizia itzultzeko gai izan ginela. Azaleko leheneratzea espezie autoktono erresilienteetan oinarritu zen. Terrazetan lekadun landareak ezarri zituzten, lurzorua birsortzeko ahalmen handia dutelako. Ezpondetan, berriz, zuhaitzak eta zuhaixkak landatu zituzten