Aitor Maiza Apezetxea - Salto Training
KIROLA

Minbizia eta jarduera fisikoa

Gaur ospatzen da Minbiziaren Mundu mailako eguna. Gaur egungo osasun arazorik handienetakoa izan daitekeela esan genezake agian, eta zaila da lehenengo pertsonan, familian edo inguru hurbilean gaixotasun honen eraginik jasan ez duen inor aurkitzea.

Azken urteetan asko ikertu da minbiziaren inguruan, bai prebentzioaren ikuspegitik, bai eta tratamenduaren alorretik ere, eta, zerbait nahiko argi geratu bada, jarduera fisikoak minbiziaren prebentzioan eta tratamenduan izan dezakeen eragin positiboa da. Ikusi besterik ez dago osasun zentroek nola eraldatu dituzten euren espazioak, jarduera fisikoari merezi duen garrantzia eta lekua emateko minbiziaren tratamenduan.

Tratamenduan sartu gabe, prebentzioari dagokionez, Friedenreich-ek (2020) azaldu moduan, jarduera fisikoaren bidez minbizi kasuen %10-25 ekidin ahalko liratekeela uste dute; eta %30-40, bizi-ohituren eta inguruneko arrisku faktoreen aldaketen bidez. Hala ere, onura hauekiko dugun kontzientziak oso baxua izaten jarraitzen du.

Biologikoki, jarduera fisiko ezak eta sedentarismoak minbiziarekin lotura zuzena duten zenbait faktore indartzen dituzte. Lehenik, ehun adiposoa edo gantza areagotzeak organoen eta zelulen funtzionamendu arrunta oztopatzen du. Bigarrenik, glukosaren metabolismoa erregulatzen duen intsulina hormonaren funtzionamendua ere kaltetu ohi da, hiperinsulinemia arriskuak areagotuz.

Beste alde batetik, jarduera fisikoak adipokina eta leptina hormonen baloreak jaisten laguntzen digu, gorputzean izan dezakegun inflamazio kronikoa gutxituz eta modu horretan minbiziaren arrisku faktoreak murriztuz. Beraz, Parra-Soto eta beste zenbait autorek (2021) burututako berrikuspen artikuluak erakusten duen moduan, jarduera fisikoaren praktika edozein motatako minbizia garatzeko arrisku gutxiagorekin lotzen da. Hala ere, ezin dugu baztertu beste zenbait arlok (elikadura, alkoholaren kontsumoa, tabakismoa…) berebiziko garrantzia dutela minbiziaren prebentzioan.

Amaitzeko, faktore batengatik edo beste batengatik izan, animo eta babes mezu handi bat, modu batera edo bestera minbiziaren aurka borrokan zabiltzaten guztiei!