7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Hamaika aukera

Teilatuak alferrik galtzen dira, eta artikulu honen egilearentzat haien potentziala baliatzeko garaia iritsi da. Etxebizitza eskaeraren, espazio publiko faltaren, klima aldaketaren edo trantsizio energetikoaren konponbidearen parte direla kontuan hartuta, berrerabiltzea proposatzen du.


Duela bi asteburu, hirietan sustatu daitekeen elikagaien ekoizpen bertikala hizpide izan nuen, hiriko espazio eskasiari aurre egiteko modua, landa inguruetara hedatu beharrik izan gabe. Gaur, antzeko ildotik jarraituz, bertikaltasunari eutsiko diot berriro, eraikinen estalkien homogeneotasunarekin apurtzeko intentzioz. Zergatik daramate denek txapel bera?

Gure hirietan eta herrietan ez gaude ohituta bizia daukaten estalkiak ikustera, eta ezta horietatik begiratzera ere, gehienak tapa hutsak baitira. Altueran egotearen baldintza tarteko, uste dugu ez direla gainerako azalak bezainbeste zaindu behar, eta jaramonik egiten ez zaien instalazioen trasteleku ahaztuak bilakatzen dira. Esan beharra dago aire libreko espazio hauen potentziala ez dela aurkikuntza berria, Le Corbusierren arkitektura modernoaren bost arauak ikusi besterik ez da behar; baina azken urteotan horien inguruko interesa piztu da, luxua izatetik azalera horien beharra izatera igaro baikara. Izan ere, bada horiek berrerabiltzeko garaia etorkizuneko -eta ez hain etorkizuneko- erronkei irtenbidea emanez, hala nola etxebizitza eskariari, espazio publiko eskasiari, klima aldaketari edo trantsizio energetikoari.

Nahikoa da testua osatzen duten irudiak ikustea, bat-batean, inguratzen gaituzten eraikinak begetazioz nahiz bizitzaz josita irudikatzeko. Sormen lanketa hori zaila irudituz gero, ordea, hamaika aukera biltzen dituen katalogoa osatu du MVRDV arkitektura bulegoak. Imajinazioaren esku utzi du goialdeko geruzaren bilakaera, auzoak guztiz biziberrituz. Bata ez bada bestea behintzat irudikatu ahal izango dugu etxe pareko eraikinean.

Bildumaren ekimena Rotterdameko hirian, Rotterdam Rooftop Days eta MVRDV bulegoaren kolaboraziotik jaio zen, hango zeruertza egungo errealitatera egokitzeko intentzioarekin. MVRDV

Bildumaren ekimena Rotterdameko hirian, Rotterdam Rooftop Days eta MVRDV bulegoaren kolaboraziotik jaio zen, hango zeruertza egungo errealitatera egokitzeko intentzioarekin. Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketen ostean, Rotterdam XX. mendeko ingeniaritza proiektu bilakatu zen, zerotik hasi ziren eraikitzen. Eraikuntza haietatik, guztira 18,5 kilometro karratu inguru baliatu daitezke Herbehereetako hirian, eta horretarako 130 aukera berritzaile proposatzen ditu katalogoak, besteak beste, bulegoak, kirol instalazioak eta parkeak txertatzen zaizkien sabaiak. Horretarako, lehenik, katalogoak -edo inbentarioak- eraikin mota desberdinak aztertzen ditu, 12 tipologia identifikatuz, eta horiek jabetzaren, hiriko kokapenaren eta testuinguruaren arabera ezberdintzen dira; izan ere, zenbait funtzio jakinetarako zeharo egokiak diren bitartean, beste asko ezin daitezke berrerabili. Xedea aspektu guztien artean oreka bilatzean datza; hau da, familia gutxi bizi diren eraikin batean apartamentuak gehitzea, bizitokiena den eremu batean erabilera berriak txertatzea (aisia, lana, komertzioa), edota balkoirik gabeko eraikin bati kanpo espazio atsegin bat eskaintzea.

Katalogoko aktuazioek nahitaez jasangarritasuna sustatzeko helburua daukate. Estalkiak gutxienez baliabide jasangarri bat izan behar du, isolatzeaz eta berdeguneak gehitzeaz gain, eta horiek ura edo energia biltegiratzea (eguzki panelak zein haize errota txikiak) izan daitezke, besteak beste.

Ossip

Kultura jarduerak eta ekitaldiak ospatzeko ere azpiegitura paregabeak suertatu daitezke estalkiak. Arestian aipatu dudan Rotterdam Rooftop Days jaialdiak urtero ibilaldi bat antolatzen du estalkietan barrena, biztanleek hiriko rooftopen berri izateko eta ulertzeko hauen berrerabilerak nola lagundu dezakeen hiri osasuntsuak, inklusiboak eta erakargarriak eraikitzen.

Teilatu batean ostertzaz gozatzeak eragin positiboa dauka gugan. Teilatutik ikuspuntu desberdina lortzen da; askotan urruntzeak gehiago gerturatzen gaitu. Arnasa libre hartzeko lekua da, hiriko zurrumurru etengabearen gainetik. Katalogoko ekimenak agian ezin dira bere horretan aplikatu gurean, klima dela-eta ohikoagoak baitira geometria inklinatuak. Dena dela, moldaketa txikiak egin eta horrelako aukeren aurrean zabalik egon behar dugu, bizigarriak diren hiriak nahi baditugu.

MVRDV