7K - zazpika astekaria
KIROLA

Eguneroko oreka: ariketak, elikadura eta atsedena


Azken hamarkadatan gure bizitza erritmoa asko azkartu da. Konpromiso eta zereginez beteta bizi gara, lanaldi luzeak ditugu eta gizarte gatazka gehiago gertatzen dira. Kanpoko zereginetan arreta handia ipintzen dugu, norbere ongizate eta osasuna alde batera utziz. Beti esan da eguneroko oreka bat izateko jarduera fisikoa, elikadura eta atsedena zaindu behar direla. Hau da, osasun egoera optimo batera iristeko aipatutako hiru kontu horiek kontrolpean izan behar ditugu.

Jarduera fisikoa, dakigun bezala, ezinbestekoa da gure bizitzetan. Hortaz, gure egunerokotasunean barneraturik egon behar luke, maila ertain edo handi batean. Gure osasunerako onura ugari izateaz gain, eguneroko arazo eta estres egoeretatik libratzen lagunduko digu, osasun mentalerako ezinbestekoa bihurtuz. Horrenbestez, paseo bat emateko edo gimnasiora joateko aukerak ez ditugu galdu behar, mesede handikoak izango baitira errutinatik aldentzeko.

Bestalde, elikadura ez dugu ahaztu behar. Izan ere, gure gorputzak era egoki batean funtzionatzeko osagaia da. Gogoratu zentzuzko elikadura izatea, prozesatutako jakiak baztertuz eta osagai naturalak eta freskoak hautatuz. Horrez gain, hidratazio maila kontrolatu behar dugu, egun luze horietan energiaz bete eta aurrera atera ahal izateko.

Azkenik, beti ahazten den puntua dugu: atsedena. Askotan uste dugu jarduera fisikoa eta elikadura egoki bat mantendu eta erabateko ongizate fisiko zein mentalera iritsiko garela, baina tamalez gauzak ez dira horrela. Behar bezalako atsedena errespetatzea nahitaezkoa da. Egunetik egunera atsedenaldi egokia errespetatu eta gauean lo egiteko orduak behar bezala antolatuz gero, elikadurak eta jarduera fisikoak eman diezazkiguketen onurak biderkatu egingo ditugu.

Hau esanda, argi dago piramideko 3 erpinak garrantzi berekoak direla. Jarduera fisikoa, atsedena eta elikadura maila berean zaindu behar ditugu, eguneroko oreka eta ongizatea lortzeko. Hau esanda, zure errutinan aldaketak edo ohitura berriak barneratu nahi badituzu, poliki hastea gomendatzen dizut. Hau da, aipatutako 3 osagaietan aldaketak sartzen joan zaitezke eta epe ertaineko helburuak finka ditzakezu, pixkanaka erabateko ongizatera hurbildu arte.