Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Animalia egiturak

Animaliak arkitekto bikainak izan daitezke. Armiarmek beren sareekin, hegazti mota batzuen habiek, termitek, erle eta liztorren diseinu hexagonalek eta erlauntz konplexuek erakusten dute gizakiak ez duela horien trebezia gainditu.

1967ko Montrealgo Nazioarteko Erakusketarako Alemaniaren pabiloia, Frei Ottorena.
1967ko Montrealgo Nazioarteko Erakusketarako Alemaniaren pabiloia, Frei Ottorena.

Eraikuntzek ez dute zertan beti eraikinak izan. Are gehiago, ez dute zertan gizakiak eraikitakoak izan. Animaliak ere eraikitzaileak dira jatorriz; hots, arkitektoa lau edo zortzi hankakoa eta hegoduna izan daiteke. Txorien habiak dira bururatu ohi diren lehenak, baina ugaria da natura-ingurunean aurki daitezkeen adibide liluragarrien katalogoa. Askotan ikusezinak suertatu arren, zenbait bizidunen jarduera gai da paisaia berriak sortzeko; ekologikoki orekan dauden egiturak diseinatzeko.

Bakoitzari dagokion eskala aitortzeko, jakin ahal izan dudanez, termitategi handi bati giza eskala emango bagenio 1,50 kilometroko altuera duen dorrea izango litzateke, barnean New York hiriko biztanleria guztiari ostatu emateko adinako edukierakoa, eta armiarma espezie zehatz batzuen sareek ere, kide ugariz moldaturikoek, ehunka metro izan ditzakete, gure dimentsioetara ekarriz gero baliokidea 20 kilometro izanik.

Mundu biologikoaren konplexutasun eta perfekzio horretan sakontzeko aukera ezin hobea da, zalantzarik gabe, Juhani Pallasmaa-ren “Animales arquitectos” liburua; bera arkitektoa izanik, animalien eraikuntzak arkitekturaren ikuspegitik aztertzen ditu irakurketa atsegin batean, eta haien bizitokietan eboluzioaren, tradizioaren eta egokitzapen prozesuen inguruko erantzunak ezkutatzen direla ulertarazten digu. Erabateko oreka bermatzen dute testuinguru ekologikoarekin, ez baitute, besteak beste, hondakinekin kutsadura arazorik sortzen. Badago zer ikasia prozesu horietatik.

Armiarma-sarea bat.

Dena dela, animalien nahiz gizakien arkitekturek antzekotasunak partekatzen dituzte eraikuntzen funtzioei dagokienez, eta horretaz ohartzeko liburuan aipatzen den Michael H. Hansell zoologoak eginiko sailkapenari erreparatu besterik ez dago. Funtzio nabarmenen artean, tenperaturaren eta hezetasunaren kontrola, aireztapena, iragazgaiztea eta uraren nahiz hondakinen kudeaketa aurki daitezke.

Inurritegiek, edo txori mota batzuen habiek -ehuleenak, esaterako- forma konikoa dute euri-ura desbideratzeko. Termita espezie zehatz batzuen termitategiak, berriz, zutabe txiki batzuen gainean eraikitzen dira eta bata besteari gainjarritako estalkiek estaltzen dituzte euri-jasa tropikaletatik babesteko asmoz; eraikuntza xelebreok pagodak gogorarazten dituztela esan ohi da. Buztan beltzeko larre-txakurrak, berriz, bi aire-irteera desberdin egiten dizkio lurpeko gordelekuari: bata kupula gisako muino biribildua goiko aldean, eta bestea kupula horren garaiera bikoitza duen kraterra. Formaren eta altueraren arteko ezberdintasunak airea kanpora bultzatzen duen korrontea sortzen du eta horrela aireztapena bermatzen da animaliaren bizitokian, eraikinetan egiten den era berean.

Animalia arkitektoen metodoek ere paralelismo handiak dituzte gure eraikuntzenekin, eta Hansellek zazpi bereizten ditu: zizelkatzea eta induskatzea, pilatzea, moldekatzea -modelatzea, estrusioa eta irutea-, biribilkatzea zein tolestea, itsastea, ehuntzea eta jostea. Gehienetan antzekotasunak materialetatik datoz; bai animaliek bai gizakiak material berak erabiltzen dituzte eta horien ezaugarriek ezarritako mugek antzeko manipulazioa eskatzen dute; horregatik, nolabaiteko paralelismoa partekatzen duten emaitzak lortzen dira.

1967ko Montrealgo Nazioarteko Erakusketarako Alemaniaren pabiloia, Frei Ottorena.

Espezie desberdinen artefaktuak, halaber, egituren ikuspegitik ere azter daitezke. Konpresio zein tentsio egiturekin egin daiteke topo eraikuntza basatien artean. Kastoreak, adibidez, oso trebeak dira indar fisikoen arloan; pilatutako uraren presioa jasaten duten presak eraikitzeko gaitasuna daukate. Zer esanik ez, erleen eta liztorren diseinu hexagonalez; horien egiturak izugarri indartsuak dira, zerbaitegatik esaten diete ‘matematikari’; 37 x 22,5 zentimetroko dimentsioa daukan abaraska batek, 40 gramo argizariz eraikia, 1,8 kilo ezti gorde ditzake 13 gradu inklinaturiko gelaxka hexagonaletan.

Egitura biologikoen unibertsoak bat baino gehiago txunditu du historian zehar; horietako bat Frei Otto arkitektoa (1925-2015) izan zela esan genezake, 50eko hamarkada amaieran Egitura Arinen Institutuaren -Institut für leichte Flächentragwerke (IL)- sortzailea. Horretan, forma arkitektonikoak sortzeko sistemak frogatu zituen, estatikaren legeetan eta materialen lanean oinarrituta, besteak beste, armiarma-sareen azalera tenkatuak aztertuz. Harentzat naturak izan behar zuen indarra giza ekintzak eragindako kaosa berregiteko, bere legeei eta hautespen logikei jarraituz. 1967ko Montrealgo Nazioarteko Erakusketarako Ottok proiektaturiko Alemaniaren pabiloiak araknidoen ehunak ikusarazten dizkigu.

Amaitzearren, ezin utzi aipatu gabe liburuan partekatzen den hausnarketa: harritzekoa da, eta zalantza ugari sortzen dituena, ustez espezierik aurreratuenen eraikuntzak animalien erresuma osoko eskasenen artean egotea. Hots, tximinioen eraikuntzak edozein eratara eginiko aterpeak direla, eta aldiz, erleen abaraskak buruhauste matematiko konplexuak. Hemendik aurrera, bakoitzak atera ditzala ondorioak.