31 MAR. 2024 ARKITEKTURA Amildegiaren ertzean Adejeko Museo Sakratuak, Tenerifen, amildegi batetik zintzilik dagoela dirudi. Haren ezarpena esku hartze zabalago baten parte da, bere hiri ingurunearen girotzea barne hartzen duena, hala nola ekitaldi desberdinak egin daitezkeen plaza bat. Bere paisaia eta historia errespetatuz, erakarpen poloa. Museo Sakratua eta Adeje plaza, Tenerifeko Kanarietako uhartean. (Irudiak: Simona Rota eta Bozo BenicPlanoak: Menis Arquitectos) Garazi Aranguren Tenerife uhartearen hegoaldean, eguzki eta hondartza motako turismoa modu izugarri intentsiboan ematen den kostaren alboan, bada bestelako errealitate bat. Itsasertzeko lerrotik 4 kilometrora eta 300 metroko garaieran Villa de Adeje herriaren gune historikoa dago. Eskema kolonialeko hirigintza du herriak, hau da, kale-sare ortogonal bat du oinarri, lurraldearen inklinazio naturalekin zerikusirik ez duena. Trama honen punturik estrategikoenean erabilera publiko garrantzitsuenak kokatzen dira, eta gainontzeko bilbea altuera txikiko bizitegi eraikuntzez betetzen da. Kasu honetan herriaren ekialdeko hedapena arrazoi topografikoengatik mugatuta dago. Aipaturiko muga “infernuko amildegia” izeneko espazio naturala da, Teide sumenditik jaitsitako urek zizelkaturiko amildegi sakonez, muino estuez eta formazio geologiko bereziez osatutako gune babestua. Bertan Tenerifeko uharteko ur-ibilgu iraunkor garrantzitsuenetako bat dago, eta, ur-emari iraunkor honi zuzenki lotuta, hegoaldean kostata aurki daitezkeen fauna eta flora autoktonoz betetako oasi ezkutu bat aurkitzen da. Kostaldean hedatu diren urbanizazio turistikoak direla eta, zabalkuntza izugarriaz gain grabitate ekonomiko eta demografikoak erabat desplazatu dira, bertako herri txikien iraunkortasuna kolokan jartzen duena. Egoera ezegonkor honekin batera bizi ahal izateko, 2006an udalak lehiaketa baten bidez herriko plaza berritu eta ekipamendu publiko bat atxikitzeko ideia martxan jarri zuen. Obra honen helburua, txikia gelditzen zitzaien plaza egokitzea ez ezik, bisitariak erakartzeko polo bat izatea zen, herriko jarduera komertzial eta kulturalak berrindartuko zituena. Honetarako, elizako artearen museo bat bertan txertatzea erabaki zen, dagoeneko udalak bereganatua zuen Erdi Arotik XIX. mendera arteko bilduma bat handituz. Menis arkitektura bulegoaren proposamenak modu ezin hobean erantzun zion enkargu honi. Plaza udalerriaren goialdean dago, Santa Ursula eliza iparraldean eta Adejeko udaletxea hegoaldean dituela. Plaza mugatzen zuten bi eraikin zahar eraitsi eta honen azalera jatorriz zena baino 2,5 aldiz handiagoa egitea bilatzen du proposamenak, espazio publikoa amildegiko balkoi naturalera irekiz. Bestalde, eskaturiko programa jasotzeko erdi lurperaturiko eraikin bat sortu dute, bere fatxadetako bat amildegiko hormaren jarraipena bihurtzen zaiona. Eskakizun ezberdinak hiru dimentsiotako puzzle baten moduan elkarlotzen dira. Museo erabilerak, argi oso kontrolatua behar izaten dutenak, lurpean garatzen dira, esperientzia introspektiboak lortzea errazteko argi-efektu dramatikoak erabiliz. Lur-kotaren gainetik altxatzen diren elementu bakarrak museoko kafetegia eta 20m luzeko kanpandorrea dira, baina hauek ondo txertatuta daude elizaren atzean eta ez dituzte plazako ikuspegiak oztopatzen. Eraikin lurperatuaren estalkia plazaren luzapen bihurtzen da, eta bertan eszenatoki finko bat eraiki da, atze-oihal moduan parke naturaleko paisaia duena. Aurrerago paisaiari begiratzen dioten eserleku batzuk daude, pixka bat beheratuak daudenez ezkutuan gelditzen direnak. Bestalde, ikusgai den paisaia plazan fisikoki barneratzeko, loreontzi-eserleku erraldoietan drago zuhaitzak, jasmin basatia, eta bestelako landaredia autoktonoa landatuta aurkitzen da, egun beroenetan itzal ematen dutenak. Amaitzeko, plazaren inguruan eskailera, arrapala eta plataforma sortak eraiki dituzte, interbentzioaren eremua inguruko eraikinen irisgarritasuna hobetzera ere luzatzen dela. Eraikuntza guztia hormigoi armatuzko plano handi inklinatuez osatzen da, Menis-en eskuetan material honek hartzen duen adierazkortasuna azalduz. Bitxikeria moduan, barnealdean ikusten den hormigoiaren gainazal zimurtsua ez da estetikoa soilik; azalera zimurtsu honek (eta nahasia duen picón canario harri bolkaniko porotsuak) ezaugarri akustiko bikainak eskaintzen ditu. Zoritxarrez, krisi ekonomikoa zela eta, museoko obrak amaitu gabe gelditu ziren, eta oraindik ezin dira bere espazioak barrutik bisitatu. Baina kanpoko espazio publiko osoa eraikita dago, eta bien bitartean herritarrek plaza eder bat irabazi dute, azokak, merkatuak, kontzertuak eta zeremoniak ospatzeko dagoeneko erabili daitekeena.