31 MAR. 2024 ARGAZKI ERREPORTAJEA Palestinarren ahotsa, Belfasteko muraletan (Iñaki Irigoien) Iñaki Irigoien Divis Street kaleko pareta luzeak urteak daramatza muralez beteta, baina, kasu honetan, espazio gehienak Palestinarekin elkartasuna adierazten duten margolanez bete dira. Danny Devenny, Marty Lyons eta Mickey Dock dira artista sortzaile nagusiak. Haiekin batera hamarnaka boluntario aritu dira lanean. Hiritarrek egindako ekarpenarekin finantzatu dituzte muralok, eta soberakinak sendagaiak erosteko erabiliko dira, zuzenean Palestinara bidaltzeko. Zeruaren eta lurraren artean eraiki den infernua da Gaza, eta Belfasten ikus daitezkeen muraletan palestinarren eguneroko latza zein den nabarmen erakusten da. Jende andana igarotzen da egunero Belfasteko mural horien aurretik. Helburuetako bat da, hain zuzen, palestinarren aurkako sarraskia munduaren aurrera eramatea, bertako artistek igorritako irudi eta materialak horma luze horretan margotuz. Marty Lyons artista, Belfasten sortutako muralen aurrean. Danny Devenny eta Marty Lyons margolariak, proiektu honen inguruko azalpenak ematen. Rana Hammoudeh palestinarraren bisita jaso zuten Belfasten iazko abuztuan, Gazako sarraskia abiatu aurretik. Hasiera bateko helburua orain Belfasten dauden mural horiek Ramallah-n egitea zen, baina Israelen sarraskiaren ondotik ezinezkoa da hara bidaiatzea. Hartara, Nazioarteko Horma bezala ezagutzen den horretan, Palestinako artistek bidalitako irudi eta material artistikoak mural bihurtzeko lanetan jarri ziren Mary Lyons, Danny Devenny eta Mickey Dock. Modu horretan, palestinarrengandik ezagutu ahal izango zuen munduak zer gertatzen ari den han. Palestinarren deiadarra muraletan islaturik agertzen da. Mezu zehatza bidaltzen dute irudiok, munduari zabaltzen zaion mezua. «Munduko artista askok bihotza galduta dutela lan egiten dute. Palestinarren kasuan argi ikusten da ez dutela euren bihotza galdu, are gehiago, bihotzetik ari direla lanean. Artelan ederrok erakusten digute beraien bizitza nolakoa den», azaldu du Danny Devennyk. Proiektu honetan parte hartu duten artista palestinar guztiek ez dute egitasmo hau gauzatuta ikusteko aukerarik izango. Heba Zagouten kasua da horietako bat. Bera eta bere bi alabak hil egin ziren orain aste gutxi Israelgo Armadaren oldarraldi batean. Artikulu hau idatzia izan zen unean, gutxienez lau artista palestinar hilik zeuden.