07 ABR. 2024 LITERATURA Askatasun gogoaren arrastoaz Jon Jimenez Erakuts diezaiogun gaur bertan munduari berezko arima duen herri berezi bat, zeina taxutu eta gobernatu nahi duten ulertzen eta maitatzen ez duten beste herri batzuek. Horregatik jaikitzen gara. Eta era guztietako eskubideen babesik izango ez bagenu ere, eskubide berria aipa genezake: gure borondatea. Euskaldunok aske izan nahi dugu, gure etxea gobernatu. Gu geu izan nahi dugu». Zaila da aurkitzen Elias Gallastegi “Gudari’-k utzitako arrasto intelektual eta ideologikoa hain ederki eta argiki biltzen duen testurik. Sabino Aranaren heriotzarekin sortu eta Carrero Blancoren hegaldi tiranizidarekin joan zena aro eta, batez ere, jarrera baten hezurmamitzerik adierazgarriena izan zen. Arana anaien karlismoaz haraindiko nazionalismoarekin liluraturik, XX. mende hasierako eztabaida eta ekintza politiko erranguratsuenen erdi-erdian izan zen, EAJren baitan eta inguruan jada berezi-berezirik agertzen ziren bi jarreren artean -autonomismoa, “sotistak” zeritzenak, eta independentismoa, “aranistak”- erradikalenaren alde bera. Hala, Euzko Gaztedi taldearen bultzatzaile izan zen Gudari eta, zuen ofizioagatik eta berezko jaiduragatik, eta ildo ofizialaren aurka, abertzaletasunean txertatu zituen ere kezka sozialak -sozialistekin liskarrak, armatuak barne, izan bazituen ere- eta orduantxe independentziaren alde borrokan zen Irlandako askatasun ufadak, edota Rifekoak, ekarri nahi izan zituen Euskal Herrira. Horrek guziak espetxea eta deserria ekarri zizkiolarik. Bizitza guzia komunikazioari eman dion Nerea Azurmendik (Legazpi, 1961) bildu ditu liburu batean Eli Gallastegiren ekintza eta pentsaerak aurrenekoz euskaraz. Biografia, historia eta kronikaren artean arraunean, eta “Jagi-Jagi”, “Aberri” eta “Euzkadi” garaiko bertze zenbait agerkarietan eta posta-trukean oinarriturik, 36ko gerraren aurreko giro nahasi eta ez hagitz ezagunean baina guziz erabakigarrian sartzen gaitu “Gudari. Eli Gallastegiren lorratza” saiakera laburrak. Telesforo Monzonek sortutako Olaso Dorrea fundazioarekin batera, Txalaparta argitaletxeak abiatu duen bilduma berri baten hirugarrena da hauxe. Aurreko bi aleak Iñaki Egaña historialariak ETAko kide izandako Eustakio Mendizabal “Txikia”-ri eta Ogro Operazioari eskaini zizkion; «gertu baina aldi berean urruti dagoen garai baten transmisioa egitea dute helburu, batez ere azken hamarkadetan harrapatu gaituen gatazkaren hainbat alderdi partzial nahiz orokor ezagutu ez zituzten belaunaldiei». Gai eta pertsonaia handiak, formatu arinean, askatasun gogoaren arrastoa gal ez dadin, memoria osoa aldarrikatzeko. Gai eta pertsonaia handiak, formatu arinean, askatasun gogoaren arrastoa gal ez dadin, memoria osoa aldarrikatzeko.