14 ABR. 2024 IRITZIA Etxebizitza Amaia Uribe Alokatzeko etxe bila dabil 29 urteko gaztea. Egunero sartzen da higiezinen agentzien webguneetan, baina ezin du aurkitu ordaindu dezakeen ezer. 800 eurotik gora eskatzen dizkiote eta praktiketako kontratuarekin ezin du halakorik ordaindu. Ezinbestean gurasoen etxean jarraitzen du, independizatu nahi baina ezinean. Banandu berri den gizona ere larri dabil. Emazte ohiarekin erosi zuen hipoteka ordaintzen jarraitzen du eta gelditzen zaion diruarekin ezin du beste etxe bat alokatu. 43 urterekin, gurasoenera itzuli behar izan du. Independizatu ostean, berriro gurasoen menpe. Eskubidea behar luke etxe duin bat izateak, baina luxu ez ezik negozio ere bihurtu da. Atera kontuak. Bizkaian, 193 pertsona edo erakundek 5 etxebizitza edo gehiago dituzte. Beste era batera esanda, 193 pertsona edo erakunderen artean 2.126 etxe dituzte. Ez da bidezkoa eta ez da onargarria. Egunetik egunera prezioak gorantz doaz. 4.570.000 euro kostatzen da, une honetan, Donostian salgai dagoen txaletik garestiena. Igeldon kokatuta dagoen etxezarrak 850 metro karratu ditu, 5 logela, igerilekua eta itsasoaren ikuspegi ederra. Errusiako oligarka aberatsen batek erosiko du, ze herritar arruntok 50 urtean ere ezin dugu hainbeste diru aurreztu. Txanponaren beste aldean, 85.000 euro kostatzen da Donostian salgai dagoen estudiorik merkeena. “Ez da hain garestia” esan orduko, jarraitu irakurtzen. 30 metro karratu ditu, ez du leihorik, beheko solairuan kokatuta dagoelako, eta ez du bizigarritasun baimenik. Zulo honi “etxe” deitzea gehiegizkoa da, eta 85.000 euro ordaintzea pentsaezina. Etxebizitza da gaur egun euskal gizartearen kezka iturri handienetako bat eta, hauteskundeen atarian, etxebizitzarekin lotuta daude lehendakarigaien promesetako batzuk. Irabazten duenak irabazita ere, espero dut promesetatik neurri zorrotzetara igarotzea. Izan ere, zutabe onak izan dituen gizarte honi teilatua erortzen ari zaio, besteak beste, etxebizitzaren arazoa dela-eta. Etxebizitza da gaur egun euskal gizartearen kezka-iturri handienetako bat eta, hauteskundeen atarian, etxebizitzarekin lotuta daude lehendakarigaien promesetako batzuk. Irabazten duenak irabazita ere, espero dut promesetatik neurri zorrotzetara igarotzea.