Sustrai Colina
Entrevista
ISAAC ROSA
IDAZLEA

«Ez dut prekaritateari buruz idatzi nahi, prekaritatea idatzi nahi dut»

Liburua argitaratu berritan elkarrizketatzen da idazlea, diskoa kaleratu orduko kantaria, erakusketa musten duenean artista, garaipenaren biharamunean kirolaria... Eta, pixkanaka, aktualitateak bere burua inposatzen du, aktualitatearekin gurutzatzen ez dena ez dela existitzen sinesteraino.

(Raul Bogajo FOKU)

Egun osoa trenean pasatu du idazleak. Mahai-inguruan parte hartu, elkarrizketa eman, afaldu eta biharamuneko lehen orduan hartuko du berriz etxerako trena. Begi bistakoa da idazketatik bizitzerik ez duten idazleek oporretan ala lanak uzten dien tarteetan idazten dutela. Zailagoa da irudikatzen idazketatik bizi diren askok ere hala egin behar izaten dutela. Baina ez dio kazetariak, idazle profesionalak baizik.

Isaac Rosak (Sevilla, 1974) 2022an argitaratu zuen “Lugar seguro” (Seix Barral), bere azken lana. Lehenagokoak ditu, beste askoren artean, “Tiza Roja” ipuin-bilduma, “Feliz final” eleberria edo “Historia de un desahucio” komikia. Sari garrantzitsu anitzen irabazle, El Diario.es-eko, Ser irratiko edo “La Marea” hilabetekariko kolaboratzailea da. Luma bezain zorrotz eta jostaria du mihia.

«Lugar seguro» da zure azken eleberriaren izenburua. Ba al da halakorik egun? Leku seguruak premiazkoak ditugun aroan bizi garela dirudi. Ziurgabetasunari loturiko ezinegonak bizi gaitu; ez dakigu gure antsietatea nola bezatu, nola egin aurre heldulekurik gabeko etorkizunari, beldurrari eta, ezinbestean, leku seguru bila hasten gara, norberaren leku seguru pribatu bila. Ez gaitezen engaina, bakoitzak ordaindu dezakeen leku segurua dauka. Indarrean dagoen sistemaren baitan, segurtasunaz ala segurtasun ezaz mintzatzea erosahalmenaz aritzea da. Hala, bakoitzak bere segurtasuna eraikitzen amaitzen du, bai materialki, baina baita ekonomikoki, sozialki, kulturalki, emozionalki zein pertsonalki ere. Bakoitza bere bunkerrean, bere lubakian bizi gara baina, gutxien uste dugunean, babeslekua ziega bihurtzen zaigu. Normalean, geratzen zaigun leku segurua eskura daukaguna da: odolezko zein aukeratutako familia, gertuko lagunartea… Zoritxarrez, babesleku ezdeusak dira bizi dugun aroari ziurtasunez aurre egiteko.

Zer egin, orduan? Bestelako segurtasun moduak eraiki behar genituzke, ez beldurraren zein segurtasunaren industriak goizetik arratsera saltzen dizkigunak, ez norberak indibidualki topatu ditzakeenak. Espazio seguruak komunitate bezala pentsatu behar ditugu. Beldurra eta bakardade-sentipena ezabatzeko modua itxialdi indibidualetatik ateratzea da. Besteekin galtzen da beldurra, ez bakarrik. Komiki baterako, etxegabetzeen aurkako elkarteekin egin nuen lan eta bakardadea zein segurtasuna pentsatzeko modua irauli zidaten. Orduan ikasi nuen besteekin elkartzea zela beldurra eranzteko modua. Pairatu daitekeen beldur okerrenarekin iristen zen jendea asanblada horietara, norbere etxea galtzeko izuarekin. Egungo gizartean, etxea galtzeak dena galtzea esan nahi du, erabateko porrota da, ezer gabe geratu eta zor bati aurre egin behar izatea, zure familia eta haurrak babesteko ahaleginari huts egitea... Terroreak zeharkatutako arimak ikusten nituen lehen aldiz bilera haietara hurbiltzen. Zer gertatzen zen, ordea? Asanbladan zeuden gainontzekoek lasaitasuna transmititzen zuten, beldurra erauzten zieten; “ez izan beldurrik, ez zaituztete etxetik botako”, “bankuarekin negoziatzen lagunduko dizuegu”, “zuek etxegabetzera badatoz, gure gorputzekin egingo dute topo” edo “ez zaude bakarrik, ez da zure porrot pertsonala, gizarte osoaren frakasoa da” bezalako mezuak azpimarratzen ziren sosegu handiz.

Taldea eta sosegua, bakardade eta beldurrari aurre egiteko. Pixkanaka, zaurgarritasunari leku eginez, ahalduntzen joaten zen jendea. Hor jabetu nintzen segurtasun komunitario eta kolektiboaren benetako dimentsioaz. Hori da segurtasun posible bakarra. Gainontzeko segurtasun forma guztiak pribatuak dira, bakoitzaren ahal ekonomikoaren araberakoak, elkarren aurka eginez eraikitzen direnak, bestea mehatxutzat hartzera bultzatzen zaituztenak. Horregatik diot etxegabetzeen aurkako elkarteen esperientzia eraman daitekeela beste arlo batzuetara. Arlo laboralean, adibidez: nola galtzen du langile batek noiznahi kaleratua izateko beldurra? Nola egiten dio ihes une oro materialki pobretzeko eta eskubideak galtzeko antsietateari? Zer egin sistemaren aurrean bakarrik ez sentitzeko? Ez da kasualitatea sindikatuak aspalditik asmatuta egotea. Oinarri-oinarrian dagoena izpiritu berbera da. Horregatik, ez nuke esango soluzioak errazak direnik, baina ezta beste munduko ezer asmatu behar denik ere. Segurtasuna besteekin eraikitzea da gakoa, ez besteen aurka.

Objektiboki begiratuta, dena den, aski leku ziurrean bizi gara eta, hala ere, inoiz baino ziurgabetasun handiagoz gabiltza, sekula baino antsietate gehiagorekin. Zergatik? Paradoxa batean korapilaturik gaudelako. Historiaren talaiara igoz gero, orain arte baino baliabide, gaitasun zein teknologia gehiago daukagu iraganean gizateriarentzat arriskuak zirenetatik babesteko. Heriotzatik, gaixotasunetatik edo zorigaizto materialetatik ez gara sekula orain baino babestuago egon. Alabaina, errealitatearen pertzepzioak aldartearekin zerikusia dauka eta, aspaldion, aurreko belaunaldiak baino askoz zaurgarriago eta inseguruago sentitzen gara. Ez naiz ni iragana idealizatzen hasiko, baina noiznahi dena zartatu litekeen beldurrez bizi gara, oso ongi zer den ez dakigun zerbaiten mehatxupean; gure bizitzaren gaineko kontrola galdu dugulakoan ala une batetik bestera gal dezakegulakoan gaude. Nork ez du pentsatzen zernahi gerta dakiokeela hurrengo egun, aste edo hilabeteetan? Denok dugu alanbre gainean funanbulista gabiltzan sentipena. Arazoa, ordea, ez da alanbretik erortzeko beldurra, eroriz gero berriz zutitzeko aukerarik ez dagoela sinesten dugula baizik.

Horri ere aurre egin beharko zaio, ezta? Errealitate objektiboarekin sentipen subjektiboari aurre egiten ahalegintzen ari den korronte bat dago. Ez da kasualitatea. Berriz diot, aurreko belaunaldiak baino hobeto gaude, medikuntza hobea daukagu, teknologia gehiago, baliabide gehiago, lehen ez zeuden aukera asko. Hori ezin dugu ahaztu. Iragana ederretsi gabe, goazen errepasatzera azken hamarkadetan galdu duguna: bizitza komunitarioa, bizimodua ardazten zuten lotura andana... Eta zerekin ordezkatu ditugu galerak? Itxialdi indibidual eta pribatuarekin. Dagoeneko ez dugu bestea lagun gaitzakeen norbait bezala ikusten, gero eta baliabide mugatuagoak lortzeko gurekin lehian dagoen norbait bezala baizik. Hortik dator gure beldurra, hortik gure bakardade sentipena. Ekaitzaren erdian aterperik gabe utzi gaituzte, baina aterpea ez da sekula izango norberak eraiki dezakeena, gizarte bezala osa dezakeguna baizik.

Egunerokoan zeri egin behar diogu aurre, errealitate objektiboari ala errealitate hori irudikatu nahian elkarrekin etengabeko lehian ari diren kontakizunei? Lehenik eta behin, aktualitatea deritzon errealitatearen zati ñimiño eta hautatuari. Hedabideek gizarteak koordenadatzat erabili eta kontsumitzeko errelato bat plazaratzen dute, baina ez da errealitatearen irudikapena, errealitatearen zati oso txiki batena baizik. Gauza jakinetan jartzen da fokua eta, ondorioz, gauza jakinak uzten dira itzalean. Joko-zelai horretara iristen da fikzioa. Zinemak, arteak edo literaturak errealitatea irudikatzeko bestelako errelatoak eskain ditzakete. Horregatik, errealitatea ulertzeko eta, beraz, errealitateari aurre egiteko gure modua beti dago baldintzatuta.

Etorkizunaren ikuspegi distopiko batek baldintzatuta, esaterako? Nabarmen. Horri ere egin nahi nioke aurre. Gure orainaldi hau iraganarekiko zein geroarekiko begiradek oso baldintzatuta daukate. Ikuspegi nostalgikoa dago, batetik, oso ongi zer den ez dakigun zerbait faltan izatea eta, ondorioz, iragana idealizatu eta egungo arazoen irtenbideak lehenean daudela sinestea. Ziur gaude behialako bizimodura itzuli nahi dugula? Ziur gaude lehengo belaunaldiak gu baino hobeto bizi zirela? Nik ez dut hala denik uste, baina hori objektiboki egia balitz ere, ez dezagun ahaztu zertan oinarritzen zen lehengo bizimodu hori. Ezkerraren zati batek iragana ederretsi eta gure guraso zein aitona-amonek soldata bakarrarekin familia mantendu, etxea erosi, oporretara joan eta guk baino bizimodu orekatuago eta egonkorragoa zeukatela kontatzen didanean ileari tiraka hasten naiz. Norbaitek esan beharko du bizimodu hori gizon-emakumeen arteko erabateko menderakuntzan eta guztiz agortuta dagoen baliabide fosilen gainean eraikitako sistema ekonomiko batean oinarritzen zela, ezta? Horra ezin gara itzuli ez materialki ez etikoki.

Eta, aldi berean, goazen lekuari…

Beldurrez begiratzen diogu. ‘Futurofobia’ izugarriarekin bizi gara. Etorkizuna termino distopikoetan bakarrik pentsa dezakegula dirudi, gertatuko denak jada gertatu denak baino okerragoa izan behar duela derrigorrez. Nola ez dugu izango orainaldi arraro bat, iraganera itzuli nahi badugu baina ezin bagara bueltatu, eta, ezinbestean, etorkizunerantz baldin bagoaz baina ez badugu joan nahi? Zer gertatzen da iraganeko eta etorkizuneko elementuek tentsionatutako orainaldia ezin badugu erabat bizi eta iraultzen saiatu? Azkenean, orainaldi horrekin etsitzen amaitzen dugu, konformatu ezin denarekin konformatzen. Etorkizuna derrigorrez okerragoa izango delako fatalismoa instalatu dizutenean, bestelako orainaldi posibleei uko egiten diezu, zure aldartea ere distopikoa bihurtzen da. Nola ez duzu pentsatuko etorkizuna okerragoa izango dela, ekaitzaren erdian bakarrik utzi bazaituzte? Nola sinetsiko duzu geroa zure esku egon daitekeela?

Nola? Ikuspegi edo perspektiba historikoa beti dator ongi. XX. mendeari erreparatuta, ez da mende bereziki lasaia izan: bi mundu gerra izan dira, Espainian diktadura luze bat ezagutu dugu… Ziur gaude orain bizi duguna dela gizateriak orain arte ezagutu ez duenari aurre egin behar dion salbuespenezko aro extraordinarioa? Ez nuke esango. Ni gure buruarengan eta gure aukeretan konfiantza berreskuratzearen alde nago, jendarte bezala kohesionatzearen alde. Badakit coaching edo auto-laguntza liburu bateko esaldia ematen duela, baina sinesten dut etorkizuna ez dagoela idatzita. Etorkizuna ez da kondena bat; geroa ez da existitzen berez, guk eraiki beharreko zerbait da. Alternatibarik ez dagoela pentsaraztea da sistemaren garaipena.

Sortzailearen ardura sartzen da hor? Jakina. Askotan zure intentzioarekin bat ez datorren arren, egiten duzunak ondorioak dauzkala asumitu behar duzu lehenik. Kultur sortzaile askok hori ahaztu egiten dutela uste dut. Egiten dugunak besteengan ondorioak ditu. Hori barneratzen baduzu, ondorio horiek mugatuak direla jakinik ere, bestela ikusten dituzu gauzak; zure lanarekin aldarte orokorra hauspotuko duzun ala iraultzen saiatuko zaren gogoetatu beharra daukazu. Norberak egiten duenaren ondorioen jabe izatea da zeren alde eta zeren kontra egin erabakitzeko lehen urratsa.

Ezkerreko sortzaile asko baina ezkerreko obra gutxi zeudela irakurri izan dizut. Uste zabaldua da kultur mundua ezkertiarra dela eta eskuinak ez daukala bertan zereginik. Hori amaitu da: eskuinak oso serio hartu du gerra kulturala eta oso ongi ari da bere kartak jokatzen. Baina nola ahaztu egunkarietan, beraien ideologia edozein izanik ere, kultura saila beti ildo editoriala baino ezkerrerago eta ekonomiakoa beti eskuinerago zegoen garaia? Zergatik gertatzen zen hori? Ildo editorialak politikaren aldeko apustua egiten zuelako eta kulturaz paso egiten zuelako. Gaur egun, ordea, ez da halakorik. Eskuinak gerra kulturala libratu nahi duela erabaki du.

Baina, obren formara ekarrita, esaldiak ez al du berdin balio? Bai, hori ere badago aipuaren atzean. Askotan, ezkerreko posizionamendu politikoa daukagu, manifestu errebeldeak sinatzen ditugu, komunikatu aurrerakoiak irakurtzen, mahai-inguru progreetatik deitzen digute, baina horrek ez du jarraipenik gure obran. Ziurrenik, gure obrak ez dira guk uste bezain ezkertiarrak. Niretzat korrontearen aurka egin nahi duen literaturak, beste bide bat eskaini nahi duenak, ez du bakarrik gauzen ordena soziala iraultzea bilatu behar, bere lanaren ordena formala ere irauli behar du. Gehiegitan ikusten ditut autore ezkertiarrak, tematikaz lan ezkertiarrak izan daitezkeenak biziki forma kontserbadoreetan ematen. Arraroa da, mamiz oso aurrerakoiak dira, fokua modu oso kritikoan mugitzen dute, baina formalki atzerakoiak dira eta, ondorioz, inofentsiboak bilakatzen dira irakurlearentzat. Niri zer kontatu bezain garrantzitsua iruditzen zait nola kontatu. Asko hausnartzen dut kontatu nahi dudan errelatoak formalki nola egingo dion aurre korronte nagusiari.

Epilogo batekin hasten den eleberri bat daukazu, orotariko formak dauzkaten ipuinak… Besteek kontatu dutena besteek bezala ez kontatzeko agintzen didan sena daukat. Literaturak, kazetaritzarekin alderatuta, zer eskain dezake? Begirada konplexuagoa, sakonagoa, baina, batez ere, bereziagoa. Halaber, literatura ikus-entzunezko kontakizunetatik ere bereizi behar dela uste dut. Horregatik iruditzen zait ezinbestekoa formarekin jolastea, beste aldean espektatibak dauzkan irakurlea kontuan hartzea. Askotan, nire eleberriak gai nagusi bakarrera mugatzen badira ere, idazketari buruzko ikerketak dira. Lan munduari buruz idazteaz gain, nola idatz dezaket lan mundua? Nola egin lan mundua, gaia baino gehiago, idazketa modua bihurtzeko. Ez dut prekaritateari buruz idatzi nahi, prekaritatea idatzi nahi dut. Horretarako idazketa ere prekarioa izatea lortu behar dut eta, beraz, irakurketa prekarioa izatea behartu. Gauza bera, biolentziarekin. Ze erabaki formal hartu behar dira irakurketa ere biolentoa suerta dadin? Orotariko euskarrietako kontakizunez inguratuta gauden garaiotan; hor topa dezake literaturak bere tokia.

Galdera deserosoek ere topatzen dute tokia zure lanetan. «Lugar seguro» eleberrian, esaterako, dena monetizatzen den sasoian, pertsonok balio dugunaz gogoeta egiten duzu. Balioaz mintzo garenean, nahigabe balio ekonomikoaz mintzo gara beti. Aski esanguratsua da hori. Egiten dugun guztia monetizatzeko antsia izugarri baten isla da; produktiboak izateko, denborarik ez galtzeko eta dena aprobetxagarria bihurtzeko joera baten erakusgarria. Ordu guztietan, minutu orotan, segundo bakoitzean, gure harreman sozialek, egiten dugun guztiak, gure seme-alabek egiten dutenak… Denak zerbaitetarako balio behar du. Gure seme-alaben eskolaz kanpoko jarduerei begiratu besterik ez dago. Balioa eraikitzeko eta kapitala metatzeko obsesio neurrigabea daukagu. Horrek frustrazio eta insatisfazio handia dakar. Erortzen garen bakoitzean debaluatuta sentitzen gara, bat-batean gure balio guztia galdu eta gure autoestimua gure balio ekonomiko zein sozialaren araberakoa dela dirudi.

«Feliz final» eleberrian, aldiz, maitasuna kapitalismoaren aurkako azken lubakia ala kapitalismoaren forma intimo eta sakonena den galdetzen duzu. Maitasuna, literaturarekin ala intimitatearekin zerikusia duen ia guztia bezala, erresistentzia gune bat ala kapitalismoari gure erraietarainoko sarbidea zabaltzen dion Troiako zaldi bat izan daiteke. Kasu honetan, kapitalismoaz ari naizenean, ez naiz sistema ekonomikoaz ari, balore-sistema oso batez baizik. Harreman afektibo zein sexualak sistema ekonomiko eta kultural batek konkistatu ditu, ordena sozial baten menpe daude baina, beharbada, maitasuna izan daiteke erresistentziarako lubaki bat. Horretarako, ordea, maitasunari buelta eman behar genioke, bestela harremandu, galdu ala irabazi parametroetan sentitzeari utzi, harremanak etekinaren logikatik salbuetsi. Fikzioan topatzen ditugun eta baldintzatzen gaituzten harremanek ez dute askorik laguntzen, ordea. Izan ere, nolakoak dira gure bizitzan sartu-irtenean dabiltzan maitasun-fikzioak? Zer iruditeria instalatzen dute gugan? Zer maitatzeko modu errotzen digute? Hortik atera behar gara.

Kasualitatea da maitasunaz ari diren fikzio gehienetako protagonistek arazo ekonomikorik ez izatea? Orokorrean, literaturan eta, are nabarmenago, ikus-entzunezkoetan, beti dago elementu aspirazional bat. Normalean, kontsumitzen ditugun fikzioetako protagonistak gu baino hobeto bizi dira, guk baino erosahalmen handiagoa daukate. Estatu Batuetako unibertsitate baten ikerketa baten arabera, telebistako fikzio ikusienetako pertsonaia protagonisten erosahalmena ikusleon batez bestekoarena baino sei edo zazpi aldiz handiagoa da. Ez dago konponente aspirazional hori gutxiesterik. Fikzio horien zeregina ez da istorio bat kontatzea bakarrik, zuretzat nahi zenukeen bizimodua erakusten dizute, zu ere horra irits zaitezkeela sinetsarazten eta, jakina, horrela sustraitzen da kapitalismoaren balore sistema. Hori hala, zer gertatzen da? Badirudi bikote arazoak, problema sentimentalak, gatazka familiarrak eta lagun arteko gorabeherak daudela, baina ezer ez dagoela eguneroko tentsio sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak zeharkatuta. Hortik dator paradoxa: guk gure burua ikusi nahi dugu istorio horietan islatuta, baina istorio horiek ez daukate gure bizitzarekin zerikusirik. Zergatik? Ezin dugulako jende horren bizimodurik izan baina, batez ere, gu ez garelako hutsean harremantzen, arazo ekonomikoak dauzkagu, tentsio sozialek eragiten digute… Problemek baldintzatzen dituzte gure harremanak. Nork dauka arazo bakar bat? Noren arazo bakarra da bere bikotekide edo dena delakoarekin igarotzen ari den turbulentzia? Inorena ez. Horregatik askotan pentsatzen dut ea halako istorio bat bestelako protagonista baten begietatik kontatuta istorio bera zatekeen. Oso aldi bakanetan kontatzen digute supermerkatuko langile eta txatarrero baten arteko maitasun harremana. Kontatzen dizkiguten maitasun istorio arranditsuetan, istorioa bera baino garrantzitsuagoa da sekulako etxeetan bizi, noiznahi taxia hartu eta egunero jatetxean afaldu daitekeela erakustea.

Euren lanak zineman ikustea izan daiteke idazle batzuen aspirazioa. Zure zenbait eleberri pantaila handira heldu dira jada eta Helena Taberna «Feliz final» nobelaren zinemarako adaptazioa amaitzen ari da. Nola bizi duzu literaturatik zinemarako jauzi hori? Idazten dudan literatura ez dela zinematografikoa pentsatzen dut beti. Ez naiz balizko pelikuletarako nobelak idazten dituen sortzailea. Oso ziur diot nire lanak antizinematografikoak direla baina zinegile erronkazaleekin topo egin dudala. Benetan uste dut desafio bat dela nire lanak pantaila handira eramatea. Nola kontatu errelato bera beste lengoaia batean, hori da adaptazio baten funtsezko galdera. Kode oso ezberdinekin, hartzaileengan efektu, sentipen eta gogoeta berberak piztea da gakoa. “Feliz final”-en kasuan, orain arte ikusi dudanagatik, Helena Tabernak bete-betean asmatu duela esango nuke.