Tantaka
Tanta bakan batzuekin ez du asko bustitzen euriak; nabaritu ere ez da egiten haien eragina, berehala lurrundu eta lehenean geratzen baita lurra, areago behar handiena denean. Zaparrada batek ere ez du errekastorik hazten mendian behera, bidezidorrean laprast eragiteko adina asko jota, edo belardian oinak bustitzeko. Gau osoko zirimiri ederra, udaberrian susak ateratzeko; asko gehiago ez, ordea, lurra lehor eta iturriak agortzeko zorian badaude.
Urak, hala ere, indar handia du tantaka soilean, uholde handia izan beharrik gabe; lurrean ez ezik harrian ere zuloa egiteko adinako indarra du tantaz tanta, urtez urte, mendez mende, denborak ematen dion astiarekin etengabe jarraituz. Zigor eta tortura moduan ere erabilia izan da, nonbait, burura tantaka erortzen den ura, eta, harria zulatzen duen tan, tan, tantakako jardunak zulatu egingo zuen azkenerako atxilotuaren burezurra ez bazen iraupena. Azkenean horixe izango da, dirudienez, edozein ariketaren giltzarria, denborari bere astia eman eta etsi gabe jarraitzea, jarduna ez etetea.
Hitzak ere horrelaxe etortzen dira boladaka, hitza hitzaren jarraian, etenik gabe, jatorrizko forma eta esanahia desitxuratzeraino errepikatuta askotan. Irudi lezake batzuetan hiztegiaren murritzak eramaten duela hizlaria hitzak errepikatzera, edo etorriaren agortean hitzen eta esaldien arteko hutsaldiak betelanez osatzera, arretaz begira eta zain daukan entzulea ase nahi eta ezin asmatuz dabilenean.
Beste batzuetan hitzak eta esaldiak nahita errepikatzen ditu hizlariak, hitz eta esaldi zehatz batzuk entzulearen belarrian eta burmuinean itsatsita utzi nahi dituelako. Irratian edo telebistan ematen dituzten iragarkiak izan daitezke horren adibide; hainbat aldiz entzun ditzakezu egunean zehar, elkarrizketa, eztabaida edo pelikula bat hasi eta bukatzen den bitartean. Bataren ondoren bestea botatzen dituzte iragarkiak eta, tantaz tanta, atxilotuaren buru gainera erortzen diren ur tantek legez, ikus-entzule leialenaren egonarria zula dezakete.
Osakidetza, enplegua, zaintza… Hasi berri den legegintzaldirako kanpainan hautagai gehienek errepikatuko zituzten gaiok, mezua denok argi izateko intentzio zintzoenarekin seguru asko. Baina hiru legealditan lehendakaria izan denak, egin dituztenak eginda, orain esatea Osakidetza indartuko dutela… Tira, pitxerrari gainez eragiten dion tanta baino, pitxerra zartatzen duen harrikada dirudi.